EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jose Luis Alvarez "Txillardegi" > Hemeroteca

Gara

2005-12-10 Labartzari agur | Aritz Galarraga

Iragana pisua izan daitekeela gauza jakina da. Are azken 17 urteak kaiolan eman badituzu. Antton Ihartzegarai fikziozkoaren kasua da hori, Txillardegiren azken nobelako protagonistarena. Liburua urte luzeetako kartzelaldiaren amaierarekin hasten da, preso ohia Labartzara, jaioterrira, itzultzen denean. Eta barruan prestatutako bidaia kontra-kronologikoari hasiera ematen dio, denboran atzerako bidaiari, erori aurretik esanahia izan zuten lekuetara. Enpatia ariketa ezinezkoa egoera bizi izan ez duenarentzat hemen proposatzen dena, egoera gertutik bizi izan duenak besterik konta ezin dezakeena. Antton Ihartzegarai preso ohia, preso ohi ororen paradigma izan litekeena.

Atera eta lehen gauza memorian hainbatetan berrikusitako lekuak bisitatzea du helburu. Nahi nagusi batekin: “kutsatu gabeko euskal jendearekin” topo egitea, “gure herriak bizirik dirauela egiaztatzeko”. Baina talka nabarmena gertatzen da usteen eta errealitatearen artean. Hala egiaztatzen du Anttonek, “gure kontuak oker daude, han barruan uste genuena baino” dioenean. Inmobiliariek baserri zaharren lekua zementuz bete dutela ikustean gertatzen da talka. Jendeak euskaraz hitz bakar bat ere ahoskatzen ez duenean, gazteenekiko desadostasun politikoak azaleratzen direnean. Eta sartu zutenean atzean utzitako sorterria joan da betiko. Akabo. “Behin eta berriz ametsaldiak kitto, eta errealitate gordina gailen”. Azken batean egoera berri horren kontzientzia hartzearen nobela da Labartzari agur.

Baita birkokatze saiakera bati buruzko lana ere. Hala ere, nahiz eta saiakera egin, egoera berri horretan lekurik ez daukanaren sentsazioa gailentzen zaio gatibu ohiari. Iragana itzuli ohi zaio amesgaiztoaren antzera. Burua ia galtzeraino. Errealitate berriari amore eman nahi ez eta ezin moldaturik dabil. Labartzatik alde egitea erabakitzen duen arte. Erretiroa hartzen duen arte. Erretiroa hartu ondorengoei bide egiteko.

Ihartzegarairen bidaia honetan irakurleak ere bidaiatzeko aukera du. Ikusten duenaren deskribapen luze, pausatu eta zehatzak egiten ditu, luzaz egunargia ikusi ez duenak egingo lukeen bezala. Eta protagonistak lekuak berraurkitzen joan ahala bizipenak sentiarazten ditu, eskuz-eskuz doaz narratzailea eta irakurlea. Labartza, kostaldea, itsasoa, Baiona, Arcachon… denboran atzera beti. Lehengo lekuak bisitatzearekin batera galdera berriak egiten dizkio bere buruari. Etengabe ari da galderak egiten. Bizitzaren eta heriotzaren eta abarren gaineko galderak. Hemen Txillardegiren ohiko kezkak agertzen dira, kezka existentzialistak. Autore honen obra definitu duen adjektiboarekin defini baitaiteke lan hau ere.

Neurri batean nobela politikoa ere bada Txillardegiren azkena. Errezeloak sor ditzaketen gai politikoak sakon aztertu gabe plazaratzen da ezker abertzalearen baitan azken urteotan sortu den eztabaida nagusia. Antton Ihartzegaraik ez du onartu nahi politikaren garai iritsi dela, aro berriaren atarian daudela, gaudela. Txillardegik pertsonaia mendi puntan galdurik den etxola batera bidaltzen du nobelaren amaieran, gai politikoak sakon aztertu gabe hala ere. Nahikoa baita iradokitzea.

Iragana pisua izan daiteke bai. “Izana izen gaiztoa” dio esaera zaharrak. Baina lan honek ez du amaiera ezkor edo itxirik. Alderantziz, Anttonek badirudi kontent hartzen duela erretiroa liburu, aldizkari eta paperen artean. Onartu egin baitu bere aroa joan egin dela, atzetik datozenek hartu behar dutela boza. Eta joanak joan, kontua da atzetik datozenak hemen daudela.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta