EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Markos Zapiain Agirre > Hemeroteca

bizkaie!

2009-05-01 "Agintariak zozketa bidez aukeratu beharko litzatekez" | Saioa Torre Gereketa

Politikea, sexua, filosofia, irakaskuntzea, literaturea, familia, erlijinoa, futbola, psikoanalisia... Danetariko gaiak jorratzen ditu Markoz Zapiainek (Irun, 1963) Talatik tiroka (Elkar) izeneko liburuan. Zapiain Filosofian doktorea eta Filologian lizentziaduna da eta idatzizko euskal komunikabideetan zein ikus-entzunezkoetan ohiko kolaboratzailea. Egun, Bermeoko Institutuan Filosofia eskolak emoten ditu.

Liburua danetariko gaiak jorratzen dituen artikuluek osotzen dabe. Zergaitik erabagi dozu modu horretan antolatzea? Nondik dator izenburua?
Idazkiak 2002ko urtarriletik hona idatzitakoak dira, aurtengo martira arte, danetara 123 artikulu. Hasiera batean, Berria egunkariko atalen moduan antolatzea erabagi neban: Azala, Harian, Iritzia, Kioskoa, Mundua, Kirola, Zakilixut... Baina aukera hori baztertu egin genduan eta oraingoa aukeratu, Xabier Mendiguren editoreak egindako artikuluen aukeraketa-lan bikainari esker hein handi batean.
Izenburua be editoreak, hau da, Mendigurenek asmau dau. 'Tiroka' berbeagaz, nire izaera eta berbakera motelari indarkeria puntu bat jarri gura izan deutsola uste dot. Eta, 'Talatik', bada, artikulu asko Bermeoko 'Tala' dalakoan idatzita dagozalako.

Ez dago protagonistarik?
Talako eroetxean bizi dan Kristino behin baino gehiagotan agiri da, Ibarretxeren eta Ratzinger Aita Santuaren alboan, Espainiako demokraziaren bakotasunari kritikea egiteko. Gero, demokrazia zer dan azaltzen da, eta zergaitik dan eskandalugarria Platon lako aristokrata batentzat. Demokrazia ez da edonork agintzeko moduko erregimena, edozeinek, zoro batek agintzeko modukoa edo, orain pasetan dan moduan, ahalmenaren, ikasketen edo alderdi bakotxeko trepalariek agintzekoa. Horregaitik, oso garrantzitsua da zozketea. Egun, ezin da gauzatu, baina agintariak zozketa bidez aukeratu beharko litzatekez. Hortaz, Kristino, Ibarretxe, Aita Santua... Danak dagoz maila berean eta horregaitik sortzen da eskandalua.

Zein izan da editoreak eta biok jarraitutako erispidea testuak aukeratzeko?
Esan dodan moduan, neurri handi batean Mendigurenek egin dau lan hori. Hasiera batean bialdutako guztiak argitaratu ezkero, liburuak milaka orrialde euki izango leukez. Goi-mailakoak, zorrotz egituratutako iruzkinak, ideia apart eta barriak baztertu eta nire alde kutreenak eta nobletasun gitxiena daukienak hobetsi doguz, adikzinoa, traizinoa, koldarkeria eta horrelakoak lantzen dituen artikuluak.

Libururuaren azala be nahiko berezia da...
Trintxerpen, Jose Lopez argazkilariak esan eustan: 'imini kabroi arpegia ze ez jatzu bape kostauko '. Eta holan nator liburuaren azalean.

Ze metodo jarraitu dozu artikuluak idazteko?
Idazkietan, filosofian tradizino sendoa daben metodo bi agiri dira. Batetik, dialektikoa; baina Socratesena, eta ez Hegelena. Hau da, zure buruari galderak egin eta erantzun, alkarrizketea bikoiztu, eta ez gure herriari hainbeste kalte egin deutsen tesia-antitesia eta sintesia eginaz. Errealidadeak oso gitxitan funtzionetan dau holan eta akats larria da bide horretatik jotea, dialektikearen ikuspuntua laudatzea.
Bestetik, bigarren metodo bat dago, akaso entzutetsuena: fenomenologoek egiten dabena da gai baten ganean dakizuzan datuak baztertu, albo batean itxi, eta ahalik eta gehien murgildu gaiaren funtsean, aurreretxirik barik. Ni metodo hori erabilten ahalegindu naz.

Zer dinoe zure ikasleek filosofia irakaslearen aparteko jardunaz? Eta liburuan agiri dirala irakurtean?
Hamasei urteko ikasleek be badakie saiakerea saltzea nahiko gatxa dala eta errukitu egin dira. Batzuek esan eustien 'ni agertu ezkero, liburua erosiko dot' . Urten, urten dabe, baina liburuagaitik ia 20 euro pagau behar dirala ikusi dabenean, diru horregaz zortzi kalimotxo eros daitekezala konturatu eta, jakina, gibelarentzat askozaz txarragoa da liburu bat zortzi kalimotxo baino. Ikasle batek 'Emuletik bajauko dot' esan deust eta, beraz, alde horretatik ez dago zer eginik.
Batzuei baimena eskatu deutset euren izena erabilteko, eta ados egon dira, konturik lotsagarrienak erakutsi arren. Berbarako, pasarte batean, ikasle batek beste bati gelan zelan marsturbetan eutson kontau dot. Artikulu horretan bere izena idazteko baimena eskatu neutson eta baietz esan eustan, arazorik barik eta pozik, ganera. Baina, beste ikasle batek, berbarako, izena bai baina abizenik ez idazteko eskatu deust.

Ez deutsu lotsarik emoten zure bizitzako arlo pribadu 'lotsagarriak' publiko egiteak? (Galdera hau Arratek, Markosen emazteak egin eutson liburuaren aurkezpen-prentsaurrekoan).
Bai, asko. Baina hori jokoa da, lehenengo erakutsi eta gero ostendu. Bai, lotsa handia emoten deust. Batzuetan, zure burua gainditu behar dozu, alde lotsagarri horreei aurre egin ze, gauza horreek erakusteak konponbidea topetea ekar leike.

Nondik dator Kalaka telebista-saioan zure izenaren azpian jarten daben 'filosofo kontenplatiboa' terminoa?
Programakoek galdetu eustien ia zelan aurkeztu gura neban neure burua eta, lar pentsau barik, hori bota neban. Filosofiaren tradizinoa niri oso interesgarria iruditzen jat, aldarrikatu beharrekoa, baina uste dot, sarritan, gaiak hurregitik aztertzen doguzala, beroan, distantziarik barik. Kasu horreetan, kontenplalaritzea aplikau, arazotik urrundu, hoztu eta egoerea aztertzen ahalegintzea izan beharko litzateke egokiena... zeozer esateagaitik.
Batzuetan, 'idazle' be deitu izan nabe, baina nik ez dot idazten idazlea nazalako, emaztea idazten ikusi eta, nortasun ahula daukadanez, ba neuk be idazten dot, baina ez naz idazlea. Emazteak 'ala delta' egingo baleu, neuk be egingo neuke. Nik kutsatu jatalako idazten dot, ez dot idazteko beharrizanik sentiduten, eta idazle batzuek izaten daben 'sormen krisia' dalakorik be ez daukat. Ez naiz idazlea, ez intelektuala, filosofia irakaslea baino.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta