EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Arrate Egaña Gimenez > Hemeroteca

Blogak

2005-10-13 Arrate Egaña, bizitzaren garai basatiaz | Xabier Mendiguren

“Kixmi elurpean” kaleratu du Arrate Egañak (Errenteria, 1963), Urtezahar-gau batean gertatzen den abentura, ekintzaz eta zorakeriaz betea alde batetik, baina pertsonen barruan ere arakatzen duena, egileak dioenez “zaila baita emozioez mintzatzea”, nerabezaroan. Baita beste edozein adinetan ere.

Haurrentzako zenbait liburu idatzi dituzu orain arte, eta helduentzat ipuin solteren bat. Honakoa, beraz, pauso berri bat da, bai luzerari, bai hartzaile izan dezakeen publikoari dagokienez.

Bai, hau da gazteentzako nire lehenbiziko publikazioa, eta argitaratu dizkidaten guztien artean luzeena. Dena den, behin istorioa eta ildoa aukeratu ondoren, hartzaile posiblea ahaztu egiten dut, istorioan eta idazketan erabat murgiltzeko; aldi berean idazle eta irakurle bilakatzen naiz.

Atxagak aspaldiko elkarrizketa batean zioen ume zein gazteentzako idazteko, bere burua gaztez betetako antzoki batean irudikatzen zuela; irakurleak berari begira daude, zain. Nik nahiago dut bakardade hutsean idatzi, interferentziarik gabe. Ekoizpena amaitzean badakit, gutxi gorabehera, nori gustatuko zaion eta nori ez, eta ez da soilik adin kontua izaten (esaterako, aitak, zenbait gauza irakurtzean, herentzia kenduko ote didan beldur izan naiz maiz... )

Neurriari begira, ipuinak idazten eroso sentitzen banaiz ere, ez zait gehiegizko aldaketa iruditu, ipuinak luzatu egiten baitzaizkit, joera hori dute. Ona izan da esperientzia, erakargarria zabaldu didan bidea.

Benetako gertaeretan oinarrituta

Aspaldidanik zenuen istorio hau idazteko asmoa, ala bat-batean sortu zitzaizun ideia?

Aspaldiko ideia edo ideiak dira. Gazte aroko giroa eta bizipenak izan ditut gogoan, oso garai eta toki zehatzetan gertaturiko pasadizoak; den-denak ez dira liburu batean sartzen. Urte bakar batzuk aurretik zein ondoren, gauzak desberdinak izan direla uste dut.

Liburukoak benetako gertaeretan oinarrituta daude; gordina eman dezake, baina halakoxea izan zen neure inguruko errealitatea. Hala ere, anekdotak gorabehera, eta inguruaz aparte, protagonistaren garapena eta peripezia interesatzen zaizkit.

Nerabeak dira liburuko protagonistak, eta neurri batean adoleszentzia bera bihurtzen da gaia, adin horretako ohiko kezka eta arazoak planteatzen direnez gero. Ze interes ikusten diozu nerabezaroari literaturaren ikuspegitik?

Oso aro emankorra da, konplexua, aberatsa. Helduen kontuetan murgildu nahi izaten dute, baina sarritan ez dakite xuxen nola mugitu mundu horretan; bestalde, ume giroa atzean utzi dute, baina ez zeharo; umekeriak egiteko joera dute oraindik. Giltzarri sasoia da. Maitasuna, errua, adiskidetasuna..., eta gainontzeko sentimenduak, berriak izan ez arren, nekez gobernatzen dira; mundua ezagutzeak eman ohi duen defentsarik ez dute, ikasten ari baitira.

Gainera, sentimendu horiek puri-purian daude, gordinki azaltzen dira, egiazki. Bizitzaren garai basatiena da, arras literarioa.

Bere identitatearen bila dabilen gazte bat agertzen digu nobelak, koadrila duelarik aldi berean erreferentzia eta muga. Koadrila idealizaturik dagoela iruditzen zaizu, ala ez zaizkiola aitortzen dituen dohainak ala...?

Adin horretan koadrilak dioenak garrantzi handia du; baina protagonista akabuan konturatzen da lagunek ez dutela beti laguntza egokiena ematen. Berak lagunen aholkuen alde egiten badu ere, asuntoa ez da oso artez ateratzen.

Protagonistak, bestalde, identitate berria sortu nahi du, esaten duzun lez, astiro mugitzen da inguruko zurrunbiloan, zintzo bilatzen du bere bidea.

Hala ere, liburuan ez da agertzen ez gaurko garaia, ez zuk 17-18 urte zenituenekoa. Esaiguzu zer garai aukeratu duzun eta horrek zergatiren bat ote duen.

Urtea 1997a da.

Liburuak oroitzapenak –70/80 hamarkadetakoak– eta izan ditudan ikasleek kontatutako pasadizoak batzen ditu. Data hori ez dago urruti, gertuegi ere ez; gauza batzuk atzean geratu dira, beste batzuk ez.

Tokia, berriz, ez da izendatzen, baina ez da zaila antzematen...

Errenterian gertatzen da, nire haurtzaroko herrian, baina jakina da beste herri askotan ere antzeko giroa izan dela. Orereta, mendiz inguratuta egon arren, urbanoa zen erabat: asfaltoa edonon, lantokietako kea, ibai tindatua, farolen argi doratua...; politikoki oso zigortua izan zen eta kaleko mugimendu handikoa. Protagonista, hala ere, baserriko gazte bat da, arrotz bat ia.

Beste liburu batzuetarako, niretzat esanguratsuak diren beste zenbait herri aukeratu ditut: Bermeo, Berbinzana, Lizarra... ; baina istorio hau Oreretan kokatu behar nuen ezinbestez.

Heroi/anti-heroi jokoa

Drogak eta arazo politikoa ere agertzen dira. Dekoratu errealista baten nahitaezko elementuak direlako, ala bazenuen horiek agertzeko gogoa ere?

Dekoratu baino zerbait gehiago ere bada. Pertsonaiak giro horretan mugitzeaz gain, giroak berak ere nortasun zehatza dauka, bere funtzioa betetzen du. Era berean, bai, nire ustez sinesgarritasuna ematen dio istorioari, horrelakorik ezagutu baitut. Garai hartako Oreretan kokatutako istorio bat faltsua irudituko litzaidake politika aipatuko ez balu, are gehiago pertsonaien adina kontuan harturik. Hala ere, gai horiek ez dira istorioaren mamia.

Zergatik aukeratu duzu mutil bat protagonista eta kontalari? Erronka bat zenuen, beste sexuaren ikuspegitik idaztea, ala berez atera zaizu?

Orain arte emakumeak izan ditut protagonista gehienak. Mutilaren azalean sartzea ez da desafio bat izan, istorioak berak eskatzen zidan; ez dakit ondo ala gaizki atera den, baina ez zait oso zaila gertatu.

Liburu honen aurreneko bertsioetan probak egin nituen eta, azkenik, ohartu nintzen mutil bat nuela buruan, heroi izan nahi zuen anti-heroi bat, bere nahasmen guztiekin. Neska, Kixmi, horren kontrakoa da, besteak beste.

Abortatzea da liburuan azaltzen den gai inportanteetako bat; gazteen artean arazo traumatikoa izaten segitzen duela iruditzen zaizu, ala sozialki konpondu samarra dagoela, ala...?

Liburua ez da ez abortuari buruzko ez beste ezeri buruzko tratatu bat; fikzioa da.

Hala ere, entzun dut nerabeen haurdunaldiek gora egin dutela azkeneko hiru urteotan, preserbatiboa ez delako erabiltzen (erromantizismoa gutxitzen omen du...). Normalean, egoera horren ondorioak traumatikoak izaten dira; baita abortua ere, noski, gizarteak egun bidea erraztu duen arren.

Liburuko neskak ideologia sendo bat dauka eta, hasiera batean, garbi ikusten du hartu duen bidea; baina ideologiaren azpian jende zehatza dago, kontuan hartu beharreko nortasun korapilatsuak, eta barruko hori ere miatu behar da. Kixmik, azkenik, seguru ez dagoenez, amaren herrira itzultzea erabakiko du. Horixe da hain zuzen protagonistek hartuko duten erabakirik zuzenena: aurretik pentsatu egin behar dute, beste pertsona batzuekin hitz egin..., erabaki zentzudun bat hartzeko eta laguntza izateko.

Gau bakarreko erritmo bizia

Urtezaharretik Urteberrira bitarteko gaua da nobelaren denbora, eta horrek halako egitura eta erritmo zinematografikoa ematen dio, ezta?

Egia da. Fotogrametan irudikatu dut istorioa, argazkiak nituen buruan, eszenak. Nire asmoa hori zen: erritmo biziz tratatzea, gaiagatik eta istorioagatik. Burura ekarri dit “Jo qué noche” pelikula: hanka sartzeek, bata bestearen atzetik, arazoak korapilatzen dituzte. Eta guztia gau bakar batean gertatuko da.

Hala ere, behin edo behin akzioa moteldu egiten da, protagonista etengabe ari baita ingurukoaz hausnarrean. Istripua ere akzioaren freno gisa erabili dut. Orein gaztea zapaltzeak haien emozioak kanporarazten ditu, neskarenak batez ere: tentsioak hitz eta malkoen bidez askatzen ditu. Une hori oso garrantzitsua da; hortik dator hain zuzen ere liburuaren izenburua. Ordu arte pertsonaiak ez dira komunikatiboak izan, adin horretan zaila baita emozioez mintzatzea –adin guztietan. Baina orduan neskak, sentimenduz gainezka, bihotzaren iturria ireki eta hitzak borborka aterako ditu, sugetzarretan bezala mintzatzearren. Ondorioz, haien egoerak hobera egingo du.

Amaitzeko: gazteentzako nobela honen segida naturala helduentzako narratiba dela ematen du. Hala izango da?

Ez dut uste garapen logikorik dagoenik: umeentzat, gazteentzat, helduentzat..., ez da hain desberdina. Irakurtzea ere antzekoa da, garai batzuetan gustura irakurtzen duzu poesia, beste egun batean saiakera bat hartzen duzu, edo nobela bat, edo umeentzako ipuin bat. Egia esateko, ideiek ematen didate abiada, eta ideia horiek arbitrarioak izaten dira, batzuetan umeentzat egokiak, besteetan publiko helduago bat dute jasotzaile. Hala ere, gustura ibili naiz gazteentzat idazten, ea beraiek zer esaten duten...

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta