EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

El País

2005-09-05 Gauza handiak | Alvaro Ravelli

Hirurogeita hiru pieza labur batu ditu Pako Aristik “Gauza txikien liburua” argitalpenean. Hirurogeita hiru pieza txiki urte askoren jirabiran landuak. Bertan ipuinak, bidaia kronikak, saiakeratxoak, gogoetak eta olerkiak nahastu ditu modu pertsonalean. Izan ere, Pako Aristi dugu idazlearen inplikazioa liburuan islatuta ikustea eder zaion idazlea, idazlearen erraietatik idatzi eta burua agertzea gogoko duena.

Horixe bere hautua. Eta lan honetan bere baitatik asko ematen du. Liburu hau, alde horretatik, idazle mota jakin hori aldarrikatzera dator, Aristiren ustez euskal literaturan batere ugaria ez den idazlea. Horrela, modu pertsonal horretan, fikzioa eta errealitatea nahastuz, gizarteaz eta gaurko bizitzaz dituen iritziak plazaratzen ditu.

“Gauza txikien liburua” bizitzari erabat lotuta dagoen lana da. Esanguratsua da ildo horretan liburuaren azalean idazlearen argazkia bikoiztuta agertzea, batean hogeita bat urte zituela agertzen da eta bestean, oraingoan, berrogeita bat. Beraz, hogei urteko tarte eta ibilbidea adierazten digu, hogei urte idazlearen bizitzan, gogoetatzeko bizitzaren beraren gainean eta urteen poderioz iritziak zelan aldatuz joan zaizkion. Liburu hau ibilbide hori hobeto ulertzeko modua da, heldua eta umotua izatera ailegatu den idazlearen eta pertsonaren pausalekua, kirrin-karran zarratu den denbora tarte baten bisagra.

Aristik liburu honetara isuri duen sentiberatasun bereziari ez zaio mina falta, urteen igaroak eragiten duen mina, gutxika nagusituz doakigun bakardadearen mina, egundo izatea lortu ez dugunaren eta bidean galdu dugunaren gaineko mina. Horixe da irakurleak, idazleak testuotan darabilen zorroztasunaz gain, berehala antzematen duena. Egilearen gogoetek lagun diezaiokete irakurleari berorren hausnarketetan, egoera berezietan lagun behar ditugun hausnarketa kontsolagarriak.

Horrenbestez, liburu honen lerro landuak astiro irakurri behar dira, presarik gabe, irakurri eta pentsatu. Horretarako ez da zertan hurrenkera jakin batean irakurri, liburu arrunta ere ez da; nahiko da norberak aldian-aldian behar duena testu dibertsitate honetan bilatzea. Eta bilaketa horretan irakurleak idazle baten sentiberatasuna, zorroztasuna, eta aldi berean, samurtasuna aurkituko du.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta