EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Kepa Altonaga Sustatxa > Hemeroteca

Hegats

1999-10 Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan | Ricardo Gomez

Liburu zinez originala da Kepa Altonaga irakasleak eskuartean utzi diguna. Zientzia-dibulgazio lan honetan hainbat arlo ederki bildu eta uztartu ditu (biologia, geografia, antropologia, literatura, geologia, historia eta beste), irakurgai mamitsu bezain gozagarria gertatzen delarik; egun hain estimu handia duen diziplinartekotasunean murgiltzen da, beraz, maisuki murgildu ere. Altonagaren abiapuntua Folin markesa, XIX. mende hondarreko malakologo —hots, marraskiloen ikertzaile— frantsesaren hipotesi bat da, alegia, markesak Baiona inguruan bildutako lau marraskilo-espezie ez ziren Europan arruntak eta, areago dena, Ameriketako espezie batzuen antz handia zuten. Folin-en azalpena berehala dator: marraskilook jatorri komuna zuten, behiala Amerika eta Europa lotu zituen Atlantida galdua; horrelaxe heldu ziren Euskal Herrira.

Lehen kapituluan (”Folin aitzakia”, 15-64. or.) Altonagak Folin markesaren bizitzaz eta lanez dihardu, Euskal Herriko egonaldian eta bertan burutu zituen ikerketetan arreta berezia ipiniz. Aldi berean, XIX. mendeko naturzientzien aurrerapen batzuk agertzen dizkigu, hala nola Darwin-en eboluzionismoak plazaratu zituen kezka eta ikergai berriak, hurrengo hamarkadetan kreazionista, lamarcktar eta enparatuekin lehia biziak sortaraziko zituztenak. Folin-i, Darwin-en eta Lamarck-en zantzuak agertzen baditu ere, funtsean Agassiz-en kreazionismoaren jarraitzaile deritzo Altonagak.

Bigarren kapituluak (”Alegiazko irla”, 65-105) Atlantidaren mitoa aurkezten du. Platonen aurreneko aipamenetik abiatu eta azken aurkikuntza geologikoetaraino, Altonagak Atlantidaren inguruko hipotesiak, proposaturiko kokapenak, “gizateriarengan sortu duen faszinazioa” (77. or.), garaiko teoria zientifikoetan lortu zuen lekua eta funtzioa —eboluzionismoaren ondoriotzat hartu zen zubi interkontinentalen beharra, Lemuria esaterako— eta egindako kritikak maisuki eskaintzen dizkigu.

Hirugarren kapitulua (”Marraskiloen atzetik”, 107-142) teknikoena da, marraskiloen sailkapen arazoei eskainia baitago. Nolanahi ere den, ez dira falta biodibertsitateak pairatu mehatxuaren gaztigua eta, hortaz, espezie guzti-guztien sailkapenari zor zaion arreta handia. Altonagak ederki azaltzen digu, marraskiloei buruzko xehetasunen artean, nola erabili ziren molusku hauek artean lurzubiei buruzko hipotesiak bermatzeko, Atlantida eta Lemuriaren alboan Gibraltarreko itsasartea “irekiberritzat” zuena, kasu. Ildo horretatik, hemen aurkezten zaizkigu, zehatz-mehatz aurkeztu ere, Folin-ek aurkitutako lau espezie exotikoak eta euren gaurko egoera. Ororen buru, markesaren ondorio guretzat xelebrea orduko iharduera zientifikoaren barnean zeharo ulergarri eta sinesgarri bilakatzen zaigu.

Laugarren kapitulua (”Zer gara gu, nor gara gu”, 143-192) artean azaldutako puzzlea osatzera dator. Azken pieza “euskaldunak ” dira; Altonagak erakutsi gogo du Folin-ek Atlantida euskaldunei atxikitzeak haren hipotesia ahuldu barik sendotu eta argitu egin zezakeela. Markesaren iturri bibliografiko aipatugabeak miatzeko asmoz, Altonagak euskaldunen jatorriari buruz ordurarte plazaratutako teorien atzeranzko bidaia batean murgiltzen gaitu, “konexioren baten bila” (149). Ikus dezagun lasaixe Altonagaren ibilbidea: Abartiagarengandik Arana Goirirengana eta abandotarrarengandik Xahorengana joanez, azken honengan aurkitzen du hipotesiaren lehen abiapuntua. Folin-ek Xahoren lanak irakurtzeko aukera izan bazuen ere, Altonagak hiru konexio hurbilago proposatzen dizkigu —Folin-ek zuzenean ezagutu zituen Vinson, Webster eta Abbadia— bai eta dudazkoago bat, Élisée Reclus geografilari anarkistaren artikulu bat, hain zuzen. Hala ere, Folinek Garat-en Origines des basques (1869) irakurri eta kritikatu baitzuen, Altonagak —liburuaren egilea Garat senadorea ez beste bat izan zela ohartarazi ondoren— haritik tira egiten du berriz ere eta Iharce de Bidassouet, Darrigol, Baudrimont eta Astarloaren ideietan barrena (euskara munduko lehen hizkuntza) abiatzen da. Ondoren, gaurko “lunatikoen koadrilan” Atlantida eta euskaldunak lotzen dituen iritzi franko aurkitzen ditu eta, jatorriak jatorri, euskal apologigileen tubalismotik Humboldt eta Schuchardt-en eusko-iberismora doan bide ezaguna birpasatzen du, bidenabar XIX. mende hondarreko euskalaritzaren giroaren berri emanez. Kapitulua amaitzen da orduko antropologiak gizakiaren jatorriari buruz uste zuena azalduz, Aranzadiren eta Barandiaranen Cro-Magnon txistularia bere testuinguruan kokatzeko asmoz. Liburua bibliografia zabalak eta izen eta gaien aurkibideak ixten dute.

Istorio erakargarri bezain korapilatsua benetan marraskiloak, Atlantida eta euskaldunak biltzen dituen hau. Guztiarekin ere, Altonagaren kontakizunaren haria oso ongi jarraitzen da, teknikzismoak gorabehera. Horretarako lagungarri apartak suertatzen dira kapitulu bakoitzaren hasieran eskaintzen dizkigun laburpen-iragarpenak; eta irakurlearen motorrerako erregai bikainak, orobat, han-hemen ttanttaka gaurko literaturari —zientifiko zein fantastikoari— egiten dizkion bisitaldi arinak.

Altonagak ahalegin handia egin du euskaraz landugabeko zientzia-dibulgazioaren genero honetarako idazkera egokia bilatzen eta hein handian lortu ere du. Hiztegi ikaragarri aberatsa darabil, estiloa arina eta irakurgarria. Halaz guztiz, zenbaitetan kolokialegia deritzot. Zientzia-dibulgazioak, ene ustez, hizkuntzaren maila jasoa gorde behar du, nahiz eta hitz tekniko bortitz, formula zail eta gainerako berezitasunez arindu, jakina. Hortaz, norberaren gustuen arabera neurtzeko da, agian, -(e)neko, -(e)laren eta -(e)laz egituren edo inkluditu eta plasmatu bezalako mailegu gordinen erabilera gehiegizkoa. Baina ze, leidu, txirene (passim), txutxu (74), koiuko (85), justu kontrako (112), txiripa (156), gatxa (159), aputxurratu (162), parraplada (167) edo flashatuta (168) bezalakoak erabat lekuz kanpo begitantzen zaizkit. Bestetan, nago Altonagak apustu ageria egin duela euskara baturako Euskaltzaindiak hartu dituen zenbait erabakiren kontra, ez atzokoak gero: ba baiezkoa bereiz idatzi, batzu, eritzi, etab., horietako zenbait Leioako zientzi irakasle batzuen aspaldiko lehiak direla: kontsonante aurreko x (textu, exploratu, explikatu,…) edo projektu, adibidez. Ezin dut aipatzeke utzi liburuaren hornidura grafikoa: liburuan zehar argazki ugari —non protagonismoa partez zientzilariek, partez euskalariek, partez moluskuek hartzen duten—, beti egoki kokatuak eta oin zehatzez apainduak sakabanatzen dira, irakurketa are interesgarriago eta arinagoa gertaraziz. Ene aburuz, argitalpenaren akats bakarra hautatu paper diztiratsua da, bertan oharrak hartzea eta liburua argi artifizialez irakurtzea ia ezinezko egiten duena.

Ene ikuspuntutik, filologilari baten ikuspuntutik alegia, zilegi da pentsatzea Altonagaren liburu osoa lan filologiko baitezpadako bat besterik ez dela, ez gehiago ez gutxiago. Izan ere, berrehun bat orrialde eskaini ditu Folin-en hitz batzuen esanahia (62. orrialdearen hasierako pasartekoak) azaltzeko eta gaurko irakurleari ulertarazteko, bertan agertzen diren kontzeptuak eta ideiak argituz eta idatzi ziren garaiko testuinguruan kokatuz. Ez al da hori filologiaren eginkizuna? Ildo honetatik, esanguratsua deritzot ematen duen ozeanografiaren definizioari: “izatez ozeanografia ez da horrenbeste benetako zientzia bat, baizik eta ozeanoaren ulerkerarako bestelako zientzien aplikazioa” (22). “Ozeanoa” kendu eta “testuak” ezarri, voilà filologiaren definizio ezin zehatzagoa! Baina oroz gainetik liburua desafio ausarta bezain ongi burutua da. Gurean hain agorra izaten den saiakera generoari —are agorrago den zientzia-dibulgazioarenari— adorez ekin dio Altonagak eta emaitza gogobetegarria utzi digu Folin markesaren inguruko “historia eta istorio ehundu” (11) hauetan. Jarraipena izango al dute!

Amerika, Suedia, Arktiar Ozeanoa, Britaniar uharteak, Palestina eta Ipar Afrika. […] Hego Afrika, Nigeria, Australia, Frantzia, Sardinia, Sudan, Malta, Ekialdeko Prusia, Siberia, Groenlandia, Kaukasoa, Herbehereak, Belgika, Krimea, Irak, Iran, Brasil, Bahamak zein Ozeano Indiko eta Pazifikoan. Hauei Kartago, Tartesos eta Kreta minostarra erantsi behar zaizkie. (76. or.)

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta