EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Imanol Azkue Ibarbia > Hemeroteca

Hitza

2007-10-30 "Gutxien espero duzunean, deitzen dizute zure lana finalista dela esaten" | Hitza

Kea airean bezala’ lanarekin, Euskadi Sarietako finalista izan da idazle zumaiarra

Bigarren aldiz Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Sarietan finalista izan da Imanol Azkue (Zumaia, 1965), Kea airean bezala lanari esker.

Irabaztea garesti al dago?
Irabaztea zaila da, bai, ez da erraza. Finalistak aukeratzeko, aurreko urtean argitaratutako liburu guztiak aztertzen ditu epaimahaiak, eta horietatik onenak aukeratzen dituzte finalista izateko. Beraz, finalista izate hutsa ere nahikoa sari bada, eta lan finalista guztiak nahikoa goi mailakoak dira.

Zer baloratu du epaimahaiak zure lanean?
Ez dakit. Miren Agur Meaberen lana baloratu dute eta epaia arrazoitu ere bai, saria emateko. Baina ez dakit zer baloratu duten nire lanean, ez didate adierazi.

’Kea airean bezala’ lanarekin iazko Lizardi Saria jaso zenuen. Espero zenuen Euskadi Sarietarako ere hautatzea?
Lehen, finalista izan nintzen aurreko aldian ere, antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Liburuaren kontuak aspaldi bukatutzat emanda neuzkan: argitaratzea, prentsan azaltzea, honelako galderei erantzutea... Ahaztu egiten duzu. Eta, halako batean, gutxien espero duzunean, deitzen dizute eta esaten dizute zure lana aukeratu dutela finalista. Horregatik, sorpresa izan da, bai.

Sariak motibazio bat izango dira idazlearentzat. Zuk zeuk nola hartzen dituzu?
Beti da pozgarria egin duzun horrek aitortza izatea. Batzuetan ingurutik jasotzen duzu, senideek, lagunek-eta irakurri eta esaten dizutelako gustatu zaiela, eta satisfakzio handia da. Beste batzuetan, aitortza hori epaimahai aditu batek egiten badizu, beste balio bat dauka, eta idazten jarraitzeko indarra ematen dizu.

Segur aski beste literatur lanen bat ere esku artean izango duzu une hauetan.
Beti ari gara zerbaitetan. Laster ipuin bat argitaratzeko asmotan gara, datorren hilaren erdialderako-edo, gauzak ondo badoaz. Umeentzat da, idazten hasi berri direnentzat, eta Osaba Patxiren koadernoa du izena. Nahikoa berezia izango da, koaderno-itxura izango duelako. Ilustrazioak Txiki Agirre Keixetarenak dira eta diseinua Roberto Gutierrezena. Zumaiako Inpernupe elkartearen bidez aterako dugu.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta