EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Diario Vasco

2005-08-19 Hitzaren bila | Felipe Juaristi

Izenburuak, alegia “Bizitzeak hil egiten du”, hitz-jokoa dirudi, edo paradoxa, beste hitz bat erabiliz. Bizitza paradoxa denik ez dut nik esango; ezta heriotza ere, gure etxe barruan noiz sartuko zain den bidaiaria. “Bizitzeak hil egiten du” dioenak esan zezakeen, era berean, “bizitzeak biziarazten digu”, baina ez da kontu bera. Zenbat eta gehiago bizi, orduan eta hurbilago heriotzatik. Betiko kontua, “gure biziak dira itsasorako ibaiak”, bizitzak berak baikaramatza, arrastaka batzuetan, eskutik helduta besteetan, heriotzaraino. Baina bizitzak biziarazten digu, unean unekoa bizi dugunean, eta heriotzaz pentsatzen ez dugunean. Izan ere, egunen batean hilko bagara, zertaz eman gogo horri.

Bizitza izan daiteke ere poesia-modu bat. Juan Ramon Makusoren poema bat irakurtzen dut: “Itsasoa eta zerua / batzen dira limitean. / Zu eta ni otzanean”. Hitz sinpleak dira, baina egiazkoak, hitzen neurrietatik kanpo eramaten gaituztenak.

Egilea filosofoa da, eta filosofiaren eta poesiaren artean zubi askorik ez da. Nahi izanez gero, eraiki daitezke, eta poeta den oro saiatzen da berea eraikitzen eta gero, zubia igaroz gero, bera baztertzen edo txikitzen. Poeta den oro saiatzen baita filosofiak esan nahi duena esaten, baina bere modura, bere hitzak erabiliz. Poeta den oro saiatzen da, era berean, bere sentimendurik ez ezkutatzen. Poesia oreka da; esan nahi denaren eta esaten denaren artekoa. Juan Ramon Makusoren liburua orekatua da. Ez dago hitz harrorik. Hitzak daude “errealitatea gurutzatzen duten geziak”, egoera bat, poetarena bera, adierazi nahi dutenak. Hitzak garrantzia baitu liburuan, eta bizitzan. Hitzaren bila dabil poeta “hitz politak nahi nituzke basamortu hau loratzeko”. Egia ere bada, hitzek lora dezaketela.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta