EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fito Rodriguez > Hemeroteca

EIE

31/05/2007 "Idazlearen irudiaz gain bere eginkizun soziala aldatu duelako ari gara gu lanean" | Hasier Rekondo

Urte bete daroazu EIEren Lehendakari gisa, zein da urte bete honetako balantzea?

Duela urte bete agindu nuen moduan, Zaintza Batzordea onartu, legeztatu eta indarrean dago eta, nire hasieran ez bezala, EIEren eskifaia osoak lanean dihardu dagoeneko. Bazkide arruntak, ziur asko, aldaketa batzuk sumatu baditu ere (Barnegats edo Barne Buletina...) horren erraz ez den nabaritzen eguneroko jardunean hartu dugun erritmoa normalizatzea izan da, bilana egitekotan, nabarmenena. Esan daiteke, bada, oraingo EIEren lana badabil nahiz eta, aurrera begira, egokitzapen batzuk falta diren oraindik.

Zaintza Batzordeak bete behar izango dituen eginkizunak zehaztu ditzakezu?

Arestian adierazi bezala hura da azken batzar nagusian onartutako aldaketariko bat eta, proposatu genuen, egoera jakin batean suerta daitekeen eta beraz, aurre ikusezina izango zen, bidegabekeriei erantzuna eman ahal izateko. Elkartean ez duela inor gaiztakeriak asmatzen ibiliko bistan da, baina desadostasunak edo gatazkak baleude, baliagarria izango zaigulakoan nago. Elkarteak berak horrela ikusi du eta bere hartan onartu du oraingoz eginkizun zehatzik ez badu ere...

Zein erronka ditu EIEk aurrera begira?

Bazkidetza handitzen ari da. Gero eta gehiago gara baina eremu berriak ireki behar ditugu eta, eskaintza egokitzekotan, berrantolaketaren premia etorriko da. Kazetariek, esaterako, katalandar idazleen elkartean badute beren tokia eta gurean, berriz, egin behar izango diogu...

Idazlearen figuraren gaineko aurreiritziak aldatuko ditu hartutako erabakiak?

Idazlea langile bakartua eta ia isolatu gisa ulertu izan da orain arte. Bazuen, eduki, artistatik gehiago langiletik baino eta, ildo horretatik, mirestua bazen ere ez ziren lan eskubideri inolako begirunerik eskaintzen. Egun ez da horrela eta, etorkizunean ere, ez dut uste horrela izango denik, horregatik ari gara gu lanean, idazlearen irudiaz gain bere eginkizun soziala aldatu duelako dagoeneko.

Bazkide asko ez dira CEDROren bazkide, zer eskaintzen digu Espainiako elkarte horrek?.

Dirulaguntzak handiak badira ere, haren bidez, euskal literaturarako ireki behar diren aukerak dira garrantzitsuenak. Ez, bada, dagoeneko ematen diguna soilik eman dezaketena baizik. Euskal Literatura Atzerriratzeko, adibidez, Cervantes Institutuak Euskaltzaindiarekin hitzarmena sinatuta eduki arren EIErekin ez dauka orain arte inolako itunik... baina eduki beharko luke. Mota horretako ekinbideak, aldiz, bakarrik jorratu beharrean, Galeuscaren bidez gauzatzen saiatu beharra dagoela uste dut.

Web gune berri honen atzean, Agente Digitalaren sorkuntza dago. Nola eragingo du Elkartearen funtzionamenduan?

Elkartearen funtzionamenduan baino gehiago idazle bakoitzaren eta balizko argitaletxeen arteko harremanetan eragingo du. Erakustokian izateaz gain, datuak eta loturak emateaz aparte, idazleekiko harreman zuzena izateko bidea ireki eta errazten da gure web gune berrian... eta horretako bermoldatuko dugu aurrekoa.

Bazkideen inplikazioa lortzeko beti aipatu izan dira lan taldeak.

Eta horretan ari gara funtsezkoak zaizkigun egitasmoen ebaluaketa eginez. “Idazleak Ikastetxeetan“ parte hartu dutenek bilduko dira eta egitasmoa gauzatu ondoren aurkitutako zailtasunak eta onurak nolabaiteko protokoloan bilduko dituzte aurrerantzean praktika on eta txarrak bereizteko eta, honela, eredu berriak eskaini ahal izateko.

Bestalde, barne lana behar bezala eratzen joateko, taldeak egingo ditugu eta, inkesten bidez, gure barne antolaketa berriari ekingo diogu. Honetaz guztiaz gain, aurten plazaratutako Agenda eta Boletina ditugu bazkideen arteko ezaguera errazteko bidean...

Bazkideak zuzenean lagunduko dizkien egitasmoak aurreikusi dira?, duela gutxi martxan jarritako 'Teknologia eta Idazlea' moduko ikastaroak?

Haiek dira, ene aburuz, Elkartearen Funtsa. Betaurrekoak, homeopatia edota fisioterapeutak ordaintzeko laguntzak kudeatzea ongi da baina ofizioan laguntzea da helburua. Horretan, bai aurtengo “Berziklaia teknologikoa”ri buruzko mintegiak baita “egile eskubideen inguruan egiteko dauzkagun ikastaroak dira, hemendik aurrera behintzat, gure eskaintzaren ardatz bihurtuko diren lan lerroak.

Euskadi Sarien inguruan sortutako ekaitza baretu ostean, zer planteatu dezake EIEk etorkizunari begira?

Eusko Jaurlaritzaren aldetik arduraduna den Iñaki Gomez eta biok hitz egin dugu horretaz eta, aurten behinik behin, Eusko Jaurlaritzak orain arteko eredua aldatzeko asmorik ez badu ere, hemendik aurrera, aldaketak egitekotan, EIErekin kontatzea espero dut. Pertsonalki Euskadi Sariaren duintzeak merezi duela uste dut baina, azken sasoietan nahiko kritikatua izan denez, berrantolatu beharko zela uste dut. Lan horretarako ere gure prestutasuna azaldu dut eta zain gaude.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta