EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

Gara

2003-09-27 Barrikadak trenbidean | Asier Sarasola

Ordizia, 80ko hamarkadako negu batean bost pertsonaia, bost ikuspuntu, bost istorio ezberdinek, hitzordua dute jarria, idazlearen artez, bertako tren geltokian. Vigo-Hendaia espresa da iristekoa. Elurra ari du. Bost narrazio, beraz, elkarri loturiko bagoiak bezala. Baten atea isterakoan hurrengoarena irekitzen da. Eta ate bakoitza aipu bat da, ipuinaren edukia laburbiltzen edo hobe zehaztuz, iragartzen duena. Ezustearen tartea murriztuz eta, era berean, irrikari begiak zabalduz. Berdin Olariagaren ilustrazioekin. Itxuraz sinple izanagatik, poliki esatea bideratzen dutenak. Ateetako leihoak esan genezake.

Bost narrazio, beraz, protagonista ezberdin batek gidatua bakoitza. Lehenengo biak, erritmo geldoagoz dira idatziak, eta espresaren bagoietan gertatzen dira. Trenean denborak nekatu itxura duela irudikatuz, bertako bidaiarien biografietatik zenbait pasarte. Harreman zuzenik ez dago ondorengo bi istorioekin, Ordiziako kaleetan kokatuak geltokiaren inguruan, gatazka politikoa bizi dugun ala berak bizi gaituen iluntzera baidatoz hauek. Korapiloa estutzera datorren azken atalak guztiak uztartzen ditu, Ordiziako tren geltokiaren parez-pare dagoen leiho batetik. Azken galga kolpe hau, bat-batean, gertakarien abiadura ordura arte elur kulunkariarena bazen ere, elurjasaren adinakora erabakiz, azkarregi iritziz. Libururaren amaiera irekia bezain galderazkoa zabaltzen du Zubizarretak; tiro hots bat eta, gero, ixiltasun zuria, irakurleak hausnar dezan, eta erantzun, saminaren balantzaz, balantzaren besoez, geltokiraino ezin iritsi. Euskara akademiko, zuzen eta pertsonaia bakoitzari legokiokeen moldean. Orrien igaro arina, zailtasunetatik kanpo, narrazioan eta pertsonaiengan, eta haien garapenean arreta zuzendua, bestelako iruditeri literarioen ordainetan.

Protagonista galtzaileak aurkezten dizkigu orriotan idazle ordiziarrak, nabari zaio nongotasuna kaleetan barrena garamatzanean, hurrenez hurren; emazte gehiegitan jipoitua, trenetako lapur zorigaiztokoa, nerabe aitaren menekoa, guardia zibil arrotza eta amona kristautua. Guztiak zapalduak izan direnak, zapalduak direnak, ukatutako oraina bizi dutenak eta egoera nola irauli, Barrikadak jaso, Barrikadak bota, noiz bederen, euren buruari galdegiten diotenak. Irakurlearen kidetasuna bereganatzen dutenetakoak, euren zalantza, beldur, ahulezia ezinbestekoekin eta hauen aurrean, edo aurka zehaztasuna estutuz, irudi botereak. Botere maskulinoaren isla perfektuak. Euren mandamenduak zolatan idazten dituztenak, zapalduak hobe irakur ditzan. Ordea, pertsonaia zenbait karikaturaren mailan parekatzen dira, ohikoegi bezala, ezagunak zaizkigun esanahiz beteriko eguneroko egoerak islatu arren, ezagunak zaizkigun arazoetan azala baino hondorago murgildu gabe, nahiz eta itsasoaren larria.

Eta aipatu protagonistentzako aurkezten den itxaropena, etorkizuna, galtzaile izatearen ildotik doa. Barrikadak ihesbideak al dira? Ihes egitea aukera bat izan liteke. Ihes egitea aukera bat izan liteke? Aurre ez egitea ihes egitea al da? Aurre egiteak heriotzaren neurriko ondorioak izan ditzakelarik, zer giza(?)-legek merezi dezake zein giza-larru?

Tren geltokiak hor dirau, harrizko, eta trenak datozela eta doazela, eta pertsonaiak berdin, geltokiraino ezin iritsi.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta