EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ur Apalategi Idirin > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

1997-04-12 Antierromantizismoa | Jose Jabier Fernandez

Eleberriaren 90. orrialdean liburuko bi pertsonaiek —ez dira nagusiak— oso elkarrizketa bitxia izaten dute. Nolabait, laburtzearren, batek euskal literaturan dagoen joera erruralista-mitikoa kritikatzen du eta, besteak, berriz, defendatu. Solasaldi honetan ere, maiseatzen den beste jenero bat Ipar Ameriketako modetan oinarritzen dena da, hau da, droga, sexu edo rock-and-rollaz hitz egiten duten liburuak.

Batean zein bestean, egungo euskaldunei buruz ez dela ezer esaten leporatzen zaie. Azken finean, euskaldunok ez garela giro batean zein bestean bizi, hirietan baizik, hiri eta herri arruntetan. Ondorioz (eta hau nik ateratako ondorio bat da), oraingo euskal literaturak behar duena errealismo gehiago da.

Liburuan agertzen den iruzkin honek asko poztu nau, aspaldi honetan horrela pentsatu izan baitut, euskal literaturan ikuspegi desberdin gutxi daudela, eta gaurkotasunak horien artean ez duela lekurik. Horrela, euskal literaturako idazle gehienak zatiketa honetan sar ditzakegu, batzuk erruralismo-mitikoaren jeneroan eta, besteak, Ipar Ameriketako modetan, oso gutxi dira bi joera hauetatik kanpo gelditzen diren idazleak.

Gaurko literaturan ez da egunerokotasunaz hitz egiten ia. Egia da Euskal Herriko egoera zaila dela eta ez dela erraza liburu batean islatzea, baina Euskal Herriaren errealitate eta alde desberdin asko daude. Agian, guztia prisma beretik ikusteko ohitura dugu eta gurea da akatsa, orokorrean euskal gizartea oso aberatsa dela iruditzen baitzait, poliedrikoa, liburu bihurtzeko aproposak diren istorio aberats eta desberdinez betea.

Ur Apalategiren eleberri honetan egungo Euskal Herriaren zati desberdinak aurki ditzakegu. Gai desberdinez hitz egiten da: literatura, politika, amodioa, adiskidetasuna, gazteak… eta denak azaletik soilik ukitzen badira ere, oso interesgarriak dira komentarioak. Ondorioz, Ur Apalategiri meritua kendu gabe, ez dut uste egungo Euskal Herriaz hitz egitea hain zaila denik.

Askotan esaten da euskal literaturak duen gaitz larriena irakurle falta dela ere. Gaitzaren jatorria aurkitzeko orduan, berriz, beti arrazoi berberak ematen dira: euskaldun gutxi daudela, liburuak ulertzeko euskaldunen maila txikia dela, publizitate-kanpainarik ez dagoela eta abar. Baina, liburuen gaiak? Hor ez al da egongo irakurle gutxi izatearen arrazoietako bat? Gaurko arazoez era barregarri eta lasai batez hitz egiten duten liburuak zergatik saltzen dira orduan gehiago? Euskaltegietan liburu hauek soilik irakurtzea agintzen dietelako izango al da? Ez dut uste hau denik arrazoi bakarra.

Hau guztiagatik, Apalategiren apustua garrantzitsua eta txalogarria iruditzen zait. Berak hartutako erabakia, edozein irakurle harrapatzeko eta hau interesez betetzeko egina da. Zein da liburuaren nondik-norakoa? Hiru pertsonara gazteren istorioak kontatzen zaizkigu eta, lehen esan dudan bezala, gai desberdinak jorratzen badira ere, bi dira garrantzitsuenak: adiskidetasuna eta amodioa, hitz handiak eta ederrak.

Liburuan hiru pertsonaia hauen heziketa sentimentala azaltzen zaigu, eta prozesu horren bilakaera istorio baten bitartez agertzen da. Bilakaera horri buruzko ondorioak atera gabe, bakoitzak, berea egiten duelako, maitasuna eta adiskidetasuna zer den ikasiz, ikuspegi orokorra nahikoa hotza dela esan behar da, antierromantikoa, hiriak eta gau hotzak diren bezala. Badirudi, beste jeneroak (erruralista-mitikoa eta Ipar Ameriketakoa) oso erromantikoak direnez, Ur Apalategik bere lehen eleberrian antierromantizismoaren bidea aukeratu duela.

Honela, liburuan oso gauza interesgarriak esaten badira eta oso ondo idatzita badago ere, ikuspegi triste eta antierromantiko honek funtsik gabe uzten du istorioa une askotan. Hau da, liburuak gora-behera asko ditu eta soilik pasio pixkat azaltzen denean interesgarri bihurtzen da, liluragarri. Besteetan, hoztasunak kalte egiten dio, antierromantizismoa bertute baino gehiago eragozpen bihurtzen da, istorioa urrundu egiten baita. Ez luke, ordea, horrela izan beharrik. Hots, antierromantizismoa erabiliz, gauza interesgarriak eta ederrak kontatu daitezkeelako.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta