EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Sustrai Colina Acordarrementeria > Hemeroteca

Gara

2006-11-30 Idazten ari nintzela, urte haiek berriz bizi izan ditut | Joxean Agirre

Literatura jende bakartiaren jarduna da, eta bertsoa, lagunarteko bizia. Antagonikoak dirudite eta halaxe dira, baina badira bertsolari batzuk erraz uztartzen dituztenak. Eskertu egiten dute nonbait egunpasa edo gaupasa luzeen burlan etxeko bakardadea, bakea eta sormen kalkulatuago baten plazera. Aproba egitea erabaki du Sustrai Colinak ere, eta pozik agertu da emaitzarekin, ehun orrialde pasa dituen gazteen nobela batekin.

Zure lehen saioa izan al da literaturan?
Nire lehen nobela labur edo istorio luzea izan da. Enkargu bat izan zen eta agindu ere 12-14 urteko gazteekin pentsatuz idazteko. Istorioa ere adin buelta horretan girotzen da, 12-14 urteko koadrila baten inguruan gertatzen diren pasadizoak eta abenturatxoak. Adin horretako gazteen begiekin mundua ikusten saiatu naiz. Ehun eta hamar orrialde ditu nobelak.

Oso gertuko adina da hori beharbada zuretzat.
Bai eta ez. Adin horretan hamar urte izugarrizko tartea da. Gauzak asko aldatzen dira. Tartea handia izanik ere, idazteak gauzak gertu ikusten laguntzen du, lagundu dit niri. Idazten ari nintzela, gertakari batzuk berriz bizi izan ditut. Gauza askorekin akordatu naiz. Alde horretatik, erakargarria egin zait.

Non girotu duzu eleberriaren trama? Ipar Euskal Herrian?
Itsasoa eta mendia biak dituen herri batean gertatzen dira gauzak. Euskal Herriko edozein txokotan izan liteke.

Zein dira protagonistak?
Koadrila bat da protagonista, hiru mutil eta neska bateko koadrila bat.

Abentura eleberria al da?
Abenturak badira, baina abenturak mezua janzteko estalkia dira. Batzuk abenturekin geratuko dira, baina azpian badago adin horretan gazteak bere tokia bilatzeko egiten duen ahaleginari buruzko gogoeta bat. Gelan eta gelatik kanpo pixka bat baztertuta dagoen koadrila bat da. Beste batzuk dira oilarrak, beste batzuk dira liderrak. Eta horien arreta erakarri nahian egiten dituzten abenturatxoek osatzen dute eleberriaren haria neurri handi batean.

Pasatu eta gero dena edertu ohi dugu, baina gazteak sufrita ere egiten du adin horretan.
Nik ez dut oroitzapen traumatikorik. Gaztaro zoriontsu eta bukoliko samarra izan nuen nik, baina egia da sufritu ere egiten dela. Batzuen kasuan tokirik aurkitu ezin hori traumatikoa izaten da. Hori da pixka bat eleberriko protagonisten kasuan. Guk hilabetean tokia aurkitzen ez bagenuen, bi hartzen genituen. Orain hilabetean bere tokia bilatzen ez duena psikologoarengana bidaltzen dute.

Modu intentsiboan edo patxadarekin idatzi duzu?
Otsailaren bukaeran hasi nintzen eta uztailaren bukaeran amaitu nuen. Orrazten pasatu dut geroztikakoa. Eten handirik gabe idazten saiatu naiz.

Zer ordutegi erabili duzu?
Egutegiaren araberakoa, baina goizak erabili ditut gehienetan. Burua edozein ordutan jar dezaket martxan, baina nire ordurik onenak goizekoak dira.

Irakurle fina izan al zara?
Umetan ez nintzen irakurle konpultsiboa izan. Gerora, 18 urtetik aurrera irakurri dut asko boladaka.

Gelditu al zaizu gogorik gauza luzeago bati ekiteko?
Gustura aritu naiz. Oso jende gutxik zekien idazten ari nintzela, eta behingoagatik zerbait sortu ahal izan dut ezkutuan, ohituta baikaude beti jendaurrean sortzen. Erabat ezberdina da eta gustatu zait, eta ez diot ezeri aterik ixten. Idaztea kontrapuntu ona da.

Zergatik jarri diozu «H gabe» izenburua eleberriari?
Eleberrian pintada bat agertzen da «Obe Kepa gabe» dioena eta «obe» hori “h” gabe idatzita dagoenez, eleberriko protagonistengana zuzentzen dira susmo guztiak, eta koadrilari «H gabe» deitzea erabakitzen dute.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta