EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

Euskaldunon egunkaria

1995-03-26 Goitik behera eta barrutik kanpora | Juan Luis Zabala

Oso gustora hasi nintzen liburu han irakurtzen. Lehen ataleko lehen kapitulua —”Urruneko pikoak”— oso ederra iruditu zitzaidan. Bikaina. Erritmo ezti eta patxadatsuz kontatzen dizkigu hor Patxi Zubizarretak Marokkotik ihes egin nahi duen Selim Al-Qadi gaztearen gora-beherak. Ezezaguna zaigun mundu bat jartzen digu begien aurrean idazle ordiziarrak, eta ez da, hala ere, hori bere meriturik handiena, kontaketa eramateko duen modu leun, gozo eta ederra baizik.
Lehen ataleko bigarren kapitulua —”Bertaratu eta…”— pixkatxo bat kaxkarxeagoa iruditu zitzaidan. Gertakarien erritmoa biziagoa da, baina ez du —horrexegatik beharbada— lehen atalak adinako edertasunik. Eta badu beste akats bat ere, kontaketatik urrunago sentiarazi ninduena. Selim eta Estherren arteko amodioaren gozotasun nire ustez gehiegizkoa, aukeran ederregi eta ez oso sinesgarri egin zaidana.
Liburuko protagonista nagusia den Selimen berri zuzenik ematen ez duen bigarren ataleko lehen kapituluak —”Iraganaren katea”— are gehiago urrundu ninduen kontaketatik. Gehiago esango nuke: liburutik kanpora atera ninduela sentitu nuen. Bi motiborengatik: Estherren gora-beherak ez zitzaizkidalako Selimenak bezain interesgarriak iruditu, eta, batez ere, gora-behera horiek ez zirelako bat etortzen narrazioaren ordura arteko giro eta tonu nagusiarekin. Beste zuhaitz baten adarrak ziren haiek.
Azkenik, “Ttipi-Ttapa” aldizkariko elkarrizketa apokrifoa den bigarren ataleko bigarren kapitulua ere —”Bidasoako paterak”— kontaketa nagusitik kanpo zegoela iruditu zitzaidan, eta epilogo gisa baino ezin zela hartu, ez beharbada guztiz desegokia, oso sinesgarria ez izan arren irudimenez landua eta keinu ugariz josia baitago.
Oso gustora hasi eta gero behera erori zaidan narrazioa da, beraz, Patxi Zubizarretaren “Eztia eta ozpina”, barru-barruan sarrarazi eta gero kanpora egotzi nauena, nahiz eta oso-osorik —hasieratik bukaeraraino dena bat da horretan behintzat—, prosa ederrez eta txukun-txukun kontatua dagoen, eta tarteka-marteka —liburu guztian zehar hori ere— pasarte benetan eder eta aberatsak irakurtzeko aukera ematen duen (142. orrialdean errealitatea eta unaifrakak konparatuz idatzitakoa, esate baterako). Badu derrigor aitortu beharreko beste meritu bat ere liburuak: azken orduko albiste eta errealitateekin lotutako aipamenak oso egoki txertatu ditu narrazioan Zubizarretak (Miarritzeko Goi Bileraren eta La Negresse auzoaren aipamena, esate baterako, 143. orrrialdean). Izan ere, ofizio eta sentiberatasun handiko idazlea baita, dudarik gabe, Patxi Zubizarreta, eta liburu honetako orri guztietan ere nabari da hori, nahiz eta narrazioaren bilakaerak, lehen azaldu dudan legez, kontaketatik pixkana-pixkanaka urrundu egin nauen.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta