EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Markos Zapiain Agirre > Hemeroteca

Hitza

2009-05-01 "Guztia ateratzen zait erdipurdi" | Rebeka Parras

Markos Zapiain Bermeon bizi den irundarra da. Irakasle da, filosofia eskolak ematen ditu eta Talatik tiroka (Elkar, 2009) liburua aurkeztu du aste honetan.

Talatik Tiroka liburua aurkeztu duzu. Zein da liburuaren ildoa?
123 testu labur dira, 2002ko urtarrilekoa lehenbizikoa eta aurtengo martxokoa azkena. Hainbat hedabidetarako prestatutako testuak dira, metodo dialektikoa eta fenomenologikoa konbinatuz onduak.

Egungo gizartea zure kritikaren jomuga al da?
Gure gizarteetako zenbait ohitura eta inertzia bai, arlo politiko-militarrean, telebistan, sexualitatean, ekonomian, gizon-emakumeen arteko harremanetan, zigorgintzan, taldekerian...

Zerk bultzatu zaitu idazlan hau egitera?
Jainkoaren deiak eta Xabier Mendiguren editorearen proposamenak.

Irakaslea izanda, liburu pedagogiko gisa gomendatuko zenuke?
Ez du gai bakar bat sistematikoki jorratzen, eta ez da eredugarri. Hala ere, maiz erakusten du pedagogiaren inguruko kezka, ikasleen eta irakasleen arteko harremanen ingurukoa.

Zure blogean ondokoa diozu: ‘Batzutan Pelipe pizten da ene baitan’. Hori eta liburuaren izenburua kontuan hartuta, zurekin kontuz ibili behar al du jendeak?
Egia da Pelipe kontuz ibiltzeko modukoa dela, batez ere niretzat, baina urteek aitzina egin ahala gero eta kontrolatuagoa daukat nortasun bikoitza.

Blogaria, idazlea, filosofoa, irakaslea eta tertulianoa, noizbait asetzen al zara?
Saltsa gehiegi, egia da, sakabanatuegi. Ondorioz, guztia ateratzen zait erdipurdi edo gaizki. Maiz egin didate kritika hori, eta egia da.
Zuk ere hori esan nahi zenuen, ezta?

Bai, noski. Nola definituko zenuke zure burua?
Labean erretzeko asmoz sartu berria dudan oilaskoa.

Zure bizitzan hainbat lekutan lan egin duzu; adibidez, Beiruten. Nolatan joan zinen lehen aldiz hara?
Lehenbiziko aldiz amamak eraman ninduen. Amama Zeller jeneralaren zerbitzari ibili zen Poitiersen. Gero, Zellerrek De Gaullen aurka putx militarra jo zuen, De Gaullek Aljeriaren independentzia aitortu zuelarik. Liburuan kontatu dut. Beiruteko egonaldi hartan hamar bat urte izango nituen. Deleuze filosofoa gure hotelean zegoen, ez dakit zehazki zer dela eta. Oposizio batzuetan epaimahaikide, horrelako zerbait. Pilula mordoa hartu behar izaten zuen otorduetan gizajoak, arrunt gaizki zituen birikak. Gerora aski maiz joan izan naiz Beirutera. Emazte Arratek biziki gustukoa du hango karrika alaietatik paseatzea. Alabak izan genituenez geroztik, ordea, Berbinzanan eta Baigorrin ibiltzen gara maizago. Bisitalekuaren izena B-z hastea da ezinbesteko baldintza bakarra. Jubilatu ondoren, dena den, osasuna lagun, berriz ere Beirutera joango naiz.

Non nahiago duzu bizi, Busturialdean ala Bidasoaldean?
Bidasoaldean onena Brasil gozodendako txokolatea eta opilak dira. Bermeori, berriz, eroetxeak sakontasun espiritual handia ematen dio. Biak dituzu bizileku zoragarriak.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta