EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Fernando Morillo Grande > Hemeroteca

Guaixe

2010-07 Bilbo Samurai | Izaskun Etxeberria

Uztaileko liburua oporretan dauden hamalautik gorako gaztetxo guztiei eskainiko diet: Bilbo Samurai Fernando Morillo idazle azpeitiarraren azkeneko lana, hain zuzen ere.

Izenburuak lehendabizikotik nahastu dezake baina esan dezagun ez garela Bilbo hiriaz ari, ezta katanaz borrokatzen duen gerlari japoniar batez ere. Bilbo fantasiazko abentura honetako protagonista dugu, sega armatzat duen borrokalaria. Idazleak ez digu haren itxuraren deskribapenik egiten: denon modukoa izan baitaiteke. Ezagutarazten digu, ordea, haren izaera: etengabe entrenatzen ditu gorputza eta burua. Edozertarako prest egon nahi du. Heriotza zirrikitu guztietatik eta makina bat modutan hurbiltzen da Hondamendiaren ondorengo munduan. Bilbok ez dio erraz jarri nahiko.

Bilbok lagun bat du alboan: Xuri izeneko gaztea, lagun baten semea dena. Gizaki itxura du, baina sekretu bat gordetzen du. Hondamendiaren ondoren mutazio ugari izan ziren, eta Xuri gizakia baino zerbait gehiago (edo gutxiago) da. Desberdina da. Desberdintasun horrekin bizitzen ikasi beharko du, eta ahal duen neurrian, baita aprobetxatu ere.

Dena amildu zenean, Hondamendian, ez zen aienetarako astirik izan. Zibilizazioa porrokaturik geratu zen, hondarrezko gaztelu bat itsaso basati baten olatuen aurrean bezala. Bat-batean eta bortizkeria handiz gertatu zen dena. Orduan, bere lubaki primarioenean babestu zen bizitza: bestea hil ala norbera.

Bi hamarkada joanak dira Hondamendia gertatu zenetik. Eta amildegitik haratago zegoen mundua errealitate bihurtu da. Bertan, arnasaldi bakoitza labankada da eta izkina bakoitza ustekabe, baita alderantziz ere. Bilbo Samurairen historia da hau. Bizkarrean daraman sega eta Xuri gaztea bidelagun, herriz herri eta borrokaz borroka dabil Bilbo, Hondamendiaren aurretik Euskal Herria deituriko lekuan.
Zibilizazioa desagertuz gero, zer geratuko litzaiguke? – dio Fernando Morillok - Ezezagunaren aurrean egin beharreko hautua. Burua makurtu edo jaiki. Duintasuna. Umorea. Beldurra. Adiskidetasuna. Mamuak. Porrotak. Zalantza. Grina. Bizitzaren intentsitatea eta heriotzaren ezinbestea. Gai asko, gai interesgarri eta esanguratsuak.

Hor daukazu bada, irakurle gaztea, bero handiko egunak freskatzen ahal dizkizun abentura interesgarria, irakurterraza, erritmo bizikoa.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta