EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Argia

2009-01-25 Dosi txikien eragin handia | Amaia Alvarez

Zerk bultzatzen gaitu egunkaria zabaltzean bertako zutabeak irakurtzera? Munduan gertatzen dena ezagutzeko gogoak? Gertatzen denari buruzko iritziak jasotzeko asmoak? Zutabegilearen ahotsaz eta estiloaz gozatzeko irrikak?

Liburu honetan Yolanda Arrietak 2004tik 2007ra Deian eta Berrian argitaratutako artikuluak aurkituko dituzu. Bere bizitzaren puska batzuk eskaintzen dizkigu testu hauen bidez, bere sormenaren fase bat izan dena batu du hemen, liburu, egutegi eta ekitaldiez gain, egunkarietan ere ekarpen aipagarria egin duelako.

1.400 karaktereko zutabe hauetan urte horietan gertatutakoaren errepasoa aurkituko dugu, orduko albistegietan agertutakoak eta egilearen egunerokotasunean gertatutakoak. Gertaera sozial eta etxekoak, iritzi eta hausnarketak, kezka eta desioak daude bata besteari jarraika.

Idazle honen ahots irudimentsuak bizitza eta errealitatea modu desberdinetan begiratzeko proposamena luzatuko digu testuotan barna. Denboraren iragaite bizkorra, naturaren presentzia, oroimenaren garrantzia, emakumeen lanaren balorazioa, euskal gatazkaren pisua, identitate anitzen aldarrikapena eta haurren mundua izango dira jorratuko dituen gaietako batzuk.

Begirada behatzaile eta deseraikitzailearekin, hizkera “arina bezain sakona” erabilita, irudi ugari emango dizkigu. Kolorez jantzitako ipuin kontalaria daukagu, batzuetan argi eta besteetan ilun agertuko dizkigu bere kontuak. Batzuk goxo helduko zaizkigu, besteak zorrotz. Jakin-min handia duen haur batek hitz egingo du orain eta esperientziak erakutsitako helduak gero. Galdera-erantzunak erabiliko ditu batzuetan bere testua egituratzeko, edo haur eta objektuei emango die hitza besteetan, kontua, lehen esan bezala, ikuspuntua aldatuz jolastea baita.

Bizitzari buru-bihotzez begiratzen dio benetako ikuspegi global edo unibertsala emanez. Norbaiti femeninoa begitanduko zaio, sentimentala, arrosa. Beraz, balekoa ez dena, partziala, neskentzat. Baina bada garaia norberaren esperientziatik abiatutako kontaketa guztiontzat aldarrikatzeko, zentzumenen bidezko ezagutza plazaratzeko eta barruan gordetzen ditugun duda eta kontraesanak erakusteko. Azken finean denok sentitzen dugu eta pentsatzen dugu, denok daukagu, Arrietaren zutabeetan azaltzen den bezala, etxe aurrean udaberria datorrela esaten digun mimosa landare bat; eta denoi gustatuko litzaiguke euskaraz publiko guztientzako ganorazko programazioa egotea telebistan.

ver documento | 114.1 Kb.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta