EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteca

Berria

2007-11-28 "Historiak egia bakarra aterako du, baina beste mila egia daude" | Nekane Gonzalez

Ama izugarri beldurtu zitzaion bere azken eleberriko protagonista, Aitor, Asier Serrano bera (Eibar, 1975) ote zen pentsatuz. «Baina ez da hala». Lubaki, Lorelei, poesia, literatura... Jauzitik jauzira ibili da artearen xake taulan. Orain, dagoeneko bere buruaren mugak ezagutzen dituela eta, askoz ere lasaiago bizi da, bare-bare. Duela gutxi izandako istripu baten oinazeak soinean, batere oinazerik gabeko usteak biribildu ditu.

Poeta, kantugilea, idazlea. Itxuraz elitista. Eguneroko bizitzan, ordea, haur hezkuntzako irakaslea zara. Nola uztartzen dira horiek guztiak?
Jendea harritu egiten da, nire iragana eta itxura ikusita, haur hezkuntzako irakasle izan naizela jakitean. Orain, bizkarreko minez nabilenez, lehen hezkuntzan nabil. Azken batean, pribilegiatua naiz, nire afizioak ofizio bihurtzeko aukera izan dudalako. Irakaskuntzan lanaldi murriztuak har ditzakedanez, musikari edo idazle lanari denbora eskaintzeko moduan izaten naiz. Irakasle ikasketak egin nituen, eta beti egon naiz umeekin harremanetan. Haurren mundua helduena baino askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait, eta nahiago dut eurengandik ikasi, helduengandik ikasi baino.

Eta elitista puntu hori?
Nik ez dut halakorik igartzen. Kirol jantzia soinean joaten naiz lanera, ez naiz mozorrotzen. Haur hezkuntzako zereginean, hitza eta doinua erabiltzen ditut: hitz egiten eta idazten irakatsi behar diet, baina euren hiztegi mugatu eta harrigarri horretan oinarrituta. Batzuetan, ikastetxe berri batera noanean, arraroa egiten zaie idazle edo musikari bat irakasle izatea, baina ez da harritzekoa. Euskal Herrian, idazle edo musikari askok beste lanbide batzuk izaten dituzte: idazle batzuk harakinak dira, beste batzuk garraiolariak, beste batzuk sendagileak... Nik uste dut idazle eta musikariok, askotan, elitistatik izena eta posea besterik ez dugula.

Haurren heziketan parte hartzen duzu. Haurrak omen dira etorkizuneko euskarri. Nolako etorkizuna aurreikusten duzu?
Haurrak gaur egungo gizartearen aldaketaren ispilu garbiak dira. Ume horiekin ez ezik, gurasoekin eta inguruarekin ere harremana izan behar duzu. Gizartea aldatzen ari dela onartu behar dugu. Eta aldaketa horren errudun guztiok gara. Gu gizarte horretako zati gara, ez soilik haur horien gidari. Haurren hezkuntza ez da soilik gure lana; gizarte osoarena baizik.

Zeu ere haurra izandakoa zara.
Bai. Hiru anaietan gazteena naiz. Amak dioenez, bihurria, ipurterrea eta oso ikasle txarra. Gogoan dut nola egoten nintzen irakasleari begira egon beharrean, leihotik kanpora so: mendien atzean zer ote zegoen galdezka. Etxolak egiten genituen, eta hustutako lantegi galduetan sartzen ginen. Beti bihurrikeriatan. Oso haurtzaro ederra eduki dut, zoriontsua.

Haur hori, noizbait, musikaren munduan hasi zen. Hastapena: Asier Serrano eta Hilakotz taldea.
Hilakotz taldea garajeetan-eta elkartzen zen, eta punka eta heavya egiten zituen. Gure gitarra merkeekin zerbaitetan ahalegintzen ginen. Lubaki Bandaren esperientziaren ondoren, poesia errezitaldiak egiten hasi nintzen, eta baita abestiak ere. Hala, nobela antzeko bat egitea erabaki nuen, Ane gutun galdua, eta Hilakotzekin grabatu nuen. 20 bat lagun bilduta, maketa osatu genuen. Probak egitea gustatzen zitzaidan, eta literaturari beste formatu bat ematea nuen helburu.

Lorelei taldearen ifrentzuan ere, Asier Serrano.
Hilakotzekoa utzi ostean, EH Sukarrako Nortonek eta biok errezitaldiak ematen jarraitu genuen, eta errezitaldi horiek talde izena hartu zuten. Disko bat ateratzea genuen helburu, eta urtebeteko epea eman genion geure buruari. Zortea izan genuen, gauzak ondo joan, eta bigarren diskoa etorri zen.

Zure musika eta literatur lan batzuen artean lotura handia dago, izenburutik bertatik hasita. Zeuk bilatu duzu hala izatea?
Beti antzeko gaien bueltan ibiltzen naiz. Nire literatura edo musika oso neurekoia izan liteke, neuk bakarrik ulertzen ditudan sentimenduak biltzen dituena, eta, azken batean, neure krisi garai absurdoei erantzuteko terapia modukoa. Jende mota jakin bat interesatu izan zait beti: galtzailearen figura. Asko bidaiatu izan dudanez, era horretako jende dezente ezagutu dut; zentzabide ederrak eman izan dizkidate, gainera. Antiheroien mundua, mundu dekadentea, asko interesatzen zait. Gizartean bizirik irauteko zentzabideak behar ditut, eta pertsona horien eskutik jasotzen ditut. Lagunek ere esaten didate edonora joanda ere erotzat jotako pertsonekin bukatzen dudala hizketan.

Mundua antiheroiz josita dagoela esaten dute. Egia al da?
Hala da, bai. Edonoren atzean dago antiheroia. Bakoitza bere bizitzaren heroi eta antiheroi da, aldi berean. Bizirik irauteko borrokatu egin behar da; borrokatu gugatik, eta gure inguruarengatik. Historiak egia bakarra aterako du, baina beste mila egia daude. Ezkutatutako egia horiek antiheroiek kontatutakoak dira, nahiz eta, sarri, hainbat presio edo mugagatik hitz egiteari beldur dioten.

Zure antiheroiak zer egia esan nahi du, bada?
Gizarte gaixo batean bizi garela, eta oro har, gaixo jarrai dezan interes handia dagoela. Denok garela biktima, eta biktima izatea gustatzen zaigula. Batzuetan, badirudi zenbait gauzari buruz ezin dela hitzik egin; eta ez hitzik ez egiteagatik, baizik eta ez konplikatzeagatik. Biktima izatea jarrera erosoa da. Neure buruarekin ere oso kritikoa naiz, eta ez dut barkamenik eskatuko esatera noanagatik: erraza eta erosoa da, gaur egun, beltza izatea, euskaldun izatea, euskaltzale izatea, Alderdi Popularraren alde bozkatzea... Denok uste dugu gure aintiheroitasunaren barruan heroi bat badela, gauza jakin bat egiten dugulako. Eta gugatik baino gehiago, aldamenekoak bere hitza izan dezan egin behar dugu borroka. Hor ikusten dut nire egia.

Taldean heroi izan zara. Bakarka ere, gaizki ez.
Zorte handia izan genuen. Gauza serioa egitera gindoazen, baina lehenagotik ere bageneraman maletatxoa eskuan: nik idazle gazte moduan, eta Mikel Gorosabelek EH Sukarran egindako lan guztiagatik. Gezurra badirudi ere, agertokian oso lotsatia izan naiz beti, eta beraz, beste zerbait bilatzen nuen, beste lan mota bat egiteko gogoa nuen. Gitarra hartu, eta beste areto batzuetan jotzeko gogoa nuen. Bakarkako lanean ere, zortea izan dut. Entzule gutxi izan ditzakedala jakinagatik, badakit oso fidelak eta finak direla. Eta nik nahikoa dut horrekin.

Hitzei ahotsa jarritakoa bazara ere, lagunen ahotsei hitzak jartzen ez zara makala: EH Sukarra, Norton Klub, Exkixu, Gari, Tapia eta Leturia...
Horrelaxe hasi nintzen. Bere garaian ez nuen esango abestera iritsiko nintzenik. Esperimentazio moduan hartu nuen, eta ondo joan zait. 150etik gora abesti idatzi ditut. Une batean, zure estiloaz ere nazkatu egiten zara. Orain, konpromisoa da niretzat, eta aukeratu egiten dut. Garai batean, oso gustura ibiltzen nintzen, lagun baten eta nire arteko fusioa abesti bat izatea gauza berezia zen, eta bere doinuetarako hitzak idaztea, berriz, gure adiskidetasuna nolabait izenpetzea. Lan politak egin ditugula iruditzen zait. Nire hitzak lagun baten ahotsean entzutea ederra da. Nire ahotsa batere gustatzen ez zaidalako izango da! Kar, kar, kar.

Ez da egia izango?
Bai, bai. Grabazioetan izugarri sufritu izan dut beti. Oso kontzertu gutxitan sentitu dut gogobete naizela, ahotsari begira. Nahiago izaten dut nire hitzak beste baten ahotan entzutea.

Egiak ez diren zuri buruzko gauza batzu-batzuk ere kaleratu dituzte: Prestige auziaren kontua...
Bai. Ez dakit nork idatzi zituen, Interneten agertu ziren. Prestige auzia dela-eta kantu bat egin nuen, Galeuscarako. Horren harira-edo esan zuten erregaia jasotzen aritu nintzela... Ez dakit, agian, beste Asier Serranoren bat izango da hortik! Dena den, eskatu izan balidate, joango nintzen, e? Jakin nuenean, neure burua era surrealista batean imajinatu nuen: jantzi zuria soinean, eta gitarra jotzen. Azkenean, nahi dutena idazten dute.

Teknologia berriak, badakizu.
Bai, bai. Harrigarria da pertsona batek zure izena izorratzeko zer baliabide erraza duen eskura. Erabat doan, gainera! Jendeari asko gustatzen baitzaio hitz egitea! Baina hor esandakoak baino gogorragoak esan izan dituzte niri buruz. Loreleiren garaian, esaterako, asko sufritu nuen. Nahiz eta gero beti jakiten den zein den egia.

Bigarren diskoarekin egin beharreko zenbait kontzertu atzera botatzeak ere hautsak harrotu zituen...
Bai. Nik ez nion zentsura hertsi-hertsiaren arrastorik hartzen, eta ez nion indar handirik eman nahi. Baten batek etekina atera nahi izan zion, eta ez zitzaidan batere ondo iruditu. Ez esan inori diskoarekin, beka bat eman ziguten. Gu Gerrari bai diskoarekin joatekotan ginen, eta garai hartan, mundu guztia gerrari ez esaten ari zenez, arraroa egin zitzaien euskaldun batzuk lelo horrekin joatea. Beldurtu egin ziren, antza. Zentsura, gehienetan, ezjakintasunak bultzatzen du. Gero, konpontzen ahalegindu ziren, baina alferrik. Nolanahi ere, nik ez dut ikusten gurea SA, Fermin Muguruza, Su ta Gar edo Berri Txarrakekoek izandako zentsuraren pare.

Zure lanetan, atzean ezkutatzen den emakumearen bila omen zabiltza.
Zapalduak interesatu izan zaizkit. Eta nire gaietan, emakumeek hunkitu izan naute. Historian ere, emakumeena izan da rolik txarrena. Nire lana ez da izan emakumea defendatzea, baina irudi horri maitasun berezia diot. Behin esan zidaten gizonik gogorrena eta emakumerik goxoena izan nintekeela, aldi berean.

Horregatik Lorelei izena?
Lorelei jainkosa bat da, baina emagaldurik handiena ere bai. Leonard Cohen-en Susan abestitik dator. Hala bilakatu ginen Lorelei jainkosaren adoratzaile, mundu dekadente horren eta gauaren morroi.

Gaur egun, zeren adoratzaile da Asier Serrano?
Bizirik irautea da xedea, eta beraz, gauza txikien adoratzaile bilakatu naiz. Bidaiatzea, mendia, kirola... Egunetik egunera gehiago saiatzen naiz neure burua adoratzen, baina ez dut lortzen! Kar, kar, kar. Inoiz ez naiz oso mitozalea izan. Baina hurbilekoengandik gertu egon nahi dut. Familia, esaterako, izugarri adoratzen dut, eta lagunak; batetik bestera ibili naizenez, gutxi egon bainaiz eurekin. Ezkutuko munduak ere asko erakartzen nau.

Iraultza txikiz osatutako bizitza al da zurea?
Aspaldi hartu nuen erabakia, eta oso ibilbide berezia izan dut. Pauso naturalez betetako bidea izan da nirea, koherente samarra. Garai batean, euskal kulturan txokotxo bat izatea nuen helburu. Gaur egun, kulturak Euskal Herrian txoko bat izan dezan ahalegintzen naiz. Harkaitz Canok «iraultzaile» esan zidan, ezagutu ninduenean. Baina ez dut uste ezer aldatu dudanik. Lan bat argitaratzea garaipen bat da; baina irabazitako borroka baten atzean, galdutako ez dakit zenbat borroka izango dira. Eta hori denoi gertatzen zaigu. Nik sortzea dut atsegin, barrukoa hustea. Eta egia esan, berdin du gero nora joango den hustutako hori. Ez naiz batere nostalgikoa. Egunari begiratzen diot.

Eta etorkizunari?
Gero eta gehiago. Lehen helburu batzuk nituen, dena zen berria. Orain, neure mugak onartu ditut, eta oso hurbil ikusten dut etorkizuna. Oraina eta etorkizuna nahastu egiten ditudalako, agian. Beti presaka gabiltza, beti gauzak egin beharrean. Nik baretasuna bilatzen dut. Ingurua zaindu behar dela uste dut. Jendearen etika eta morala interesatzen zaizkit, eta hortik doa prestatzen ari naizen azken lana ere: Erlojugilea. Oso gustura nabil, gozatzen.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta