EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Martin Anso Blanco > Hemeroteca

Berria

2009-02-08 Berridazleen generoa | Bixente Serrano Izko

Genero literario xumea dugu sinesmenak, legendak, historiazko edota istoriozko gertakariak berridatzi eta biltzen dituena. Etnologoek etxez etxe ehizaturiko ipuintxoak, herri abestiak, bertsoak, atsotitzak, sutondoetan txikitan edo tabernetan lagunartean entzun eta oroituriko pasadizoak, historia liburuetako kontakizunak, maila altuetako obra literario askoren inspirazioa eragin duten gertakariak edo asmazioak..., iturri anitzen bidez nola edo hala gizatalde baten oroitzapen kolektibo bihurtu diren hainbat eta hainbat istorioren bildumak, egile batek paperetara eramanik eta moldaturik, horiek izan ohi dira genero xume horren lehengaiak.

Eskola eta garai literario askotatik saiatu den generoa da: bere sasoiko erromantizismo edo berantiarretik, errealismotik, kostunbrismotik, historizismotik, surrealismotik, literatura sozialetik, etab., saiaturiko generoa, nahiz eta gehienetan erromantizismo berantiar eta kostunbrismo zein historizismoekin lotu ohi dugun. Eskola bakoitzak bere izpiritu, sentikortasun eta helburuak dituela erran gabe doa.

Gure artean ibilbide luzea duen genero honetakoa dugu Martin Ansoren Ele zahar, ele berri bilduma hau: XIX mendeko erromantizismo berantiarrak eta kostunbrismoak askotan ibilitakoa. Garai haietatik hona, bilduma horien atzetik badago jakinminik, herri baten gogoa antzeman daitekeelakoan, eta istorio horien multzoaren atzetik nolabaiteko ikasbideak (moralak edo politikoak edo kulturalak edo antropologikoak, edo askotarikoak batera) ikus ditzakegulakoan. Zentzu horretan, istorioen berridazketan berrirakurketa ere badago beti, idazleen garaikoa; hau da, ele zahar horiek guztiak ele berriak dira neurri horretan, nahiz eta berridazleen buruan, arruntean, edo istorio eternalak izan, edo denborak berarekin iraganera, ahanzturaren zakuetara, heriotzara, tamalez eramanen dituen (eramaten ari den) ondare izan. Martin Ansok ere ele berri gisa ikusi nahi ditu bere ele zaharrak, baina garai eszeptiko eta ironikoago hauetako ikuspuntutik: ipuin horien balioa kontakizunak eta kultura kolektiboaren ondarea, gizatiartasunaren (gizatalde edo herri zehatz batena izan ala ez) ispilua, izatean datzalakoan. Bilduman, izan ere, 38 narrazioetan, iturriei dagokienez, denetarikoak daude: Euskal Herriari, edo kultura klasikoei edo bertze herri eta kulturei esker ezagutzen ditugunak; baita hala industriaurreko mundu tradizionaletik nola moderniako mundu urbanotik datozkigunak ere. Eta narrazio guztiei, izan ere, ele berri gisako ikuspuntuari dagokionez, koda halako bat erantsi die, gaurkotik ikustarazi nahian kontaturikoa; gehienetan «Zer eginen diogu, ba!» tankerako izpiritu eszeptikoarekin, askotan ironia puntu batekin, eta batzuetan (beharrik, gutxitan!) esplizituegi ikasbide moral baten antzeko zerbaitekin.

Ez nauzue genero honen zaleegia, baina aitortu nahi dut pozteko ezustea jaso dudala Ele zahar, ele berri bilduma irakurtzean: generoaren xumean, euskara eta estilo fresko eta atseginean garaturiko ipuinak ditugu, irakurketa arinetan denborapasa goxoak egiteko aukerak ematen ditu. Eta, gehiagorik nahi dutenentzat ere, bertan lehengai politak ditugu zerbait propioagoa ateratzeko, dela hausnarketa filosofikoak, dela anekdotario bitxia lagunarteko berriketa edo hitzaldi edo eskola-ordu edo idazkietarako... Gainera, amaierako eranskinean, narrazioz narrazio, berri ematen dio irakurle interesatuari, zein bertsiotatik abiatu den, zein aldaera hobetsi duen, non aurki dezakegun zehaztapen gehiago: eskertzeko oparia eta zintzotasuna.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta