EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

www.kazeta.info

2009-03-25 Pikolo txikiak | Aitor Renteria

Liburuetan agertzen zena egia zen aspaldian. Garaiko mitoa, batzuek, propaganda gisa baliatzeko trebezia daukate eta horretan bide erakargarririk baldin bada, literatura da. Gogoeta hori jin zitzaidan burura Baionako Elkar liburutegi euskalzalean nenbilearik, haurren ipuinen zokoan.

Irudi txukun eta erakargarrian osatua, Alberdania etxearen "Pikolo" izeneko liburua atzeman nuen, Patxi Zubizarretak eta Jokin Mitxelenak idatzia. Omen 8 eta 88 urte bitartekoentzat idatzia, baina haurrentzako formatoan. "Le Petit Nicolas" liburu ezagunaren estiloan idatzia dago. Ez noa erraitera haren plagikoa denik forman, baina antzekotasun ikaragarria duela ukaezina da.

Pikolo deitzen dute ipuineko protagonista. Idazleak argi baino argiago azaltzen duen bezala, Guardia Zibilei Pikolo edo Pikoleto deitzen zaie, eta noski, Euskal Herriko eskola batean dauden haurrek, aitaren ezizena ematen diote, Pikolo, alegia.

Pikoloa ez da historiarik gabeko pertsonaia Euskal Herrian eta eskola horretako haurrek baztertzen dute Pikolo txiki maitagarria. Zazpi urteko haurrak hainbat kezka ditu. Espainiako hegoaldeko herri txiki batetik jina Euskal Herrira, bideseinale elebidunek erakartzen dute haren arreta, bi munduren arteko lokia ezin ulertuz. Hala dio pertsonaia nagusiak, nahiz eta aitaren gerritik zintzilika dagoen pistolak kezka edo galderarik ez eragin.

Guardia Zibilaren kuartelean bizi da eta handik eskolara doa gaixoa. Eskolako haur euskaldun bihozgabeek zokoratzen dute Manolo-Imanol. Lehenik eta behin, Pikolo deituz. Baina Nicolas Txikia bezala, doatsua da Pikolo. Gauza batzutan egunduko ausardia eta bihozberatasuna erakusten du. Eskolako haur euskaldunak ez dira teilatura igotzera menturatzen. Hura bai. Bertzeek galdu dituzten pilotak itzultzen dizkie Manolo ausartak. Baina ordainean, gehiago baztertzen dute.

Eskolarako zubia zeharkatzeagatik egunero euro bat ordainarazten dio dio preso politiko baten semeak. Noski, ez hura bakarrik, bertze bi haurren laguntzarekin baizik. Ausardia eta gehiegikeria aiseago egiten direlako taldean, bakarka baino. Eta Pikolo gaixoari zerga hori ordaintzea ahazten zaionean, hiruren artean lotu, biluztarazi eta uzkitik bizikletako gurpilak puzteko punpa sartzen diote. Baita hiru aldiz eragin puzgailuari. Haurraren negar-txilioak itotzeko, komuneko papera ezartzen diote ahoan. Gela baten gakotzeraino heltzen dira, Pikolo gaixoa. Beldurraren beldurrez, etxerakoan kaka egiten du galtzetan.

Alta, eskolan badu lagun bat, Euskal Herritarrok legez kanpoko taldeko burkide baten alaba. Aita preso du arrazoi politikoengatik. Lehenik alabak, eta gero espetxetik aitak, erakusten dute lehenik pertsona dela eta gero funtzioa.

Azkenik, Guardia zibilaren gotorlekuaren aurka atentatu bat prestatzen ari den eskolako irakasle gogoangarriak, krudeltasunaren zirrikitutik, bizirik uzten du Pikolo gaixoa. Ipuinetako gaiztoen maltzurkeria erabiliz, aitaren ohitura eta ordutegiei buruzko idazlana egitea eskatzen dio irakasleak Pikolori. Horri esker, atentatua egiten dute egunean Pikolo baliatzen du, aita koarteletik ateratzeko eta bizirik uzteko.

Haurrentzako liburua izanik, kezkatu nau, haserretu nau eta nazka eragin dit liburuak. Egia erdiak erdi egiak bihurtuz, gertakari eta jokabideak helburuen ildora tolesten direlarik, hitzen jolasa ez da literatura, propaganda politikoa baizik. Eta haurrengan eragitea bilatzen delarik, bertze izen bat ere merezi du.

Noski, Pikolo txikiak ez du ezagutzen Guardia Zibilak herri honetan daukan historia luze eta beltza. Noski, ez daki behin eta berriro tortura erabiltzen duela. Txikiegia da nazioarteko salaketak irakurtzeko. Eta harrigarria bada ere, euskaldunak dira bera torturatzen dutena, non eta eskolan. Ziegan sartzen dutena. Eta bizkotxak txapela behar balu, eskolako irakaslea ETAko ekintzaile bihozgabea bihurtzen du.

Gatazka dagoen aldi oro, bi aldeak dira gatazka horren biktimak. Gatazkak luze jotzen duelarik, gizarte osoa da egoera horren biktima. Gatazka gainditzea eta konponbide politikoa atzematea eskatzen duen gizarteak bertze ipuin bat merezi du, ez haurren manipulazioa.

Adierazpen askatasunaren aldekoa naiz erabat, debekuen kontrakoa. Krisialdi ekonomikoaren bidez milioika herritarren sufrikarioa eragin duten aditu neoliberalen idazkiak hor daude, irakurgai. Deitoragarria ez da pentsamendua, jokabidea baizik. Nahi dutena pentsatzeko eskubide osoa daukate Zubizarreta eta Mitxelenak. Pentsamendua adierazten duten liburu guztiak saltzeko eskubidea dauka Elkarrek. Baina, etikoa ote da horrelako liburu-manipulazio-propaganda ezartzea apaletan salgai? Batzuek oraindik holokaustoa ukatzeko gaitasuna daukate.

Liburua erosi dut iritzia eman ahal izateko. Eta lagunei utziko diet, erabat harritu nauelako erakusten duen duintasun falta horrek. Inarrosi nau. Ez dakit liburuen salmentatik diru anitz irabaztea espero duten. Menturaz, kokapen politikora itzuliz, Estatuaren Diru Berezien kutxatik harrera hobea eginen diote Pikolo gaixoari.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta