EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Juan Ramon Makuso Mujika > Hemeroteca

Irunero

2006-07 Hiri nahiz aberri aurrefabrikaturik ez! | Mikel Asurmendi

Kuraiaz ari zaizkigu poetak azkenaldion. Lerro hauetakoa filosofiaren bidean ibilitako poeta dugu. Bizitzeak hil egiten duela gaztigatu zigun poesiaren bere lehen ibilaldian, bizitzearen arrazoiari poesiaz erantzun zion joan-etorri hartan. Heldu zaigu berriz ere poeta, eta, biziko bagara, hirian (h)abiatu beharraz gaztigatu digu.

Juan Ramon Makuso dugu poeta, baiki. Iraganean baino poetagoa oraingoan, hirian barrena ibilia heldu zaigu, karrikaz karrika, kantoiz kantoi, ausarki heldu ere. Xabier Agirre Lizardi edota Juan Ramon Jimenez poetak dakartza alboan, esaterako.

Hiri —zuri alegia— edo guretako inori, izaditik gorazarre egin zigun Lizardik. Euskaldunok hiria edo polisaren beharreaz ohartarazi nahi gintuen Lizardi, naski. Hots, izaditik hiri bidera bultzatu nahi ote gintuen Lizardik, bultziaren etorreraz aditzera emanez!?

XX. mendea iraganik, XXI.aren abiaburuan hiriari gorazarre egin dio Makusok, baita hiritik beretik egin ere. Eta gorazarre egin dio, euskaldunok —nahiz pertsonok— biziko bagara, hiria “habia” bakarra legez ikusten baitu poeta honek. Hiria baina ez du ongi (h)abiatua ikusten poetak, (h)abiatua, habi(t)atua edo eraikia, alegia.

(H)abiatu da poeta, baita berbaren bila abiatu ere. Motxila bete berba dabil hirian, berbak baina lasta gisa garraiatzen ditu. Berbak, eleak eta hitzak… xahutuak, dagoeneko xahutuegiak ote diren antzeman dugu Makuso poeta. Ez da gauza berria bere poetikan. Alta bada, berbak behar ditu poetak, eta horixe du borroka, engoitik sobera xahuturiko berbak non paratu eta nola kokatu dihardu hirian: hots, nola habitatu hiria ia dena esana dagoenean… Nola, berben erabiltzearen poderioz, hiriaren iraganean adieraziek adiera galdu dutenean orainean.

Hiritar bezala porrot egin dugula irizten du Makusok, hiria kulturaren iruzurra dela diosku poetak. Eta, naski, horregatik, hitzaren bila abiatutako poeta, beldurrak dugu, bere berbak, hitzak eta eleak edergailuz eta zelofanez bilduta ager ote daitezen beldurrak dago poeta.

Izan ere, Makusok ez ditu hiri aurrefabrikatuak gustuko, ez aberri aurrefabrikatuak ere. Ez ditu gustuko hitzen nahasketa edo eleen nahas-mahas, ez ditu berben olio erre usaina laket. Ez ditu horregatik agorarik edo plazarik gabeko hiririk habi(t)atu nahi. Oinez segitzen du alabaina, oinatzez oinatz, oinazez oinaz lasta bota beharrean.

Irudikatu dezagun: iraganean Lizardi poeta xendaz xenda heldu zen gugana, eta oraineko poeta hau kalez kale heldu zaigula orainean. Bere mintzoa ele bilakatu du poetak jagoitikoz, elea zurekin, nirekin edo harekin partekatzeko desioz eta beharraz ari da poeta, gizakiok daramagun abere politikoa geure baitakoa eginen dugun esperantzan.

Iraganean naturarekin bizi izan zen pertsonak, hiria berezko moduan habi(t)atuko duen esperantzaren xerka dabil poeta. Hiritarrok hiria bere-berezko habia bihurtuko dugun esperoan ibili dabil Makuso poeta hirian barrena, aldian abian, aldian (h)abailan…

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta