EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Jon Alonso Fourcade > Hemeroteca

Nafar periferiatik

2007-03-30 Apur bat zaharragoak | Bixente Serrano Izko

Irakurtzen jarriz gero, irakurketa etenak bultzatzen dituen garaietan gaude. Balirudike, kasurako, errazago irakurtzen direla ipuinak eleberriak baino.

Ez dakit. Niri dagokidanez, agian lehenagokoa naizelako, aiseago irakurtzen dut eleberri bat narrazio laburren bilduma bat baino, printzipioz. Behin sartuz gero nobelak sorturiko giroan, pertsonaiengan, narrazioko zertzeladetan-eta, berez doakit, joan, irakurketa, direnak direlakoak egileak diseinaturiko bihurguneak —are bihurrikeriak ere, ez gutxitan.

Ez zait berdin gertatzen ipuingintzan. Aldatuz doaz ipuinez ipuin, gehien-gehienetan, atmosfera, gaiak, pertsonaiak, narrazioen bidaiak, erritmoak, erregistroak, bai eta zenbaitetan estiloak ere, eta horrek egokitzapen ahalegin etengabeak eskatzen dizkit. Atentzio etengabea eskatzen dute irakurketa etenek, horra kontraste ezerosoa.

Hortaz irakurle honek ematen dien garrantzia, ipuin bildumetan, liburuaren egiturari, ipuinen arteko lokarriei, bildumaren batasun ageriko edo ezkutuari. Ez dakit zein neurrian den gomendagarria irakurtzeko modu hori —guztiz libertario nauzue leitu eta interpretatzeko mota anitzei dagokienez—, baina hori izan ohi dut buruan ipuin liburuetan barna abiatzen naizenean, narrazio bakoitzaren xarmaz, mundu bereziaz eta lorpenez gain.

Tabakoaren kontrako legeak eta mentalitatea orokortzen hasi direnetik, metafora egokia dugu erretzaileen eremuarena gure bazterretako hainbat pertsonaien bizimoduak, norberak hautaturikoak edo jasanikoak, adierazteko. Horrelako pertsonaia eta egoeren galeria bat dugu, hain zuzen, Jon Alonsoren Erretzaileen eremua narrazio laburren bilduma. Horrek ematen dio batasun agerikoa liburuari. Baina ardura berezia hartu du egileak arkitektura ordenatu bat emateko oinarrizko batasun horri, bertzela ere guztiz zilegi izanen litzatekeen zaku bat barazki fresko bete baino zerbait egituratuagoa eskaini nahian. Lehenbiziko narraziotik hasi eta azkeneraino, badago ordenamendu landu bat.

Gizarte bat —are Euskal Herria ere— eraikitzeko mota baten isla izan daiteke lehen narrazioa, zeinean gainbeheran dagoen auzolaneko jardunean eta horren inguruan hitz aspertuetan murgiltzen diren lagunak “gauean, bilera bukatuta, denok ginen apur bat zaharrago” bertzerik lortu ez, baina bizitza harilkatzeko modu bat aurkezten baitigu; irakurketa soziopolitikoa, bizitzari buruzko filosofia eta kultura kolektibo eta parte-hartzaile batena egin dakioke ipuin horri.

Gero, jardun politikoetan hala holako lider gisa mugitu diren zenbait pertsonaia dira bigarren eta hirugarren ipuinen ardatzak, berauek ere era batean edo bertzean erretzaileen eremu baztertuetan erori direnak.

Hurrengo narrazioetan, giro profesionaletan, pertsonaletan, familiarretan, egunerokotasunean-eta murgildu dituen bertze protagonista/biktima anitz: heriotza, gaixotasuna, menpekotasuna, nola aldatu gaituen munduak guk mundua aldatu ez dugunez, sexu injustiziak, ingurugiroa, espekulazioa…, hainbat eta hainbat gai, gaurko bizimodu dirudienez hobe ezin honetakoak.

Azkenik, irakurleak, ez bada ipuinen ordenamendu landuaz konturatu, atentzio deia bat jasoko du amaierako narrazioan, Epilogoa azpititulua daraman horretan: berriro ere, gogoeta orokor bat oparitzen digu Jon Alonsok guztion bizitzaren irudiak alde anitzetatik ikustarazten diharduten idazle eta argitaratzaile mota batzuei buruz, hain zuzen ere merkatu uniformatutik kanpo (erretzaileen eremuan) ezinean mugitu nahi duten horiei buruz, mundu horren inguruko protagonisten nahiak, proiektuak, menpekotasunak, eta miseriak ere, idazluman: nola edo hala, den bezala izanen ote da gure mundu hau, eta horren isla ere haren islatzaileak.

Errana doa liburuaren egituraketaren harira zer nolako begiradarekin ikusten duen egileak gure mundua. Halarik ere, etsipenaz ote? Ezetz erranen nuke nik. Liburua ez da inondik ere auhen-murrurik. Jon Alonsok ohituta gaituen ironiak, umore zorrotz eta gogoetatsuak ematen diote bizitza, bizitzen jarraitzeko gogo etsi ezina, mundu hobe ezin honen ispilu-galeriari. Bertzeak bertze, umore horri esker ere jarrai dezakegu zukua ateratzen bizitzari, jakinda ere “gauean”, narrazio hauek metabolizatuta, denok garela “apur bat zaharrago”.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta