EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Arretxe Perez > Hemeroteca

Aizu!

2009-03 Fatum | M. Egimendi

Bidaiari nekaezina dugu Arretxe, eta garai batean bere liburuetan Ekialderantz egindako bidaiak kontatzen bazizkigun ere, azken argitalpenetan Europa hurbilean dabil, hilketak argitzen. Aurreko liburuan Parisen ibilita, Lisboara joan zaigu oraingoan Mariza prostituta zaharraren hilketa argitzera, Mario Barbosa fado kantari fatalistaren eskutik. Horiek dira nobelako bi protagonista nagusiak. Alde batetik, Mario, poliziatik ustelkeriagatik botatako cachaça zale amorratua eta Marizaren maitalea. Bestetik, Lisboa bera, hiriko plaza, kale eta tranbiak (28a, jakina) zehaztasun osoz deskribatzen baititu idazleak, plano baten gainean balebil bezala.



Lisboa zaharreko era guztietako pertsonaia baztertuak ageri dira nobelan: jonkiak, prostitutak, etorkin txiroak, arloteak, polizia ustelak ... eta nobela beltzetako giro ilunak eta bortitzak dira nagusi. Bestela, istorioa bera nahiko sinplea da, eta errazegi jakiten da nor den hiltzailea. Izan ere, estilo honetako nobelek suspense handiagoa eskatzen dute, eta hiltzailea aurretiaz ezagutzen den pertsonaia izan daitekeen susmoak jakin-min handiagoa pizten du, batez ere, heriotza eragiteko arrazoi ezkutua zein izan daitekeen bilatzen dugunean. Baina hemengo hiltzailea irakurleak ezagutzen ez duen pertsonaia bat da eta hiltzeko arrazoia, sinpleegia. Hala ere, erraz irakurtzeko moduko kontakizun entretenigarria da Fatum.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta