EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Irati Jimenez Uriarte > Hemeroteca

Elkar

2009-03 "Maite ditut munstroak, geure ispilu direlako" | Elkar

Nobela guztiz erromantikoa sortu duzu, ezta? Maitasun inposible horiek guztiak, txiripa sinestezinak, izaki miragarriak?
Bai, erromantikoa zentzu sakonean. Nobela honetako pertsonaiek beste mundu batzuekin egiten dute amets eta eguneroko bizitza fantasiaz betetzen dute. Errealitatearekin nahastu egiten dira ametsetako paisaiak eta ipuinetako izakiak, iragana eta etorkizuna. Umetako ipuinetan gertatzen den bezala, normalak dira izaki beldurgarriak zein maitagarriak, eta pertsonaiek gogoz onartzen dute halako mundua, egunerokoak baino emozio indartsuagoak eskaintzen dituelako. Azalean zein edukian, beraz, erromantikoa.

Argi dago ez duzula klabe errealistan idatzi nahi izan.
Gehiegikerien bidez eta, esan dezagun, teatroa eginez bilatu nahi izan dut pertsonaien egia. Niretzat oso errealak diren sentipenak kontatu nahi izan ditut, laneko frustrazioak, bikotekideen arteko ezinegonak, familia arazoak... baina azala ez, azala ez da batere errealista. Jolas moduan hartu dut nobela, errealismotik aldenduz.

Liburuko pertsonaien antzera, ni ere bi mundutan bizi naiz

Tokiak, ostera, errealak dira: Deustu, Sukarrieta... Eta beste batzuk exotikoagoak: Nebraska, Lisboa, Venezia, Berlin...
Berlinen otu zitzaidan nobelari hasiera ematen dion ideia. Turistak ikusterakoan pentsatu nuen: "eta norbaitek ateratzen dituen argazkietan, munduan zehar, pertsona berbera agertuko balitzaio?". Berlin bera nobelan sartzea, beraz, naturala zen eta bat-batean nire burua hiriz bete zen eta hiriak deskribatzeko gogoa piztu zitzaidan. Nahita bilatu dut urruneko eta hurbileko lekuen arteko kontrastea. Azken batean, liburu honetako pertsonaien antzera, ni bi mundutan bizi izan naiz beti. Bizitza erreala Bilbon egin dut, edo Mundakan edo Bermeon. Baina fikzioaren bizitza pelikuletan egin dut, liburuetan eta hango paisaietan. Horregatik Amerika eta Bagdad Bilbo bezain garrantzitsuak dira niretzat, maila mitologikoan. Amerika, pelikuletako paisaia. Eta Bagdad, txikitan irakurri nituen "Mila eta bat gauen" paisaia. Irudimenarekin hara askotan joan naiz, eta beraz bertakoa ere banaiz, zentzu horretan.

Magiatik asko dago liburu honetan, ipuinen lilura ere inportantea da...
Sakonean, liburu honetan omen egiten zaio, beste ezeri baino gehiago, txikitan ohera sartzen zaren une horri. Ohera sartu eta ipuina irakurtzen dizuten momentu horri. Ipuinaren erritualean sinisten dut eta uste dut fikzioaren bidez beste bizitza bat amesten irakasten zaionari opari ederra egiten zaiola.

Gaurko joerak ez doaz hortik, nik uste. Ez al dizu beldurrik ematen modatik kanpo ibiltzeak?
Idazten ibili naizenean ez dut horretan pentsatu. Burura etorri zitzaidana idatzi nuen. Jakinaz, bai, apur bat xelebrea zela baina, baita ere, benetan idatzi nahi nuena. Ez dakit nahi dudana ez idazten. Idazteko nahia nigan oso sendoa da eta zerbait burura datorkidanean ez naiz lasaitzen idatzi arte. Asebetetzen zaituena egin behar da, eta gero, batek daki zein izango den kanpoan erantzuna; baina aurrez horretan pentsatzea, alferrik. Nik ez dakit, behintzat, ariketa hori egiten.

Pertsonaia ameslariak, ametsetako pertsonaiak

Hitz egin dezagun eleberriaz, eta bertako pertsonaiez. Nor da Martin, nolakoa?
Argazkilaria da Martin. Denbora luzea egin du munduan zehar bidaiatzen, etxetik kanpo. Oso ume ameslaria zen, irudimenez betea eta berak asmatutako istoriorik gabe bizitza nahiko zentzugabea egiten zaio. Horregatik arima saldu egiten dio, aingerua dela esaten dion gizonari.

Eta Nora?
Izenak dioen bezala, nora ezean doan emakumea da. Irrati esataria. Aspaldi lanarekin erreta dagoena, nahiz eta, sakonean, asko gustatzen zaion egiten duena. Erruduntasun sentimendu handiarekin bizi da eta horrek aldendu egiten du inguruan dituen beste pertsonaietatik. Bere adorean sinisten ez duen pertsonaia da.

Irratilari izate horretan, asko jarri duzu zure baitatik?
Nobela osoan jarri dut asko nire baitatik, irratiaren kontuan ere bai. Baina irratian lan egin baino lehen ere idatzi nuen ipuinik irratiari buruz. Beti izan dut paisaia literario edertzat. Berben lilura huts-hutsa baita irratia eta ni berbekin egon naiz beti maiteminduta.

Den-denak aipatzeak luze joko luke baina, ezin ahaztu Elias...
Elias Martinek aitatzat hartutako gizona da, laguna baino gehiago. Kazetari erretiratua, jatuna, sentimentala, bihurria eta nobelan denak ipuin zaleak badira, bera zerbait gehiago da, ipuin kontalaria. Sakon-sakonean Elias narratzailea da, ipuinaren aztikeria sortzen daki eta gustatu egiten zaio besteak liluratzea. Pertsonaia guztien antzera iheslaria da, iraganaren mamuetatik urrun bizi nahi du baina beretzat, ihes egiteko modua idaztea izan da. Elias nobelaren enborra da.

Banpiroak, likantropoak, otso-gizonen ehiztariak, aingeru-deabruak... Nondik datorkizu gotikorako zaletasun hori?
Zinetik, ziur aski. Drakularen bertsioren bat telebistan ikusi nuen oso txikitan eta ezerk ez nau horrenbeste beldurtu. Ordutik, banpirismoaren mitoarekiko interesa, esaterako. Izaki fantastikoen mitologiak erakartzen nau, mendeetan erabili direlako metafora moduan baina metaforari beti eman zaio esanahi desberdina. Banpiroa pertsonaia beldurgarria, erotikoa edo tragikoa izan liteke, eta likantropoa eritasunaren biktima edo hiltzailea. Geure begiradarekin aldatzen dira mitoak, geuri buruz hitz egiten baitute. Maite ditut munstroak, geure ispilu direlako. Likantropoa barruan dugun gorrotoa da, baina askatasuna ere bai. Banpiroak hil egin gaitzake edo betiko bizitza eman. Mitoak horixe du eder, zeure begiradara egoki dezakezu.

Egitura, idazkera, musika

Pieza asko dituen puzzlea osatu duzu, irakurleak apurka kokatu beharko dituenak. Hasieratik zeneukan garbi egitura konplexu hori, ala istorioari adarrak sortu zaizkio idatzi ahala?
Hasieratik hona nahiko aldatu da eleberria, baina beti izan da nire buruan puzzle itxurakoa. Beti izan ditu pertsonaiak Bilbon, Amerikan eta Bagdaden. Beti iragana, oraina eta etorkizuna nahastuta. Aldatzen joan da, idatzi ahala, eta eman dizkit zenbait buruko min baina beti kontatu nahi izan dut saltoak eginez, modu apur bat labirintikoan. Irakurleentzat modu naturalean gertatzea nahi nuen, hori bai, baina nik lan asko egin dut egitura osatzeko.

Zure aurreneko liburua eleberri labur bat zen (Bat, bi, Manchester, Zubikarai sariaren irabazlea) eta han dena zen oso neurtua; hemen, aldiz, jario oparoz idatzi duzula dirudi, luma libre utzita...
Bi literatur estiloak gustatzen zaizkit, biziki. Esaldi laburrak eta estilo garden-gardena, nobela beltzetik datorrena, esango dugu. Eta berba jarioa, Hego Amerikako XX. mendeko hainbat idazlek oparo erabili dutena. Muturrekoak diruditen arren, biak dira oso nire gustuko eta batetik bestera salto egitea gustatzen zait. Ez dut pentsatu ere egin. Beste estilo bat eskatzen zuen beste eleberri honek. Esate baterako, musika nahastu dut, askotan. Pertsonaientzat garrantzitsuak diren abestietako letrak ekarri ditut nire narraziora, soinu bat sortzearren, jario bat.

Estiloen kontraste horrek bilaketan segitzen duzula adierazten du? Ala hemen ageri den bidetik joko duzu zure hurrengo lanetan?
Bila nabilela esango nuke eta estiloa ez dela erabakitzen, etorrian datorrelako. Idaztea joko moduan gustatzen zait eta uste dut, batetik, egiten dakizuna egiteak zentzu handirik ez duela, eta, bestetik, etengabeko bilaketan ibiltzea dela bizigarria eta atsegina. Nik behintzat hori maite dut, pertsonaiak bezala, nora ezean ibiltzea, jolasean.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta