EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

El País

2003-11-23 Barrikadetarako bidaia | Alvaro Rabelli

Patxi Zubizarreta idazle ordiziarra helduentzako literaturara itzuli da Barrikadak izeneko lanaren eskutik. Narrazio liburu honi esker, 2002. urteko Ignacio Aldecoa ipuin-lehiaketa irabazi zuen.

Barrikadak bost kontakizunez osatutako obra da. Hasieran zein bere bidetik garatzen badira ere, irakurketan aurrera egin ahala, istorioak elkarrekin harilkatuz joaten dira apurka-apurka, maisuki harilkatu ere.

Bost kontakizunetako narrazioaren haria eta gune nagusia trena dugu, Vigotik Hendaiaraino doan espresoa, zehazkiago esanda. Kanpoan, 80.aren hamarkadako inguru gatazkatsua ageriko zaigu, eta aurrean, Gabonetako giroa.

Ez dira, baina, gatazka politikoaz bakarrik diharduten kontakizunak, gatazkaren barrikadak hortxe dauden arren. Bost kontakizun horien ardatz nagusiak, bost pertsona dira, bost bizipen, bakoitza bere nahiekin, beldurrekin eta itxaropenekin, denak bakardade ikaragarrian bizi baitira.

Pertsonaia hauek suzko barrikadei ez ezik, nagusiki beren baitakoak diren muga eta barrikadei ere aurre egin beharko diete narrazioan zehar. Barrikada hauen bitartez, deserrotzea, bakardadea, ihesa, beldurra eta egonezina islatuko zaizkigu, besteak beste.

Horrela, sentipen horiek guztiek bultzatuta, eta tankera askotako arrazoiak medio, Barrikadak liburu honetako bost pertsonaiek trenean bat egingo dute. Trenak eramango ditu elkarrekin Ordiziako geltokian gauzatuko den itzulezinezko egoera bateraino. Horren zain dauden bost pertsonaiak, horrexen beldurra bizi izan baitira aspalditik.

Pertsonaiek euren artean antagonikoak direla ematen dute, eta kontaketa osoan ez dute benetan inoiz elkarren berririk izango. Gehienez, elkarren susmoa izango dute. Horra hor, barrikada nagusia, elkarrengandik bereizi eta isolatzen dituena.

Bakarrik bosgarren pertsonaiak bistaratuko digu eszena osoa, etxe zulotik, bere begietan harrapaturiko irudi bakar baten bitartez. Amaierako unea da, unerik larriena, zalantzarik gabe, barrikadek beren horretan dirauten seinale.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta