EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Noticias de Gipuzkoa

2007-03-10 Erretzaileen eremua | Iker Zaldua

Etxe bat erosi dute X eta Y-k eta gainontzeko letra guztiek etxe hori eraberritzen die, etxeak pitzadurak ditu eta haiei pintura eman ahala alfabetokide guztien arteko pitzadurak agerian geratu dira. Alfabetoan letra gehiegi, nagusirik ez eta katurik ezean saguan dantzan, liderra hautatu behar baina agian L.Vs ez da buruzagi aproposa, zama handia jartzen baitio bere gardentasun ezak, bere zurikeriak.

Zamari egokia amona deitzen zuten futbolari hura zatekeen, baina hankan min hartu eta bere lana utzi behar izan zuen halabeharrez. Bitartean bigarren letrak albiste ikaragarria jaso du, medikuak esan dionez, laster alfabetotik apartatuko du gaixotasun batek, hil egingo dela alegia. Ez du inor alboan, ez daki nori kontatu eta horrek gehiago kezkatzen du, gaixotasunak berak baino.

Horrelakoetan Cohibas bat erretzea izango litzateke onena, baina oparitu zioen Cohibas kaxa hura ez omen da benetakoa, beraz ezin erre Cohibas bat, ez egiazko purua behinik behin. Artega dago eta lasaitasuna Izeba Matilderen oroitzapenak ekarri dio, hura ere kinka berean dago, medikuak azken epaia eman dio, patua leku berean aurkituko dute biek.

X eta Y etxerik gabe geratuko dira, Goio ere nahastuta baitabil, ezin taxuz lanik egin, kaleratu egingo dutenaren zurrumurruak belarritik sartu zaio eta bitartean bulegoetan idazle ezagun baten artikulua du gogoan Gizon Handiak, ez zaio Goioren egoera axola, are gutxiago Valentinarena, zeinak nahiko lan duen bere senarraren aita zaintzen.

Kartzelatik atera berriak dira gainera X eta Y eta oso ondo dakite zein tratu berezia jasotzen duten bertan euskaradunek. Egoera okertu egin da, erotzeko moduan jarri da eta Santosen anaia teilatu gainera igo da, eta ez hura konpondu asmoz, mundua konpondu asmoz baizik. Ezin konpondu ordea, bitartean saiak igarotzen dira zeruan, teknikaria zalantza existentzialista larri batek jota dago eta onena etxea behin betiko erretzea izango da. Argitaletxeko editoreak egin duen bezala, eskerrak sutearen aztarnetatik liburu hau libratu duten suhiltzaileek, eskura duzun hau, Erretzaileen eremua.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta