EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fertxu Izquierdo Jimenez > Hemeroteca

Nabarra

2007-03 "Batzuetan nahikoa da esaldi bakar bat poemaz goxatzeko" | Jexux Zubiaurre

Gure hau irakurtzen duzuenok Fer Izquierdo ezaguna izango duzue musika alorrean bi hilean behin egiten dituen kolaborazioengatik. Aurpegi asko ditu, ordea, eta olerki bertsoz agertu digu orain arte ezagutzen ez genuen horietako bat. «Lanaren eta zorte pixka baten» ondorioz erdietsi du hasiera batean auzokoa soilik izateko sortua zen egitasmo bat: Gerraren aztarnak olerki bilduma Pamiela argitaletxeak kaleratzea. Poliedrikoa gure laguna. Horregatik ari da prestatzen, beste lagun batzuekin batera eta liburu horretatik abiatuta, Saudade Armada proiektua.

Badirudi zure bertsoetan garai ilunak azaleratu dituzula, baina sasoi ilun horietako maitasuna eta itxaropena ere bai. Oso olerki egokiak garaiotarako, ezta?
Bai, zeren eta, azken finean, garai ilunetan ere itxaropenerako melodiak aurkitzen jakin behar da. Eta poesiak horretara garamatza, iluntasunaren eta itxaropenaren artean dagoen oreka horren bilaketara. Gure garai ilun hauetan ere ostadarraren edertasuna ikusteko gai izan behar gara. Baina, horretarako, euri eta eguzkiaren elkartzearen zain egon behar, noski. Poesia ilunenak hitz ederrez horniturik egon daitezke. Eta horretaz ere gozatzen jakin behar dugu, hortik aterako baitugu gure ostadar pertsonala.
Txantrea auzoa holakoa izanik, bere historiarekin eta istorioekin, bazen bertako gertakizunei lirika pixka bat jartzeko...
Egia da. Leku orok izan ditzake bere doinu poetikoak. Nik, esaterako, ez ditut Parisko edo Istanbuleko kafe-etxeak ezagutzen, ezta Pragako karrikak ere. Ez naiz bizi Lisboa bezain hiri xarmagarri batean, Iruñean baizik. Beraz, gure hiriari, gure auzoari, xarmagarritasunaren zukua atera behar diogu. Ni Txantrean bizi naiz eta horregatik bertako edo bertan bizi izandako istorio ugari eraman ditut nire poesietara. Azken finean, lirikotasuna edonon aurkitu dezakegu, Lisboako Alfama auzoko tabernetan edo Iruñeko Txantrea auzoko etxe azpiko okindegian.
Poesia auzotarrak dira, baina beste zenbait auzotan gertatzen diren bezalaxe.

Gari Berasaluzek hitzaurrean dioenez, "pelikula baten gidoia garela aitortuko dizu idazleak", baina aldi berean "bideo gogorra" dela ohartarazten du. Horren hurbiil sentituko al dugu gure errealitatea?
Olerkietan topatuko ditugun egoerak egoera gordinak dira, errealitatekoak. Hemen ez dago ohiko maitasun platonikoetarako tokirik. Haragizko amodio platonikoetarako akaso bai, ordea. Eta ez daude dena irabazten duten heroiak, baizik eta tabernetan beren miseriak mozkortzen dituzten gizon-emakumeak. Eta batzuetan gure istorioek pelikula baten gidoia ematen badute ere, berehala ohartuko gara fotogramen beste aldean gaudela, eta zapalkuntza eguneko menua dugula, Euskal Herrian, Iraken, Txetxenian, Kolonbian… Horregatik diot batzuetan maite duzun lagun batekin izaren artean txirikordaturik zaudenean pelikula baten gidoian zaudela ematen duela, nahiz eta kanpoan errealitatea beste bat izan. Eta hori da plazaratu nahi izan dudan ideia.

Horrelako liburu bati eusteko aldarte jakin bat izan beharril al dago?
Ez, ez dut uste. Azken finean, nire ustez, olerki hauek, irudi poetikoez horniturik, istoriotxoak edo kronika txikiak bezalakoak dira, eta olerki bakoitzak sentimendu ezberdinak eragin ditzake, batzuetan ezkorrak beste batzuetan baikorrak, pasioak, beldurrak, edo besterik gabeko kronika hutsak. Bestela ere, lerro horietan musika entzun daiteke, rock gogorretik musika goxoraino. Hortaz, musika entzuteko aldarte jakin bat izan beharrik al dago?

Nola lortu zenuen liburua argitaratzea? Zer sentitu duzu lehen lan hau argitaratzean?
Lanarekin eta zorte pixka batekin lortu dut. Argitalpen txiki bat egin behar genuen, auzora mugatua, baina, argitaratu aurretik, beste auzokide baten bitartez, David Mariezkurrena historialariaren bitartez hain zuzen ere, Pamiela argitaletxeko lagunen eskuetara iritsi zen. Haiei gustatu zitzaien eta argitaratzea erabaki zuten. Eta poz handia da lehen lan hau Pamiela argitaletxearen bitartez argitaratu ahal izana. Eta, beste alde batetik, idazten jarraitzeko izugarrizko bultzada ematen du.

Olerkigintzan adituak ez garenontzat. Liburuan sakonago murgiltzeko arrasto edo gomendioren bat?
Hasteko, nik esango nuke ez dugula zertan adituak izan irakurriko dugunaz gozatu ahal izateko. Nik neuk ez dut neure burua aditutzat jotzen. Zera, nik poesia kaletar hauetan zehar lasaitasunez paseo bat ematea proposatzen dut.
Olerki bakoitzak sentimendu ezberdinak eragin ditzake, batzuetan ezkorrak beste batzuetan baikorrak, pasioak, beldurrak, edo besterik gabeko kronika hutsak. Bestela ere, lerro horietan musika entzun daiteke, rock gogorretik musika goxoraino
Garagardo batekin, beharbada, hobe. Eta bilatu zuk izandako bizipenekin identifikatu daitezkeen olerkiak. Bilatu hitz jolasak, doinuak, musika, sentipenak, istoriotxoak… Batzuetan ez da poema oso bat ulertu behar, nahikoa da esaldi bakar bat poema horretaz goxatzeko. Garagardoari beste tragoxka bat eman eta aurrera.

Liburua argitaratzearekin batera, oker ez banago, beste proiektu batean murgilduta zaude lagun koadrila batekin, ezta?
Bai. Liburuaren aurkezpena egiteko poesia errezitaldia egitea pentsatu nuen. Ekitaldi xumea baina polita egin nahi nuen, olerki batzuk hautatu, musika pixka bat, irudiak… eta errezitaldi horretarako lagun batzuk endredatu nituen: Gari Berasaluze eta Arantxa Santesteban errezitatzeko, Kako marrazkiak egiteko…
Lehenengo entsegua egin genuenean, gustura geratu ginen eta zerbait gehiago egiteko gogoa piztu zitzaigun. Horregatik, liburuaren aitzakiarekin Euskal Herriko beste tokietan beste errezitaldi batzuk ematea pentsatu dugu eta jadanik zenbait leku zehaztuta daukagu. Saudade Armada izena hartu du proiektu berri horrek eta, liburua mugitzeaz gain, bestelako ideiak eta asmoak ere baditugu.

Kako aipatu duzu eta liburuan marrazkilari horren presentzia nabari agertzen zaigu.
Kako, aspaldiko laguna izateaz gain, izugarrizko artista da eta hasiera-hasieratik argi neukan haren irudiez hornitu nahi nuela liburua. Kakok ongi hartu zuen olerkien zentzua eta ilustrazio ezin aproposagoak egin zituen. Batzuk ezin izan ditugu erabili, baina han gordeko ditugu, errekamaran, Saudade armadarako. Baina erabili ditugun irudiek edertasunez janzten dute liburua.

Iturriak dira beti aipatzen den beste elementu garrantzitsu bat, zeintzuk dira zureak?
Mota guztietako poesia irakurri dut, kanpokoa eta hemengoa, eta zehatz-mehatz iturriak zeintzuk diren esatea zaila egiten zait. Suposatzen dut irakurri ditudan poeta guztiei zerbait lapurtu diedala, hitzen bat, irudiren bat…
Dena den, azken garai hauetan, liluraturik nago poeta turkiar batekin, Ilhan Berk poetarekin hain zuzen ere. Aspalditik izan ditut gustuko turkiar poetak, Nazim Hikmet batez ere, baina Ilhan Berk deskubritu nuen duela gutxi eta oso estilo berezia du. Oso indartsu eta goxoa da aldi berean.

Poesia liburua baldin bada ere, narrazioan aritu zara eta iragan den neguan Atarrabiako Pedro Narrazio Laburren Saria eskuratu zenuen. Poesian ala narrazioan, non mugitzen zara erosoago?
Orain arte poesia izan da benetan landu izan dudana. Narrazioa beti tentagarria izan zait, baina ez nintzen ausartzen. Eroso sentitzen nintzen poesiaren eremuan. Eta nik esango nuke oraindik ere erosoago sentitzen naizela eremu horretan. Hala eta guztiz ere, proba egin nahi izan nuen eta narrazio testu bat landu nuen eta Atarrabiako lehiaketa horretan saritu ninduten. Beraz, jadanik poesiaren muga zeharkatu dudala esan dezaket. Hau guztiz aberasgarria da niretzat, zeren eta hemendik aurrera bi bidezidor hauetan ibiltzeko aukera izango dut.

Iruñekoa eta euskaldun berria, ez du ematen bide erraza denik, ezta?
Iruñean, kostata bada ere, gero eta gehiago entzuten da euskaraz. Eta euskaldun berria izatea ez dakit, ba, zein puntutaraino oztopoa den ala lagungarria. Azken finean, euskaldun berri naizen aldetik, ongi dakit nolako esfortzua egin behar izan dudan euskara ikasteko eta horregatik gaur egun niretzat euskara altxor estimatua da.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta