EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Joxe Anton Artze Agirre > Hemeroteca

Gara Gaur 8

2007-05/18 "Bost poesia liburu eta txalapartari buruzko beste bat prestatzen ari naiz une honetan" | Joxean Agirre

«Bost poesia liburu eta txalapartari buruzko beste bat prestatzen ari naiz une honetan»

«Nik gero jakin nuen poesia espaziala ere bazela»

Joxean Agirre

2007ko maiatzaren 18a

Bere poemak ezagunagoak dira bera baino, eta seinale ona da hori. «Txoria txori» hamarkada baten ereserki bihurtu zion Laboak, «Maite ditut maite» nostalgikoen kantu bilakatu zuen Letek edo «Txori txikia nintzelarik» hartu eta gizaki menderatuaren metafora bat osatu zuen Benitok.

Poema horiek non argitaratu ziren galdetuz gero, ordea, oso gazte gutxik dakite erantzuten. Hutsune hori betetzera dator asteazkenean Pamielak berrargitaratu zuen «Isturitzetik Tolosan barru» poema liburu enblematikoa eta Artzeren lehena. Aste honetan, beraz, orain berrogei urteko oroitzapenak berritu ditu Joxanton Artzek. Pausaje airosoarekin agertu zen aurkezpenera eta lagun zaharrak agurtzeko aukera izan zuen; Mikel Laboa, Xabier Lete eta Joxeanjel Irigarai, esaterako. Txoko batera eraman eta galdera batzuk egin genizkion.

1969an atera zen «Ustaritzetik Tolosan barru». Asko harrituta geratu ohi dira, kanpoko erreferentziarik gabe punta-puntako lana egin zenuelako.

Ez nuen poesia bisualaren eta espazialaren berririk. «Gizona, lana, makina», esaterako, agertokian begi kolpe batean ulertzeko idatzi nuen hala, baita taldean errezitatzeko ere. «Nortzuk dira libro» espetxeetan edo bainugeletan idatzitako graffitiak kontuan izanda idatzi nuen horrela, espazio itxi bat osatuz, eta beste asko ere hala sortu nituen, ikusteko idatzi bainituen. Gero jakin nuen beste batzuek ere gisa horretako poesia egiten zutela.

Geroago deskubritu nituen poeta horiek; Araldo de Camposek, Augusto de Camposek eta Decio Pignatarik osatzen zuten brasildarren taldea, esaterako. Pierre Garnier frantziarra, Eugen Gombringer alemaniarra eta beste hainbat deskubritu eta irakurri nituen gero, baina nire lehen liburua idatzi nuenean ez nuen horien berri.

Ordurako, dena den, munduan apur bat ibilitakoa zinen. Paris eta Londres ezagutzen zenituen.

Parisen eta Londresen hiru bat urte igaro nituen, baina ez nuen literatura irakurtzeko zaletasunik sasoi hartan. Zinema ikusi nuen asko, ikaragarri, baina ez nuen irakurtzen. Hiru edo lau film ikusitako egunak asko izan ziren. Zuzendariei buruzko zikloak ikusten nituen, baita hemen ikus ezin zitezkeen filmak ere. Ingelesa ikasten eta zinema ikusten pasatu nituen bi urte.

Hori izan al zen Zumetarekin batera hasi zenuen bidaia?

Etxetik 21 urterekin joan ginen Zumeta eta biok. Ordurako, hura asko ibilitakoa zen. Lehenbizi, Parisera joan ginen motoz. Han hiruzpalau hilabete egin eta Stockholmera aldatu ginen. Handik Londresera jarraitu nuen nik, eta han bi urte egin nituen. Ama alargundu egin zen, eta, gero, biok elkarrekin hartu genuen aitaren harategiaren kargua. Oso emakume maitagarria zen, baina hogei urterekin ez zidan Donostiara joaten ere uzten. Beraz, baimenik eskatu gabe joan nintzen atzerrira. Etxetik ateratzeko premia nuen, baita neure burua proban jartzeko gogoa ere; izan ere, hain bizimodu erraza izanda, bizitzan neure gisa baliatzeko gai ote nintzen jakin nahi nuen.

Zure bizitzan zer sartu zen lehenago, txalaparta ala poesia?

Biak bateratsu etorri ziren. Larruketek eta Basterretxeak «Pelotari» dokumentala txalapartaren soinuarekin hasi zuten. Dokumentala ikusi eta 8 urte nituela Usurbilgo plazan ikusi nituen bi gizonez gogoratu nintzen; oholtzara igo, ohol batzuk lepotarren gainean jarri eta jotzen hasi ziren. Sekulako inpresioa egin zidan. Ez dakit erritmoagatik edota zur hotsa entzuteagatik izan zen, baina zirrara izugarria eragin zidan. Ordudanik, musikak ez dit halako zirrararik egin. Ez nekien instrumentu hark nola izena zuen ere. Dokumentala ikusitakoan, zirrara hura berpiztu egin zitzaidan. Zuaznabar anaiek jotzen jarraitzen zuten eta, Ez Dok Amairu abian jartzen ari ginenez, alboka eta tobera sartu genituen moduan, txalaparta ere sartu egin behar genuela pentsatu nuen. Hala, anaia ikastera animatu nuen. Txalapartak onarpen azkarra izan zuen Ez Dok Amaiarun, eta, hala, Remigio Mendibururen «Txalaparta» eskultura taldearen ikur egin genuen.

Txalapartaren erabilera modernoagoa bideratu al zenuten?

Jexuxek gauza berriak egin zituen bere aldetik, baina, elkarrekin jotzen genuenean, ikasitakoan oinarritzen ginen. Erritmoa garatu genuen, ttakuna galdu gabe. Erritmo hori, ordea, albo batera utzi dute txalapartari gehienek.

Ez Dok Amaiaruk zein puntutaraino animatu zintuen poesia idaztera?

Asko. Kantu zaharrak berreskuratzen ari ginen, Mikel esperimentalak egiten hasi zen eta testu garaikideen premia somatzen genuen. Nik oso tarteka baino ez nuen idazten, sentimenduak bor-bor nituenean soilik. Eta jarraitasun gehiagorekin idazten hastea erabaki nuen. «Isturitzetik Tolosan barru», hein handi batean, premia horri erantzuko idatzi nuen.

Poesia agertokira eramaten ere aitzindari izan zinen.

Nire poesia gehienak jendaurrean ikusteko edo irakurtzeko dira. Olerkia, ahoz emanda, askoz biziagoa zela uste nuen. Horregatik hasi ginen taldearen ikuskizunetan errezitatutako olerkiak sartzen.

Zuk errezitaldietarako ahots aparta duzu. Baina irakurtzeko edo errezitatzeko beste modu bat ere jarri zenuen indarrean.

Oso metodo sinplea jarraitu nuen. Garai hartan, olerkia irakurtzen zutenak, poeta espainiarrak bereziki, oso handiosak ziren. Keinu eta imintzio ugari erabiltzen zituzten errezitatzeko, eta, neure baitan, gregorianoetan erabiltzen duten recto tono askoz ere egokiagoa zela pentsatu nuen. Hori, egia esateko, orain pentsatzen dut, orduan ez bainuen gregorianoa ezagutzen, baina bide horretatik frogak biltzen hasi nintzen. Lehentasun osoa testuari ematen saiatu nintzen, beste inolako interferentziarik gabe. Ondo ahoskatuta eta silaba bakoitzari bere balioa emanda irakurtzen saiatu nintzen eta, noski, olerki bakoitzari bere doinua bilatzeko ahaleginak egiten nituen. Intonazioak lagungarri izan behar du, baina ez du inoiz testua estali behar. Ahotsak apalkiro egon behar du; testuaren atzetik, alegia.

Ez al duzu inoiz zeure burua aktore lanetan jarri?

Bartzelonan, Adria Gualen aste pare bat pasatu nituen. Antzerkiaren mundua nolakoa zen jakin nahi nuen. Garai hartan, Ricar Salvatek zuzentzen zuen erakunde hori. Baina ez nion jarraipenik eman.

Zuk paper guztiak gordetzen dituzun fama duzu. Ez al duzu ezer botatzen?

Ez dut ezer botatzen. Nire liburuen eskuizkribu guztiak etxean ditut, baina ez dut ezer aurkitzen. Laugarren liburua, «Bide bazterrean hi eta ni kantari», eskuz idatzi nuen fotolitoen gainean, eta bista ere orduan galdu nuen. Baina hori ere ezin dut aurkitu.

Zein da zure plana egun arrunt batean? Eta, egun, zer daukazu esku artean?

Oso goiz jaikitzea atsegin dut, baina, behin, masajista batengana joan eta gorputza ere neurea zela eta lo gehiago egiteko agindu zidan. Zortziak aldera jaikitzen naiz, eta goizean ateratzen zaidan lana arratsaldeko halako hamarra izaten da. Telefonoa kendu egiten dut. Ordu horietan sekulako argitasuna izaten dut. Bazkaldu aurretik ordubeteko mendi itzulia egiten dut. Igandetan zertxobait gehiago.

Orain, sei liburu batera prestatzen ari naiz, sekulako poesia pila jaio zaidalako. Txalapartari buruzko liburua ere ari naiz lantzen, guri erakutsitakoa eta nik ikasitakoa biltzeko. Hori da nire azken sei urtetako lana.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta