EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Diario Vasco

2003-10-07 Egunerokoak | Felipe Juaristi

Libreta horiaren historia Pako Aristik berak azaltzen digu azken poeman, dioenean Concetta Provanzak oparitu ziola; maitasuna, ordea, eman, José Luis Padroni hark. Arrunta izan zitekeen historia da, lagunen arteko topaketak, eta opariak, musuak bailiran. Baina poesiak halako historietan aurkitzen du babesa eta, noiz edo noiz, bazka ere bai. Batez ere poetak libreta horia daramanean, jakako poltsikoren batean, bere boligrafo edo rotuladorearekin, begien aurretik edo buru gainetik udazkeneko usoak bezala pasatzen zaizkion ideiak, irudiak, pentsamenduak, sentipenak, amodioak eta gorrotoak, apuntatzeko, edo besterik gabe —halakoak ere gertatzen baitira noiz edo noiz— poema osoak; esan nahi dut batzuetan poema osoak etortzen direla burura, ijitoak bezala, gurdi eta guzti, familiaka, leinuka, lurraldeka. Topikoa ere bada libretarena poeten kasuan. Bere burua poetatzat duenak —berez erdipurdikoa izanik ere— badu libretaren bat edo beste hori, gorri eta kirri-kirri, baina garrantzitsuena ez da libreta, baizik eta libretan idazten dena. Alexandriako poetak zioen bezala, garrantzitsua ez da itsasontzia, bidaiatzea baizik. Garrantzitsua da idazten dena, Pakok idazten duena, libreta horiaren orrialdeetan barrena, ildoak eginez, ibaiak itsasoratzean bezala.

Eta poema freskoak dira Pakorenak, unean sortutakoak eta gero, erretoke eta ukimendu gehiegizkorik gabe, hor geratu direnak, uneko testigantza gisa. Hori du ona libreta batek, bertan idazten dena beti dela berezia eta bat-batekoa, munduan gertatzen diren gauzarik politenak diren bezala: enamoramentuak, begiradak, esku-ferekak, hitzak, isiltasunak. Poema freskoak dira, egunerokotasunari lotutakoak, egunerokotasunak soka lodiak baititu dena lotzeko; baina era berean, egunerokotasunari ihes egiteko bidea eskaintzen dutenak, balizko exiliatu ororentzat.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta