EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Asier Serrano Lasa > Hemeroteca

El País

2008-01-21 Eskuetako marrak | Jon Kortazar

Asier Serrano kantariak eta idazleak (Eibar, 1975) nobela deigarria argitaratu du. Eskuetan mapak deitzen da, eta kutsu autobiografikoa badu ere berezia da egitura aldetik.

Eskuetan mapak nobelak hiru maila desberdin agertzen ditu. Batetik Zuloan rock taldeko historia eta kronika da, 1989. urtetik 1996. urte arte, Eibarko lehen pausoak, Euskal Herriko kontzertuak, Europa barrena egindako bidaiak. Bigarren maila batean Aitorren ahotsez eta begiradaz kontatua da ekintza nagusi hori, baina Aitorrek begiradan badu joera existentzialista, Roka adiskideak bere burua botatzen duen momentutik aurrera.

Hirugarren maila narratiboa 2004. urtean jazotzen da, taldekideak nagusitu egin dira, eta liburuan letra molde desberdina erabiliz, haien nondik norako tragikoa ematen zaigu aditzera.

Egitura zein denbora eta espazio aldetik eleberriak neurriak oso ongi betetzen ditu, eta irakurketarako ez du problemarik agertzen. Baina egituran sendoa bada bere idazkera, Asier Serranoren estiloak ziztada eta harridura agertzen ditu nagusi.

Metaforak eta irudiak erabiltzeko orduan oso trebea da bere eskua, eta berezia kontatzeko manera. Aipagarria da historiaren barrenena tartekatzen den ipuin bat: Mustafak bere historia kontatzen duenean era hunkigarria batez (134. or.).

Musika talde baten inguruan osaturiko kontakizuna izanik, taldeko lau partaideek protagonismo berezia hartzen dute. Aitor da kontalari nagusia, Kepa bere aurkakoa, pintorea eta sentimenduz jositakoa, Anez maitemindua dago, baina Anez maiteminduko da baita ere Aitor. Bizen homosexual problematikoa dugu, nahiz eta pixkanaka zabaltzen den, eta Josu drogazalea, eta hizpidez isiltzen ez dakiena.

Bost pertsonaia horien inguruko historia linealegia da. Irakurle honek sentitu du agian begirada oso zentratua dagoela, eta ingurura ez dela askorik barreiatzen.

Asier Serranok, baina, jakin du jakin-mina pizten 2004. urteko kontakizun horretan irakurleari pertsonaia bakoitza nor den asmatzeko erronka luzatu dionean.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta