EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Pergola

2006ko otsaila "Tradizioaren kontra joatea pixka bat ilegala izan daiteke batzuetan" | Izaskun Jauregi

Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963) idazlearentzat idaztea bezain garrantzitsua da literaturaz gozatzea eta hausnartzea. Hain zuzen horregatik literatur lantegiak koordinatzen ditu han eta hemen. Hari horretatik tiraka argitaratu du Gatzaren atzetik. Mari-Xor lana, non ipuin tradizionaletan emakumeen rola eta tradizioak ezarritako hainbat arau astintzen dituen.

Tradizioaren izenean dirudi oraindik ere gauza asko ezin direla aldatu! Txanogorritxok, Mari-xorrek, Mari Errauskinek eta abar gehiegi ez al dute pisatzen guregan?

Tradizioa gauza handi eta aberatsa da. Besteak nola bizi izan diren jakitea beti ondo dago, norberak ere modu horiek probatzeko edo ukatzeko. Baina euskal kulturan, askotan gure euskaltasuna eraikitzeko orduan tradizioan oinarritzen garelako, tradizio altxortzat hartu izan dugu. Eta altxor izate horrek ukaezin ere bihurtu du pixka bat, hau da, egia absolutu, eta hor dagoena ezin da ukitu ere egin, berez tradizioa denez eredugarria delako. Ni horrekin ez nago ados. Literatur zale naizen aldetik, izugarri estimatzen ditut ipuin herrikoiak eta txanogorritxoak eta mari errauskinak eta beste hainbat eta hainbat ipuin, esaera, kantu eta poema. Azken batean egungo literatura kontenporaneoa ahozko tradiziotik datorrelako. Nire sustraiak ezin ditut ukatu bestela nire amaren eta aitaren kontra joango nintzatekeelako. Baina ni ez naiz bizi haien moduan, ni gaur egungo munduan bizi naiz. Ipuin herrikoiak gustatzen zaizkit oinarrizko pasioetara jotzen dutelako: beti bizitza, heriotza eta harremanak egoten direlako horietan. Baina pasio horiekin gero egiten den marrazkia, ipuin hori, erabiltzen diren harremanak, emakumearen irudia, zeri ematen zaion balorea, zer baztertzen den... guzti horri premiazkoa izango litzateke gaur egungo begiekin, bizipenekin, beharrekin eta nahiekin buelta ematea, astintzea.

Azkenaldian ari dira bestelako ipuinak argitaratzen: printzesa itsusiak, urdinak ez diren printzeak... protagonista dituztenak. Magia guztia kendu behar al da zuzentasun politikoaren izenean?
Beste mutur batera goaz hor. Tradizioa gure egungo galbahetik pasatu behar dugula esaterakoan ez dut ukatzen ipuin herrikoietan badagoela egitura finko bat, mendez mende iraun duena. Eta zerbaitengatik irauten du. Gaur egungo ipuinak asamtzen ditugunean eta haur eta gazte literatrua egiten dugunean zeri balorrea eman zaindu beharko genuke. ni behintzat ahalegintzen naiz horiek zaintzen, aita eta ama nola jarri, ez horrenbeste urdin edo arrosa diren, baina bai ekintzei erreparatzen. Gustatzen zait ama ere pixka bat aita izatea, eta aita ere pixka bat ama izatea. Baina hori gaurko literatura egiterakoan. Bestean, kontuz! Mari-Xorren mila bertsio egin daitezke, eta ondo eginda badaude, ederki. Baina kontua ez da herri ipuinak hartu eta gaurko mozorroarekin jantzi eta dena konponduta dagoela uste izatea. Hori baino sotilagoa da. Barne eztabaida gehiago eskatzen du. mari-Xorren liburuarekin h ori nahi nuen nik egin. Azken batean tradizioari hautsa kentzeko aitzakia izan daiteke. Eta magian sinesten duenak ez du magiarik suntsituko horrelako azterketak egin arren.

Liburuan aipatzen duzu emakumeoi berezkoa zaigula hizkuntzarako erraztasuna eta askotan indarrean daudenentzat, oztopo galanta izan dela.
Hori Dolores Julianok esaten du, eta nik uste dut arrazoi duela. Bere tesia da ipuin herrikoien bidez, etxe giroan, emakumeek euren aldeko diskurtsoa, nolabait gizarteak ukatzen zizkien ereduak, bideratu dituztela zeharka. Gertatzen dena da nik hemen ikusi dudana dela gizonezkoek ere parte aktiboa dutela. Joxe Arratibelek, ipuina jaso zuenak, aitari jaso zion; nik etxean ere gauza asko amarengandik jaso ditudan arren ahozkotasuna aitarengandik jaso nuen. Joxe Arratibelek kontatu zidan ipuiin herrikoi hauek bera bizi zen auzoak jaso zituela, baina bertan bazirela pertsona batzuk kontalari rola egiten zutenak, tartean bere aita. Gainera bere aitak ipuinak kontatzen zituen galtzerdiak egiten zituen bitartean. Hemen pixka bat diferentea da beraz. Dolores Juliano antropologoak "emakumeak, zein koitaduak diren..." jarrera hori ez dela horrela frogatu nahi du, emakumeek beste bide batzuk erabili izan dituztela euren bizipenen berri emateko. Eta etxean, umeen hezkuntza beraien esku zegoelako, ipuinen bidez beste balore batzuk bideratzen zituztela. Baina begirada batean, euskal erromantzeetan ere pertsonaiak oso diferenteak dira, oso indartsuak, eta gizonezkoak eta emakumezkoak ere oso aktibo ikusten ditut. Mari-Xorrera ere horixe ikusten nuelako iritsi nintzen: emakume oso indartsua, aitari kontra egiten diona.

Ipuin biltzaile gehienak gizonezkoak izan dira; haur ipuin sortzaile gehienak Euskal Herrian behintzat ere gizonak dira. Mariasun Landak dio hori ikertu beharreko fenomenoa dela...
Biltzaileak izaten dira normalean gero idazten dutenak. Eta hemen idatzi zeinek idatziko zuen bada? Idazten zekienak eta ikasi zuenak, eta horiek fraideak eta abadeak ziren, gehienak gizonak. biltzailea beti lumarekin lotuta dator, eta luma hezkuntzarekin, eta hezkuntza orain dela ehun urte arte-edo nagusiki gizonen esku egon da, eta normalean erlijioarekin lotuta. Beraz, hor ze galbahe erabili den ere ez dakigu, kontalaria ere autorea delako neurri batean. Alegia, biltzen dena ez dela berez horrela aseptikoa. Eta hori, testuingurua, ez da aztertua izan. Zergatik hemen gizonezko gehiago izan den? Hezkuntzagatik.

Baina guar egun ere horrela omen da haur eta gazte lteraturan...
Hezkuntza gero bihurtzen da ohitura; eta ohitura bihurtzen da lege; eta gero tradizioa legea da askotan. Horregatik niri traba egiten dit batzutan: tradizioa lege bihurtzen denean, legearen kontra joatea pixka bat ilegala izan daitekeelako. Ez agian epaiketa batean, baina epaitzeko modu asko daude eta epaile asko dago, batzuk agerian daude eta beste batzuk ezkutuan. Eta mariasunek dioen horretan uste dut epaileak ezkutukoak direla eta epaiketa ezkutukoak egiten direla, ikusten ez direnak; eta ilegaltasun horretan hori agerira ekarriz gero, begi-bistan geratuko lirateke agian komeni ez diren jarrera asko. Askotan, norberak ere, traba egin arren hain onartuta eta barneratuta dauzka, hor ere lan handia dagoela egiteko. Mariasunek dio gizonek gobernatzen dutela euskal kultura eta euskal literatura zer esanik ez. Eta ni ados nago. Hor ere tradizioak pisu handia dauka, eta tradizioa ohiturekin doa. Baina ohitura berriak sortzeko, tradizioari ere hautsak kendu behar zaizkio, kontxoiari buelta eman behar zaio. Eta hori n ork egingo du? Koltxoaia eroso duank ez behintzat, besteok egin beharko dugu. Eta orduan besteon lana gelditzen da besteona bezala, bazterreko edo txiki. Batzuek diote lan literario bat egiten dugunean berdin dela zeinek egin duen, ona edo txarra dela lana eta listo. Ez dut uste hori beti horrela denik. gustua ere egin egiten da, eta gustua ere ohitura da. Andrazko askok idazten du, baina nolabait esateko etxeari lotutako lagun talde batean. Hor ondo mugitzen gara, figura publiko izatera salto egiterakoan daude arazoak ordea. Hori neurri batean ulertu ere egiten dut, hor gatz handia behar delako! Zeren batzuetan essaten dituzun gauzak izan daitezke gustuko, baina beste batzuetan diferenteak ere izan daitezke. Diferente bizi gara andrazkoak eta gizonezkoak Euskal Herrian; euskal kulturan zer esanik ez, eta euskal literaturan, are gehiago!

Zergatik beldur hori saltoa ematera?
USte dut hor tradizioak pisu handia duela. Ez dakit zein den bidea, baina beldurra daukagula? Bai, nik neure buruari begiratzen diot, eta gero eta beldur gutxiago daukat. Baina lau edo bost urte kosta zait lan hau ateratzea. Hor ibili naiz bueltaka eta bueltaka. Beldurra ematen zidan esateak aitaren etxea defendatuko dut beharrean aitaren eta amaren etxea defendatuko dut esatea nahi dudala nik. Orain esan dut eta listo. Baina horiek pisu handia daukate. bizitzan beti nahi duzu besteek estimatzea: lehenengo nahi duzu gurasoek estimatzea, gero lagunek, gero bikoteak, gero horrelako gauza publiko at egiten duzunean irakurleek estimatzea, lehiaketetan irabazten ez baduzu ere zuk idatzi duzuna gustatzea... beti besteen estimazioaren neskame bihurtzen gara, eta uste dut emakumeok hor lan handiagoa dugula egiteko gizonezkoek baino. Horrek ez du esan nahi gizonezko guztiak errege sentitzen direnik, norroi asko sentitzen da oraindik ere. Baina emakumeok balantza horretan kamuflatu egiten ditugu bene-benetan nahi ditugun gauzak: "Hau nahi dut baina agian hau egoista da, niri tokatzen zait bete hau egitea, eta besteak ondo badaude ni ere ondo nago". Bada bai, baina batzuetan diskurtsoa ere aldatu egin behar da: "Nik hau ez dut nahi, nik hauxe egin nahi dut; ni neu ondo banago agian besteak ere kutsatu egingo ditut nire zoriontasunarekin", Estimuaren eta afektuaren neskame izate horretan gaude kateatuta.

Euskal kulturan orain 20 urte sortutako erakundeetara hausnarketa garaia iritsi dela irakurri dizut. Benetan ari al dira hausnarketa egiten edo inertziaz euskal kulturan sortzen eta sortzen jarraitzen dugu?
HAusnarketa egiteko nahia badago. Egin egiten den ez dakit. Nahia eta premia ikusten dela uste dut. Baina hain goaz azkar,hori egiteko gelditu egin behar dela. Eta gelditzeak esan nahi du agian gauza asko zalantzan jarri behar direla eta gauza asko zalantza jartzeak esan nahi du ez egitea. Eta ez egiteak... beldur handia ematen du!

ver documento | 156.9 Kb.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta