EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Txema Garcia-Viana Arenales "Kartxi" > Hemeroteca

EIE

2007-09-19 "Isilean lan egitea maite dut, zarata handirik gabe, nire burua plazara agertzea gorroto dut" | Hasier Rekondo

Euskaltzaindia-BBKren Txomin Agirre saria jaso duzu Arkitektoa eleberriari esker. Nobela beltza eta historikoa jorratzen dituzu zure azken lan honetan.

Azken eleberrietan bezala, misteriozko narrazio bat idatzi dut. Ez dut uste, hala ere, historikoa denik, misterio eta, zergatik ez, abenturazko eleberria baizik. Nire iritziz, nobela historiko batek beste ezaugarri batzuk ditu, eta ez da nahikoa eleberria antzinako garai batean kokatua izatea 'historikoa' deitura ezarri ahal izateko. Eduki aldetik, berriz, Donostian eta eliza baten eraikuntza ardatza hartuta, iragaiten dira gertakizunak oro, besteak beste, gaskoien eta euskaldunen arteko tira-birak, Gipuzkoa Gaztelako erresumara bildu izanaren mesfidantzak Nafarroan, eta Donostia herri bezala garatzeko eragozpenak.

Zergatik aukeratu duzu epe historiko hau hain zuzen ere? Gaskoein eta euskaldunen arteko tirabirak tarteko, XIII. mendeko Donostian girotutako narrazioa.

XIII. mendea oso garrantzitsua izan zen Gipuzkoan. Orduan hartutako zenbait erabakik, eragin zuzena izango dute, gerora, gaurko egunetara arte. Bestalde, hura oso garai erakargarria da, non abentura eta misterioa ederki egokitzen diren; izan ere, erdi aroa, garai iluna izaki, oso garai aproposa da, zalantzarik gabe, misteriorako.

Bilboko kaleetan kokatutako nobela beltza jorratua zenuen, halaber, zure aurreko Sei lore nobelan. Testuinguru desberdinetan girotutako 'nobela beltzak' izaki, aukeratutako prosak ere guztiz ezberdinak dira.

Prosa desberdinak dira guztiz, noski. Oso garrantzitsua da nobela bakoitzak eskatzen duen hizkuntz trataera paratzea, sinesgarri egite aldera. Gaur egun girotutako eleberri batean ezin dira erabili erdi aroko narrazio bati dagozkion hitz 'anpuloso' eta esaldi perifrastikoak, kasu. Hori begi-bistakoa da. Kontua, ordea, ez da erraza, arriskua baitago kontakizuna gehiegi astuntzeko edo, aitzitik, arinegi egiteko. Oreka, hortaz, ezinbestekoa da kontakizunaren kaltean izan ez dadin.

Idatzitako azkenengoak eleberriak izan arren poesiarekin ekin zenion literatur ibilbideari.

Poesia liburu bakarra dut, lehengoa, harrez gero ez dut gehiago poesiarik idatzi. Zergatik? Prosan eta, batez ere, eleberrian sentitzen naizelako erosoen. Nire ideiak adierazteko eleberriak behar dudan espazioa eskaintzen dit; gainera, poesian adieraz nitzakeen sentimenduak prosan bertan tartekatzeko aukera izaten dut. Agian, denboraren poderioz, gehiago trebatu naiz beste generoetan, eta orain, poesia, urrun samar ikusten dut.

Haur eta gazte literatura ere jorratu dituzu. Zer moduz moldatzen zara generoen arteko jauzietan?

Abentura gustuko dudan aldetik, hurbildu nintzen gazte literaturara; abentura ezinbestez loturik baitago gazte literaturarekin. Azken aldian, aldiz, helduentzat idazten dut batik bat. Ipuinak, narrazio ertain eta luzeak, genero beltza, erotikoa, abentura, misterioa.... Bai, gustatzen zait aldatzea, bestela aspergarriegia izango litzateke.

Sari ugari irabazitakoa zara baina zure obrak ez du lortu nahiko oihartzun mediatikorik.

Tira, beharbada nire obra ez dut 'saltzen' ikasi, edo ez dut interes handirik izan horretarako. Nik idazten dut beharra sentitzen dudalako, baina, aldi berean, jendearentzat idazten dut, ez giltzapean gordetzeko. Gustatuko litzaidake, jakina, nire obrak oihartzun handiagoa izatea, baina ez da gehiegi kezkatzen nauen kontua. Nik isilean lan egitea maite dut, zarata handirik gabe, nire burua plazara agertzea gorroto dut. Neurri batean neure errua ere bada.

"Lanbidez garraiolaria da" irakurri genezake zure biografian. Nola uztartzen dituzu lanbidea eta idaztea?

Zenbaiti oso xelebrea iruditzen zaie, nonbait, idazle eta garraiolaria izatea. Nik hogei urte eman ditut garraio lanetan eta, nire ustez, beste edozein lan bezalakoxea da. Alde txar bakarra du nire ogibideak: aisiarako denbora falta, eta, horrenbestez, idazteko eta irakurtzeko behar adina astirik ez izatea. Hala ere, nik egunero idazten eta irakurtzen dut, gauez, loari denbora kenduz. Gorputza ohitu egiten da, nik bost bat ordu lo eginda aski izaten dut. Denbora gehiago izango banu gehiago edo hobekiago idatziko nuke? Batek daki! Dagoenarekin konformatu eta moldatu egin beharra dago.

EIEren bazkide izanda, zer eskatzen diozu Elkarteari?

Elkartearen ingurukoak jarraitzen baditut ere, ez dut aktiboki parte hartzen; hortaz, ez dakit nik ezer eskatzeko moduan ote nagoen. Nire irudipena da, hala ere, denborarekin hobetuz doala elkartea alor gehienetan, eta bere zerbitzua kalitatezkoa dela, zinez. Agian, eta eskatzen hasita, idazle berriak promozionatzea, kritika sustatzea, idazleon arteko elkarlana bultzatzea...

Txomin Agirre saria irabazi ostean, zer duzu eskuartean?

Dagoeneko beste eleberri bat bukatua dut, eta narrazio bat borobiltzen ari naiz. Sarritan lan bat baino gehiago edukitzen ditut eskuartean, eta salto egiten dut batetik bestera. Gogoa eta egitasmoak erruz ditut, denbora falta, ordea. Ezertarako presarik ez dut hala ere; pixkanaka baina aterako dira emaitzak, horretaz inongo zalantzarik ez dut.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta