EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mikel Peruarena Ansa > Hemeroteca

Argia

2009-07-05 "Saiatu behar dugu klixeetatik alde egiten" | Gorka Bereziartua

Gorka Bereziartua

Ez obeditu inori. Agindua ala aholkua, sano sendoa da Mikel Peruarenak (Ereñotzu, 1978) bere aurreneko nobelari jarri dion titulua. Susarekin eman du argitara XIX. mende amaierako hiru konspiratzaileren istorioa. Formarengatik eta edukiengatik urteko liburu uztak utzi duen lan interesgarrienetako bat.

Bi poema liburu, Eguraldiaz hizketan (Elkar, 2003) eta Edan ase arte (Kutxa, 2006), argitaratuak zituen Peruarenak nobela honen aurretik. Dena dela, narratiba ez da lur ezezaguna berarentzat, ipuin lehiaketa batzuk irabazi baititu azken urteotan. Berria egunkarian kazetari ari da, eta lanera sartu aurretik egin dugu hitzordua. Ez obeditu inoriko garai historikoaz galdezka hasi gara.

1898 eta 1900 artean kokatu duzu istorioa, gutxi landutako garaia euskal literaturan, nik dakidala behintzat. Zergatik urte horiek?
Akaso horrexegatik. Kubako gerra ez dagoelako oso landua, eta niretzako ere nahiko ezezaguna zelako hasieran. Badaude istorio txiki asko, baita historiaren pasarte potoloago batzuk ere, igual eskapatu zaizkigunak; ez dizkiogunak berriro kontatu gure buruari. Oso garai interesantea da, aldaketa garaia: mende berri baten hasiera. Eta ez bakarrik mendea: paradigma berri batean sartzea da, gatazka berri batean.

Trantsizio hori islatzeko egin duzu Sotero protagonista? Ze, berak tabernan ikasten ditu lagunek ekartzen dizkioten ezkerreko ideia berriak.
Soldadu bat nahi nuen, Kubako gerra ere ekartzeko. Nobelak ez du gerra kontatzen, eta akaso merezi luke, baina oso zaila egiten zitzaidan kontatzea. Hura zer izan zen ekarri nahi nuen, eta behar nuen soldadu bat handik elbarrituta bueltatzen zena, ze nonbait, elbarritzen zirenek bazuten lizentzia bueltatzeko. Eta bueno, Sotero den bezalako da... berak erabaki ditu gauza asko.

Historia asko ikertu al duzu nobela prestatzeko?
Bueno, puska bat. Aurretik baneukan lan bat egina: kronologiak, gertaerak, pertsonaiak, istorioak... Poltsa handi bat daukat hor. Eta gaia pixka bat zentratu nuenean hasi nintzen irakurtzen Donostiari buruzko gauzak, gerrari buruzkoak, Parisko Komunari buruz ere nahi nuen hitz egin... Gero istorioak berak eskatu didan ahala joan naiz bilatzen gauza zehatzagoak.

Historialari bati ere utzi zenion liburua publikatu aurretik. Arriskutsua da nobela mende bat atzerago kokatzea?
Beldur pixka bat ematen zidan, ze, klaro, zuk ez dakizu asko garaiaz, baina irakurtzen duenak normalean gutxiago daki; ez du hartu denbora, ezta zuk irakurri duzun gutxi hori irakurtzeko ere. Orduan, hanka sartzen baduzu, arriskua daukazu egi berri faltsuak sortzeko. Egunkarian ere gertatzen dira horrelako gauzak: hanka sartu detaile batekin, eta gero hori gelditzen da hemerotekan gertatutako gauza bat bezala. Poliki eta kontuz ibili behar da.

Hala ere, ez dakit hitz egin dezakegun nobela historiko batez.
Niri errezelo pixka bat sortzen dit bi hitz horiek elkartzeak. Irudipena daukat askotan nobela historikoetan historia gehiago egiten dela nobela baino. Eta zilegi izan liteke, e! Bakoitzak bere interesak dauzka. Baina nik nobela bat egin nahi nuen, historiarekin lotura badaukana, baina nobela bat. Eta horrek eskatzen ditu pertsonaia sendo batzuk, istorio interesgarri batekin, beraien arteko harremanak...

Aldiz, Beñat Sarasolak Berrian egin zizun kritikan nobela pikareskoaren ildoan sartu zuen. Zer iruditzen?
Interesantea da. Ez neukan buruan tradizio bat berritzea, baina beste gauza askoren artean hor zegoen: historian hainbesteko presentzia izan ez duten pertsonaiei eskaini izan zaien literatura da, bertsio ofizialetik kanpoko beste bertsio batzuk izan dituzten pertsonen historia. Alde horretatik erreferentzia izan daiteke.

Nobelaren egitura oso interesantea iruditu zait. Lan asko eskatuko zizun planoekin eta denborarekin egiten duzun joko horrek.
Ez dakit oso ondo nola sortu den. Pentsatu nuena zen, hasi behar nuela kontatzen bukaeratik, erronka txiki bat bezala. “Konta dezagun bukaera, edo kasik bukaera, eta goazen esplikatzera zer gertatu den bukaerara iristeko; ea kapazak garen irakurlea kateatzeko, amaiera jakinda-edo”. Horrela hasi, eta konturatu nintzen memoriak ere horrelako pasadizoak eraginarazten dizkigula. Zuk zure bizitzako pasarte inportanteenak kontatzen dituzu hasieran. Bost minutu baldin badauzkazu kontatzen duzu modu batera; ordubete baldin badaukazu, beste batera. Eta normalean ez dugu ordubete izaten kontatzeko... Idazten hasi nintzen hortan, pentsatu nuen akaso egin nezakeela gauzak ahoz kontatzen ditugunean bezala. Hor sortu da joko hori: hasieran kontatu ditut istorioan mugarriak diren pasadizoak, eta gero, nola denbora gehiago hartzen goazen, detaileak sartzen goaz, istorio batzuk errepikatzen... Jolasa da, azkenean.

Estetika diferentea bada ere, alde horretatik Quentin Tarantinoren filmak ekarri dizkit gogora, Pulp Fiction-eta...
Ez neukan hori buruan, baina kontziente naiz horrelako zerbait dela. Ez neukan Pulp Fiction egiteko asmorik, baina egia da pelikula horrek ireki zuela istorioak kontatzeko beste modu bat-edo akaso, gero oso postmodernoa bihurtu dena; nik esango nuke normalizatu egin dela, topatzen dela hainbat lekutan. Adibidez, liburua idazten bukatu eta gero Alessandro Baricco-ren Zeta irakurri dut, eta gauza bera egiten du: komertziante bat Japoniara joaten da, hiruzpalau bidaia egiten ditu. Ba bidaia bakoitza berdin kontatzen du.

Euskal literaturan ere hain zabaldua ikusten duzu kontatzeko modu hori?
Ba ez dakit. Azkenean, nobeletan saltoak egiten dituzu, ezin duzu dena kontatu. Flash-backak askotan erabili izan dira. Igual egin dudana da, pixka bat muturrera eraman: bukaeratik hasi, gero hasierako pasadizoak jarri, gero lotu pasadizo desbedinak... Horrela atera da.

Nobelako hizkera ere deigarria da. Oso sinesgarria egiten da Soterok erabiltzen duen euskara, oso garai hartakoa ematen du. Pasako zenituen ordu batzuk garaiko testuak irakurtzen ala?
Zaharrekin saiatzen naiz belarria jartzen. Badaude oraindik batzuk gaztelania kutsatu gabeak: oraindik estruktura mentala, lokuzioak-eta, euskarazkoak dauzkate. 80 urteko jendea, 90ekoa... Zehazki nire amona da erreferentzietako bat. Berarekin egoten naizenean, egoten naiz paperarekin, eta beti zerbait berria harrapatzen diot. Harrigarria da, Euskaltzaindia ematen du!

Espresio asko-eta...
Bai, akaso garai batean normalak zirenak galdu egin dira, eta gaur egun hiztegietan daude jasota. Guk hiztegietatik jasotzen ditugu eta ematen du ez-dakit-zer, baina orain dela 50 urte oso normalak ziren. Gertatu zitzaidan “adabaki” hitzarekin. Nire artean: “‘Petacho’ euskaraz esateko formaren bat egongo da ba?”; hiztegira jo, eta “adabaki”. Eta nik: “Auskalo zer asmakizun den hau”. Eta gero amonari entzun nion...

Adabakia.
“Araokia”. Orduan konturatu nintzen gaur egun jasotzat daukaguna, garai batean ez zela. Uste dut hor badaukagula lan bat egiteko, bizia izan den hori erreskatatzen; klaro, kontuz ibili behar da, gaur egun jasotzat dauzkagun beste gauza asko garai batean ez zirelako erabiltzen, asmatuak izan dira. Baina nik ahalegina egin dut.
Estandarizatu egin dugu hizkera. Nik uste literatura egitean saiatu behar dugula estandarizatuta ez dagoen horretara jotzen, klixeetatik alde egiten. Gaur egun corpusa izugarri zabaldu zaigu, gauzak esateko forma zehatzak dauzkagu, eta askotan horretara jotzen dugu. Igual formari arreta pixka bat gehiago jarri beharko genioke... Baina ez dakit hori esatea ausartegia den.

Eguraldiaz hizketan berrirakurtzen bizpahiru poemetan ikusi dut “Gerezien garaia” aipatzen zenuela, Jean-Baptiste Clémenten kantari erreferentzia eginez. Nobelan ere Parisko Komunako garaiak aipatzen dituzte protagonistek, gerezien garaiak. Zure ADN literarioan dago momentu historiko hura?
Ai, Dios! [barre egin du]. Baliteke, ADNaz ez gara konturatzen gainera... Ez dakit, nire obsesioetako bat da nire burua ez errepikatzea. Nobela idazteko arrazoietako bat hori izan da: poesiarekin nire burua errepikatzen ari nintzen. Baina bueno, ezinezkoa da, gai batzuk buruan dauzkazu eta nahi gabe ere atera egiten dira.

Horrek ez du zertan txarra izan, ezta?
Ez, txarra ez, baina irakurleak aspertzeko joera ikusten dut. Idazle batzuekin, batzuetan, sentsazio hori izaten dut: “Hau irakurri diot beste liburu batean”. Nik hori jasotzen badut beste batzuengandik, saiatzen naiz hori ez transmititzen beste batzuei.

Mezuaren esanahiaz ere hitz egin nahi nizun: Eguraldiaz hizketaneko poema batean, Izango da Ien, esperantza bat agertzen zen, gizartea aldatzeko, beharbada iraultza baten posibilitatea... Ez obeditu inori leitu ondoren, ez dakit ez ote den kontrako ondorioa ateratzen.
Litekeena da... Ez dakit posible den ala ez: politikari buruz pentsatzeak geroz eta neke handiagoa sortzen dit. Gertatzen dena da, nobela honetan historiarekin ari garenez, ari garela baldintzapen batekin: ez dela izan. Beraz, esan nahiko banu ere posible dela, ezingo nuke: ez da ezer gertatu; hemen izan gara, izan garen bezala; eta igual horretaz kontziente izan behar dugu, noizbait gauzak aldatu nahi baditugu. Hala ere, bukaera gehiegi aurreratu gabe, uste dut etsipen itxaropentsu bat dagoela. Saiatu naiz bukaera anbiguo samarra egiten. Segun eta norberak nola ikusten duen momentu horretan bizitza, igual alde batera erortzen zaio, edo bestera.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta