EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Galo Martinez de la Pera Urtaran > Hemeroteca

Berria

2009-05-17 Musu Truk | B. Serrano Izko

Irakurle honen perbertsioetako bat, saiakera kontuetan, egilearen tesiak berak baino gehiago, ideien garapenaren edertasunak, eraikuntzak, sen estetiko eta literarioak, artifizioak hitz batean, eragiten diola da. Zer erranik ez, tesiarekin batere ados ez egonik ere, tesiaren zailtasunek, haren sinesgarritasunaren inguruko zalantzek, tesiak sor dezakeen harridurak berak, eramaten dutenean eraikuntzaren artifizio ederrera, berau apaindura hutsa izan gabe. Musu truk saiakera honen kasua, hain zuzen, ene ustez. Xalo-xaloa, tesia. Eta ez preseski ETAri eskatzen dionarengatik, armak musu truk eta negoziaziorik gabe uztea alegia. Horren atzetik teorizazio oso bat dago, Euskal Herriari buruz, gizarte osoari buruz, estatuari buruz, politikari buruz, ideologiei buruz, nazionalismoari buruz, euskarari buruz, mintzo-komunitateari buruz… Ez dakit ETAri eskainitako irtenbidea aitzakia hutsa izan den tesia azaltzeko, edo ETAren kalezuloak berak bultzatu duen egilea hura eraikitzera. Nolanahi ere, teorizazioari deritzot xaloegia, ez “musu truk” eskaerari berari. Akrazia eta mistizismo profetiko batez oratu du tesiaren zimentarri intelektuala. Estatua, politika bera, ideologiak guztiak, nazionalismoa… errotik arbuiatzen ditu. Eskema eta diagrama zehatzak aurkezten ditu ohiko kontzeptu horien kateadurak azalduz, eta bertze kateadura alternatiboak, oso paraleloak, proposatuz. Kontua da estatu gabeko, politikaren kontrako, ideologiaren aurkako eta nazionalismoa bertan behera utzi nahi duen alternatiba horrek bertze estatu bat (Errepublika federala), bertze politika bat (herri-hitzarmena), bertze ideologia bat (herrimina) eta bertze nazionalismo mota bat (hizkuntzazkoa) suposatzen duela azken finean. Lanaren estimagarritasuna alde formaletan datza bereziki. Narraturiko elkarrizketa bat da liburua. Bi pertsonaia: Ibiltari, Gorbeia aldera ihes egina, Zarathustra baten antzekoa, tesiaren predikaria; eta Blas Aginako, elkarrizketaren narratzailea, Ibiltariren lagun leiala baina eszeptikoa, profetari arrazoizko oztopoak eta zailtasunak aurkezten dizkiona, zirikatu ere maiz, eta solasa aurrera joan ahala maisuaren aldarte gora-beherak irakurleari komunikatzen dizkiona. Liburuaren egilea bera dugu, bistan dena, bi pertsonaiengan zatikaturik: Ibiltari utopiko eta irudimentsua batetik, arrazionalistago baina bere arrazoiarekin ere eszeptikoa den kazetaria bertzetik. Nietzscheri oso irakurketa bihurriak (bidenabar erranen dut) egiten dizkion Zarathustra honek argi du mezua, baina profeten artean Jeremias agonikoa du gogokoena: hitz ezberdinetan, sarri errepikatzen du “iraungi-data bekokietan idatzita daramagu euskaldunok” bezalako ideia; beti ere agoniaren aldarrikapenak bultzatuko duelakoan “hitzarmenaren jaia”, salbatzailea, egitera, pailazoak eta euren istorioak (“barkamenaren bozkarioa” islatzen duten mito berriak, ideologien ordezkoak) gidari, monitore; hitzarmenaren sinbolo sakratua guztiz biblikoa da, ikusten denez: euskal hiritarren kutxaren gainean mendikoen kriseilua (presoen kriseilua) jarri behar, bata bertzeari itsatsi behar, ETA eta mintzo-komunitate arteko itunaren sinbolo salbatzaile gisa… Horrelako adibideekin, bistan dena, irudimentsua den heinean da kitzikagarria liburua. Tesiak sortzen duen harridurari egokitua, baiki, lanaren eraikuntza: Ibiltarirekin sinetsi nahi du Galo Martinez de la Perak, baina Blas Aginakoren bidez sinestezintasunaren aitorpena eskaintzen dio irakurleari. Gogoko utopiaren aurrez aurre, arrazoiez beteriko eszeptizismoa.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta