EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Itxaro Borda > Hemeroteca

Berria

2007-08-28 «Larrua bezalakoa naiz: dena zulo, dena aire kolpe, oso hauskorra» | Jon Benito

«Larrua bezalakoa naiz: dena zulo, dena aire kolpe, oso hauskorra»

Itxaro Borda

Nondik abiatzen da artista? Zer eragin dute haren sorkuntza lanean sorkuntzaz besteko faktoreek, faktore ekonomikoek, sozialek, afektiboek, sexualek...? Zer eragin du publikoaren erantzunak, arrakastak edo porrotak? Fikzioan «deslekutzen» badira ere, faktore pertsonalek garrantzi handia dute, Itxaro Borda idazlearen iritziz.

JON BENITO

Baiona

Astearte goiza. Euria Baiona Ttipian. Pannecau amaituta, San Andres. Zerua bota ahalean ari dela atera dizkio fotoak Itxaro Bordari (Baiona, 1959).

Mahaian kafea. Zira kendu gabe. Plazan putzuak, eta putzu artetik jendea, eta turista antzeko batzuk. «Euriarekin ere ez dira joaten», esan du argazkilariak.

Itxaro Bordak dio: «Interesgarria da idazle baten bizitzan batetik eta obran bestetik zer bilakaera egon den ikustea: ze haustura, ze plazer, ze zoritxar... nola bizi izan den ikastea, jakinez nahi izan duela besteen bizitzen lekukotasuna ere ekarri.

»Nirea ez dago bukatua. Nire ibilbidea ikusita, garbi agertzen da ze barne gatazketarik pasatu eta ze kanpo gatazketan ibili naizen... Ohartzen naiz, etsi eta abandonatzeko partez, segitu dudala, oso karakteriala naizelako agian...».

Nondik abiatzen zara?

Sentsazio batetik. Zerbaitek hunkitzen nau, eta hortik abiatzen naiz idazteko.

Ze sentsaziotatik?

Tristeziatik, edo... gehienetan tristeziatik. Tristezia da literaturaren motorra. Bozkariotsu baldin bagara, ez dugu idaztean pentsatzen, ez dugu bozkarioa baizik dastatzen. Tristezia, mina... halako urradura bat sortzen da, eta urradura horretan posible da izkiriatzea.

Sentimendua sortzen da harreman bat amaitzean, heriotzarekin, irudi batekin, erran batekin, gertakari sozial batekin...

Larrua bezalakoa naiz: dena zulo, dena aire kolpe, oso hauskorra.

Sortze prozesuan eragin handia izango du faktore pertsonalak, beraz.

Faktore pertsonal eta intimoek garrantzi handia dute, nahiz eta gero, testua idaztean, gertakari horiek deslekutzen, despertsonalizatzen eta fikzio bilakatzen diren. Testua egiten dudalarik, ironiaren distantzia jartzen dut gertakariaren eta neure buruaren artean. Baina ez naiz inoiz josteta edo txantxetan ibili, ibiltzen eta ibiliko idaztean.

Eta, pertsonalek bezala, eragiten dizute faktore sozialek?

Asko. Nik ez dut literatur prestakuntzarik: ez dut filologia edo literatura ikasketarik egin. Ikasi, historia ikasi dut. Eta historian, lekukotasun testu baten balioa badakit. Gehienetan, eta batez ere Amaia Ezpeldoiren [bere lau nobelatako pertsonaia] sailean, azken mende laurdenean iparraldean gertatu diren lantegi zarratze, ikastolen inguruko borrokak sartu ditut, nonbait geldi zedin, gure literaturan, gauza pertsonal eta kolektibo hauen lekukotasuna.

Ez bakarrik Amaia Ezpeldoiren sailean. Lehen nobelatik beretik, Basilika-n (Susa, 1984), mirakulu ero hartan, kultura, politika, eliza, sexua, pornografia, euskara eta abar ukitu nituen, urte garratz haietako Iparraldeko egoera fikziora eramanez.

Baina ez nobeletan bakarrik, ezta? Bestaldean-en (Susa, 1991) Parisko egonaldia aipatzen zenuen, Orain-en (Susa, 1998) amaren heriotza...

Mundua eta ni neu. Liburu bakoitza giro eta une historiko baten testigantza da.

Eta, alde horretatik, kaleratu berri duzuna, Jalgi hadi plazara (Susa, 2007), zeren testigantza da?

Iparralde eta Hegoaldearen arteko loturaren testigantza, gure euskararen ezberdintasun eta berdintasunen azpimarratzeko moldea, askatasun indibidualaren deiadarra da. Baina, batez ere, Amaia Ezpeldoiren, eta autorearen, lesbiana izatearen aitorronarpena.

Beste zerbait ere bai. Nobelan zehar bost-sei aldiz aipatzen da tregoa.

Tregoa garaiaren gorazarrez Amaia Ezpeldoiren nobela bat idazteko ideia nuen, erakusteko tregoak nola behartzen gaituen politikoki gure egien onartzera. Politikoki ez ezik, sozialki, kulturalki eta intimoki ere: tregoan gure egien aurrean gaude, ez dugu aitzakiarik. Tregoan ni geu, gu neu, errealitate baten aitzinean maskararik gabe gaude.

Baina argitaratu eta gutxira hautsi zen tregoa.

Eta horren ondoren, liburua esperantza mota baten lekuko gelditzen da. Nobeletan, olerkietan, artikuluetan, beti sartu dut euskal politikarekiko ene ikusmoldea... nahiz eta garai batean isilduagoa atxiki dudan, euskararen defentsaren giro horretan sartua bainintzen. Orduan ezin nituen zenbait gauza esan: lotura nuen erakunde batzuekin, borroka horrekin ados zegoen zenbait jenderekin...

Iparralde eta Hegoaldearen lotura aipatu duzu. Asko markatu zaitu Iparraldekoa izateak? Jatorriak baldintzatu zaitu batere?

Bai, barnealdeko nekazarien pare, edozein alorretan neure burua ezjakintzat kontsideratzen dut: euskararen alorrean beti ikasten ari naiz, bizitza intimoan nola ez, sozial alorrean halaber. Zuberoan dioten bezala, larruaren kostuz ikasten dut. Ikasketaren dolorea dut idazten gero, handik eta hemendik.

Parisen, Maulen, Baionan idatzi... hain da ezberdina?

Parisen, ene buruan Euskal Herriarekin lotura bat banuela sentitzeko idazten nuen. Maulen idaztea ezberdina zen: idazten nuen, baina beste hainbat gauzaren artean. Lana nuen, ikastola berria eraikitzen ari ginen... idaztea, literatura, eguneroko euskararen aldeko borrokan itota zegoen.

Eta orain?

Orain borroka horretarik pixka bat urrunago, idazteko idazten dut, euskaraz idazteko, bidean bildu ditudan sentsazio guztiak ene neurrian erabiltzeko. Azken batean, nahi dudana idazteko.

Idazteak lehen baino garrantzi handiagoa du, beraz?

Betidanik izan du, baina beteagoa da orain. Durasen antzera erran dezaket, idazteak salbatu nauela, zinemak, musikak, irakurtzeak, baina, oroz bat, egunero idazteak. Baionan naizenetik halako lasaitasun literario bat bizi dut. Egia da garai luze batean idaztearekin harreman gatazkatsuagoa izan dudala: idaztea bizio jasanezina zitzaidan.

Egunero idazten duzu.

Hamabi urtetarik gaur arte, kasik berrogei urtez. Ez dut publikatzen idatzitako guztia. Ez dut idazten enetzat bakarrik: artikuluak, poema bat kantari bati emateko... haien sentsazioetarik ere abiatzen ahal naiz. Batzuetan, irudikatzen dudan irakurleak gustuko lukeen zerbaitetik ere abiatzen naiz. Abiapuntu ezberdinak ditut.

Irakurleek asko baldintzatzen dizute idazketa?

Ez asko. Artikuluak eta poemak idazten ditudanean bai, baina nobela bat idazten dudalarik oso gutxitan pentsatzen dut irakurlearengan. Batzuetan zorionez eta beste batzuetan zorigaitzez.

Gogoan hartzen ditut haien iritziak, baina baldintzatu ez. Beharbada, garai batean orain baino gehiago baldintzatzen ninduten. Noizbait erabaki dut ez familiaren, ez irakurleen, ez kritikarien iritziek ez nindutela baldintzatuko. No woman's land horretan irauten dut gaur.

Liburuak izan dezakeen arrakastan edo porrotean pentsatzen duzu batere?

Porrot hutsa izanen ez dela pentsatzea gustatzen zait.

Baina ze jatorritako idazlea naizen ikusita... Iparraldekoa naiz, Iparraldeko barnealdekoa... hemengo euskaran idazten dut gehienbat, nahiz eta batuaren sarea ere erabiltzen dudan... gai oso txiki, oso berezi eta oso lekutuak tratatzen ditut...

Eta, hala ere, irakurleak ukanen ditudala pentsatzen dut. Eta egia da irakurleak baditudala. Eta horietako batzuk fidelak, hasiera hasieratik irakurtzen nautenak.

Eta aldatzen du pertzepzio hori sari bat jasotzeak? Euskadi saria irabazi zenuen %100 Basque (Susa, 2001) liburuarekin.

Izan du eragina, baina ez eragin mirakulutsua. Saria baino, bizitzaren isuriaren lasaitasun baten sentsazioa da gehiago. Mila gauzaren artean, azkenean, zerk nau asetzen: idazteak. Saria horren ondorioa izan daiteke. Baina ez helburua.

Sariarekin ez dut, baitezpada, euskararen alde ene frogen egitearen beharrik. Hori ere bada. Gu, barnealdeko euskaldunok, ezertarik gatoz, eta sistema kulturalak euskararen alde gaudela frogatzera behartzen gaitu. Mailak daude, ez dugu sekulan aski egiten, beti behar dugu gehiago egin. Eta orain ez dut ezeren frogatzeko gogorik. Ez dut nahi, berdin zait. Neure moldean euskalduna naiz eta idazlea ere bai.

Baina bakarkako lana da idaztea, eta saria jasotzea ez da bakarka egindako lan horren errekonozimendu publikoaren antzeko zerbait?

Ez naiz sekulan egon sari baten esperoan. Ez dakit merezi nuenez, hori duda handia da. Sariaz ari diren intelektualek 2002ko sari hori preseski zalantzan jartzen dute.

Zer egin?

Ohitu naiz hainbat urtez errekonozimendurik gabe idazten. Ez dakit hemengo kultur sistemak onartzen nauenetz ere. Funtsean, ez dut baitezpada maitatua eta ohoratua izatearen beharrik idazteko, hots, bizitzeko. Begiak, belarriak eta bihotza ditudano idatziko dudala badakit.

Bakarkako lan horretan zer moduz ibiltzen zara?

Nobela bat idazten dudalarik, urte eta erdi pasatzen dut ideiarekin buruan. Oso irekia naiz munduan gertatzen diren gauza guztietara. Karrikan zerbait ikusten badut eta aukera badut, nobelan sartzen dut.

Nire obsesioa da. Hainbeste, non ingurukoentzat nazkagarri ere bihurtzen naizen.

Zer gertatzen da bakarkako lana argitaletxera aurkezten duzunean?

Halako distantzia bat sortzen da.

Eta argitaratzen denean?

Argitaratzea azken bidaldia da. Argitaratzea, aurkeztea, elkarrizketak egitea... gero ia ez da nirea. Azken aldi bat irakurri eta uzten dut.

Asko aldatzen da pertzepzioa liburuan lanean egon ala liburu hori dendetan ikusi, amaituta, besteren eskuragarri?

Ez da aldatzen, baina lana bukatu dudalako sentsazioa izan ohi dut. Beste bide puska bat egin eta beste urrats batera pasatzeko ordua dudalakoa.

Baina zure lan hori, bakarka egin duzuna, publikoa da orduan.

Baina idazlea, pribatuan idazten duenean ere, publikoa da. Eta publikatzen duenean pribatuan geldi daiteke. Hori da idazlearen tragedia, ez daki non zer dagoen: fikzioan ala errealitatean, publikoa ala pribatua... Muga horretan nabil beti eror zorian: ez badut testuan nitarik zerbait ematen, ez badut naizen gauza txiki, batzuetan debaldeko horretatik zerbait ematen, ez naiz idazle gisa bakean sentitzen. Liburu bakoitzean nire haragi zati bat ematen dut. Bizia eta minbera den haragi zatia.

Testu guztietan saiatzen naiz zerbait eskaintzera. Batzuetan begiak ixten ditut ez ikusteko zer ematen dudan. Ez bakarrik nitarik, inguratzen nauen mundutik eta munduarekiko nire harremanetik ematen dut, nire ikusmoldea demagun, harroegia izan gabe.

Eta norbaitek zure poema bat hartu eta bere eginda abesti bihurtzen duenean, ze sentipenek hartzen zaitu?

Kantariak, nire testu batez jabetzean, beste dimentsio bat ematen dio olerkiari. Aldi berean enea gelditzen da eta ez da enea: kantariak bere haragiaren pilpira eransten baitio testuari. Enetzat oso momentu hunkigarria da.

Ez dakit ez dudanetz nahitarat testu bat kantatzeko gisan idazten, kantari edo musikari batek hartuko duen esperoan. Oso primitiboa naiz alde horretarik: enetzat kantua da olerkiaren goi maila.

Betidanik gertatu zait talde edo kantariek nire testuak hartzea. Baina ez dut beti esplikatu poemaren jatorri intimoa. Eta bere egiten dute, eta beren munduaren bizipena gehitzen diote nik idatzitakoari.






Konformismoa inarrosten

Garai bat, izateko modu bat, sentipen bat. Bizitza nola badoan liburuarekin jalgi zen plazara Itxaro Borda (Baiona, 1959). Ordutik tai gabe, nobela, poema, artikulu. XX. Mendeko poesia kaieretan, Koldo Izagirrek, Bordaren poemagintzari eskainitako sarreran, honakoa dio: «Bordak bere gain hartzen ditu, poeta orok eritasun gisa pairatu behar duen izaera minberarekin batera, emetasunaren kontzientzia eta Euskal Herri alienatu batenganako hastio kritikoa. Iparraldeko egoera sozio-politiko eta linguistikoaren etsipengarria nitasun atzar eta aldi berean kolpatu batean txertatzen da. Honenbestez, poemek isurtzen duten goibeltasuna konformismoa inarrosteko modu berezi bat baino ez da».

Amaia Ezpeldoi berreskuratu du azken nobelarako. Pertsonaia, detektibe, ia alter ego.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta