EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Aitor Arana Luzuriaga > Hemeroteca

Argia

1995-06-18 Literatur interruptusa | Mikel Elorza

“Ia ipuin denak larrujotze moeta ezberdinei buruzkoak izanik, irakurlea txora-txora eginda zein nazka-nazka eginda gera liteke hainbeste sartuaterarekin”. Arrazoi hori medio idazleak liburua nola irakurri behar den aholkatzeak —ene iritziz soberan dagoen sarrera batean— ez zidan liburuari ekiteko atarikorik ederrena eskaini. Aitzakiatik hurbil dagoen azalpenak ez dit kilika egiten.

Euskal literaturan eremu neskutsa gustatu eta aldera ekartzera jo du Aranak. Estreinako formalismoen ondoren —mamirik gabeko “hurbiltze-solasa” litzateke sarrera—, haragikerietara jo du egileak. Saio bakarrean hamabost lotu ahal izateak badu meriturik —denak euskaraz—, baina ariketa ez da urrezko hitzez egunkari ezkutuan gordetzekoa gertatu. Orgasmorik gabea, txepela.

Ipuinak sinpleak dira, korapilo dramatiko gutxienekorik gabeak. Bat, bi edo hiru pertsonaia, dena delako egoera eta motzean —ez gordinean— sexu-festa. Tapa aldatuta alokatzen diren filme “bakarzaleen” tankerakoak.

Hizkuntzaren aldetik saioa aipatzekoa da, baina ez du estilo aldetik ariketa berezirik egin. Eta ez zion kontatu beharrekoak aukera handia ematen. Zeren eta irudimena sexu alorrean fabulatze alorrean baino joriagoa izanagatik ere, ez da Peruko urrea. Ipuinetan ariketa mota gehienak azaltzen dira —heterosexuala, homosexuala, zoofilia, pederastia…— baina oso mode soil eta topikoetan azalduta. Katalogo modua egin nahia soma litekeen bilduma —odol eta minik, oi Ama Euskal Herria!, ez da ageri—, interruptusa suertatu zait. Saiatuagatik, plazerrik gabea.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta