EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

EIE

2009-03-17 "Idazleak ikastetxeetan programak belaunaldien arteko leizea gainditzen laguntzen digu" | Naiara Ibar eta Martin Anso

Alde askotatik begiratuta, berezia da Pako Aristik Ereinen eskutik aurkeztu berri duen liburua, Elurte bateko ipuinak izenburukoa. Berezitasun horren oinarrian liburuaren abiapuntua bera dago. Izan ere, ideia sortu zen Pakok Intxaurrondoko ikastolara egin zuen bisita batean, EIEren Idazleak ikastetxeetan programaren barruan. Bosgarren mailako ikasleetako batek enbido egin zion: "Idatziko al zenuke liburu bat guri buruz?". Enbido gehiago egin zuen urrestildarrak: "Baldin eta zuetako bakoitzak ipuin, pasadizo edo gogoeta bana bidaltzen badidazue, egin egingo dut". Gazteek eutsi egin zioten eta, Axun Usarralde irakasleak animatuta, eskatutakoa txintxo-txintxo bete zuten. Horrek ordago baten traza guztiak zituen. Pako ez zen atzean geratu. Bidali zizkioten istorio guztiak elkarren artean fikziozko hari batekin josi, ipuinak idazten ikasteko dekalogo bat erantsi, Manu Ortegaren marrazkiekin edertu eta liburu bat osatu du. Bistan da ordagoan bi aldeak atera direla garaile, eta horregatik ere berezi baino bereziagoa da Elurte bateko ipuinak.

Aurrekari ederra ezarri duzu. Ez al zara hemendik aurrera ikastetxe guztietan antzeko libururen bat eskatuko dizuten beldur?

Urte hauetan guztietan, ikastola askotan esan didate "egingo al zenuke liburu bat guri buruz?". Eta nik beti gauza bera erantzun diet: "Kontatu bakoitzak istorio bat, pasadizo bat, pentsamendu bat... nahi duzuena; sartu denak sobre batean, eta bidali niri; sobrean "Pako Aristi, Urrestilla, Gipuzkoa" ipini eta, besterik gabe, iritsiko da, Azpeitiko postari guztiek non bizi naizen ezagutzen baitute". Baina Intxaurrondokoek bidali arte, inork ez dit sekula ezer bidali. Haurrek beste inork baino gehiago bizi dute oraina. Idazlea aurrean dutenean, mementua bizi dute eta emozioz beteta daude, baina idazleak alde egiten duenean, hura ahaztu eta futbol edo pilota partida jokatzera joango dira, eta horretan arituko dira buru belarri. Intxaurrondokoek, berriz, ez zuten ahaztu, eta, gainera, nahiko istorio politak, txukunak eta bizitasunez beteak idatzi dituzte. Batez ere, freskoak. Izan ere, ezinezkoa litzateke ni idazten hastea eta haur baten estiloa imitatzen lortzea. Freskura hori haiek bakarrik daukate.

Intxaurrondora egin zenuen bisita hura Idazleak ikastetxeetan programaren barruan egin zenuen. Izan ere, zu programaren beteranoetako bat zara.

Bai, abiatu zenetik hasi bainintzen, orain dela hamabost bat urte. Tarteka utzi egin behar izan dut, beste lan batzuk nituelako edo, besterik gabe, auto zaharregia nuelako, Euskal Herrian zehar kilometro asko egin behar izaten baitira eta horretarako auto on bat izatea komeni baita. Baina, gainerakoan, beti parte hartu izan dut.

Orain dela hamabost bat urte hasi zinenetik gaur arte, aldaketarik sumatu al duzu?

Gauzak gero eta hobeto egiten dira, dudarik gabe. Hasieran pentsatzen zuten idazleok haurrei urtebeteko entretenimendua ematera gindoazela; ipuin bat kontatu edo dantza egingo genuela. Ez dakit oso ondo zer espero zuten. Pixka batean, pailazo bezala sentitzen nintzen. Showa montatzera gindoazen. Nik soinua eta guzti eramaten nuen, askotan galderak ere prestatu gabe zeuzkatelako eta inprobisatu beharra zegoelako. Gauzak gero eta hobeto egiten joan gara eta nik esango nuke gaur egun, leku gehienetan, antolaketa inpekablea dela. Liburua irakurri dute, iritzia idatziz eman dute, marrazkiak egin dituzte... Dena prest daukate. Askotan, ikasleek ongietorria eta aurkezpena egiten dizkigute, internetetik-eta atera dituzten datuekin.

Orain dela hamabost bat urte hasi zinela kontuan izanik, seguru azken urteotan ikasle bat baino gehiago, dagoeneko ondo hazita, hurbildu zaizkizula, "zurekin irakurzaletu nintzen" eta horrelakoak esaka.

Tarteka, bai. Esaterako, hogei urte inguruko neska bat etorri eta zera esan zidan: "Gogoratzen dut ikastolara etorri zinela, motoan etorri ere; mototik jaitsi, kaskoa kendu eta orrazten zinen bitartean, gu leihotik begira ari ginen, liluratuta". Marlboroko iragarkiaren gizona banintz bezala ikusten omen ninduten. A zer-nolako idazle guay eta modernoa nintzen! Bai, tarteka, horrelakoak esaten dizkidate.

Liburuaren aurkezpenean, Idazleak ikastetxeetan programak dituen bi bertute nagusiak espresuki aipatu zenituen. Zein dira, zure ustez, bertute horiek?

Bata da belaunaldien arteko leizea saltatzeko aukera ematen duela eta bestea, berriz, zure publikoaren aurre-aurrean jartzen zaituela.
Belaunaldien artean zulo bat sortu ohi da eta programak zulo hori gainditzen, hau da, irakurle gazteengana iristen laguntzen dizu. Ikastetxez ikastetxeko bisitek frogak egiteko aukera handia ematen dute. Nik, askotan, froga moduan, ikasleei hiru euskal idazleren izenak esateko eskatzen diet. Esaten dituzte, eta berehala konturatzen naiz hiru idazle horiek zirkuitu horretan dabiltzanenak direla. Gero nik neuk esaten diet beste izen bat. Oso idazle ezaguna da, baina ez dabil zirkuituan. Eta ez, ez dute ezagutzen. Belaunaldien artean sortzen den zuloa artista guztiongan dagoen kezka da, ez idazleongan bakarrik. Horra kantariak. Kontzertu baten kritika irakurri eta ikus-entzuleen batez besteko adina 50 urte ingurukoa zela aipatzen dute. Horrek esan nahi du kantari edo talde horrek bere kintakoak soilik bildu dituela. 20 urtekorik ez zegoen. Benito Lertxundiri buruz, berriz, esaten den gauza loriotsu bat izaten da belaunaldi desberdinetako jendea joaten dela bere kontzertuetara. Bere garaikoak, 40 urte ingurukoak eta 20 urte inguruko gazteak ere joaten direla. Hori da artista bati buruz esan daitekeen gauzarik onena. Idazleok ere ibiltzen gara zulo horrekin kezkatuta eta Idazleak ikastetxeetan programak salbatzen laguntzen digu.
Programaren bigarren bertutea da zure publikoarekin harreman zuzena izateko aukera ematen dizula. Kantariak kontzertuan bertan ikusten du nolako publikoa duen, eta zein kanturekin erreakzionatzen duen eta zeinekin ez. Bertsolariak, berdin. Idazleak, berriz, etxean lan egiten du, bakarrik. Ez dauka bere publikoak zerekin erreakzionatzen duen neurtzeko termometrorik. Termometroa haurren artera etortzea da, eta, hor, zuzenean ikusten duzu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Izan ere, haurrak gauza on bat baldin badauka, sintzeritatea da. Gauzak esan egiten ditu; gauzak esateko orduan ez dauka guk adina tranpa, maskara edo protokolo.

Azkenaldion, kulturgileen eskubideen defentsan nabarmendu zara.

Liburuaren aurkezpenean esplizituki esan ez banuen ere, Idazleak ikastetxeetan programak badu hirugarren bertute nagusi bat: ikastetxeetako bisitak ordaindu egiten dira. Niretzat, sortzaileen eskubideak errebindikatzea zerbait politikoa da, edo etiko edo ez dakit nola esan. Militantzia beharrezkoa da, baina gure bizitza kulturala ezin da militantzian eternizatu. Lortu behar dugu pauso berriak ematea eta militantzia beste zerbaitetan bermoldatzea. Deitzen dute aldizkari batetik: "Egingo al diguzu artikulu bat?". "Ordaintzen al duzue?", nik. "Ez, ez dugu ordaintzen". Eta haiei ez diet esaten, bestela "borde" fama hartuko daitut, baina hasten naiz pentsatzen: hauek ordainduko dute aldizkariaren papera, inprentari ordainduko diote, bulegoko moketa ere ordainduta egongo da, eta instalazioa elektrikoa eta ordenagailua... Inork ez du ezer debalde eman, eta normala da, mundu honetan dena horrela funtzionatzen duelako. Orduan, debalde zerbait eskaintzen duen bakarra gu gara, argitalpen horri edukia ematen dugunok. Zergatik? Zeinek erabaki zuen sortzailea dela debalde eman behar duen bakarra? Denok debalde eskaintzen baditugu gure gauzak, gremio guztiek esaten badute: "Bai, aldizkari hau Euskal Herriarentzat-edo oso inportatea delako, denok debalde egingo dugu". Orduan nik esango dut, bale, nik ere aldizkari honetan hilero-hilero artikulu bat debalde idatziko dut, bost foliokoa, gainera. Baina denek kobratuta, guk izan ezik, horrek, azkenean, kultur sortzailearen gutxiespena dakar.

Sortzaileen lana diruz ere baloratu egin behar dela, alegia.

Jakina. Nik haurrei garbi esaten diet: zuek liburu bat erosi duzuela jakiteak poza ematen du. Nola ez, ba? Azken batean, mundu guztiak soldata kobratzen du eta gure soldata, zati bat, behintzat, hortik dator. Eta haurrei ere sartu behar zaie buruan, coca-colak ordaintzen diren bezala, kultura ere ordaindu egin behar dela. Ordaintzen ez bada, ez da kultur produktu berririk izango; sortzaileek beste lan batzuk hartu beharko dituzte eta ez dute liburu, disko edo koadro berririk egiteko astirik izango.

Doan edo merke eskaintzen diren kultur produktuak behar bezala ez baloratzeko edo, are, gutxiesteko arriskua ere hor da.

Dudarik gabe. Renoir-en eta haien garaian ba omen zen teknika berezia erabiltzen zuen martxante bat. Garai hartan, Renoir eta haiek ez ziren famosoak. Joaten zen bezero bat eta galdetzen zuen: "Zenbat balio du koadro honek?". "Berrehun franko", martxanteak. "Hori gehiegi da", besteak. "Berrehun franko gehiegi? Zuk ez dakizu zenbat balio duen honek. Ba, begira, hemendik aurrera, koadro hau nahi baldin baduzu, 200 ez, baizik eta 400 franko ordaindu beharko dituzu". Eta, horrela, martxanteak berezoari arte lan haren benetako balioari buruzko gogoeta egitera behartzen zuen. Eta eskuratu nahi bazuen, 400 euro ordainduta eskuratu behar zuen. Merke eskaintzen duzulako gutxiespen inpresio hori Mikel Markezek eta biok sentitu dugu gure kontzertuetan. Gutxi eskatzen baduzu, kontratatzaileak edo antolatzaileak uste du espektakulua erdipurdikoa, kaxkarra edo soinu txarrekoa dela. Asko kobratzen baldin baduzu, berriz, horrek errespetua sortzen du antolatzailearengan. Horregatik bakarrik, zerbait ona eta dotorea kontratatzen ari dela iruditzen zaio. Igoal Renoiren martxante haren teknika erabili behar dugu.

Zuk asko idazten duzu, haurrei zein helduei begira. Nola erabakitzen duzu zer idatzi norentzat?

Iruditzen zait ideia batzuk haurrentzat aproposagoak direla helduentzat baino, eta alderantziz. Nire ustez, haurren eta helduen mundua bi mundu dira, elkarri bizkarra emanda daudenak. Helduen gauzak, gehienak, haurrari ez zaizkio interesatzen. Eta helduari, berriz, haurren mundua ez zaio batere interesatzen, ez bada bere hezkuntzaren bidez "onbideratzeko" eta haurra sozialki rentable izango den pertsona bihurtzeko.

Gehiegizko pedagogismoaz-edo ari zara.

Batetik, pedagogia dago. Haurrei balore batzuk ematen zaizkie, normalean gizartean ondo ikusita daudenak. Eta, bestetik, idazlea dago, beste ideia batzuk emango dituena, askotan kontrakoak. Nik beti animatzen ditut haurrak gurasoei kontra egiteko edo gurasoek esaten duten guztia ere ez onartzeko, eta eurak ikusteko benetan zer gustatzen zaien. Kontatzen diet Euskal Herriko etxeak trikitixaz beteta dauela, zientoka trikitixa abandonatuta daudela. Zergatik? Gurasoek nahi izan zutelako haurrak trikitixa ikastea. Erosi zuten, ederki ordainduta. Haurrak, ezetz esaten ausartu ez zelako, ikasi zuen lau urtez. Aspertu zen eta, 16 urte betetzean, esan zuen: "Ez dut nire bizitza osoan pieza bat gehiago joko, nire pazientziaz abusatu dutelako". Nik horrelako kasu pilo bat ezagutzen dut. Azken batean, Greziatik datorren eta sufiek ere esaten zuten hari, "ezagutu zeure burua" leloari, eutsi behar zaio. Mezu horren bidetik pistak eman behar zaizkio haurrari, bere buruari kasu gehiago egin diezaion eta gizarteak esaten duenari, hau da girasoek esaten dutenari, gutxiago. Begira, Elurte bateko ipuinak liburuan honako esaldia ipini dut: "Oreka lortzea da bizitzako sekretuetako bat, edo zehatzago esanda: besteei ezin diezu eskaini zeure buruari baino denbora gehiago, bestela galtzen aterako zara, nahiz eta diru gehiago irabazi". Idazleon istorioa ere hau da. Idazleak borroka egiten du diru pixka bat lortzeko eta diru pixka horrekin denbora bat egoteko lanik egin gabe edo bere gustuko gauzak idazten.

Haurrentzako liburu bat plazaratu berri duzu. Eskuartean ba al duzu helduntzako zerbait? Nobela bat, beharbada?

Ipuinak idazten ari naiz, baita poemak ere. Ipuin eta poema liburu bat aterako dut, beharbada, hemendik urte pare batera. Nobelarik? Egin ditut hamar urte nobela idatzi gabe eta ez daukat batere problemarik nobela idatzi gabe jarraitzeko. Ez dut nobelarekiko inolako apegorik; desapegatu nintzen.

Idazteaz gain, margotzen ere hasi zarela entzun dugu.

Ikasten hasi naiz, bai.

Beraz, hurrengo liburuaren marrazkiak beharbada zuk zeuk egingo dituzu.

Ez dut uste, baina esan nien, bai, txantxetan, argitaletxekoei: hemendik hamar urtera, idazle batek testua ekar dezala eta nik ilustrazioak egingo ditut.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta