EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Aitor Arana Luzuriaga > Hemeroteca

Diario Vasco

1995-12-23 Ilunetik ilunera | Felipe Juaristi

Hamar ipuin biltzen ditu guztira Aitor Aranak liburu honetan. Izenburua bera da esangurutsua: “Ipuin Ilunak”. Iluntasuna, bizitzaren bestaldea da, ezkutukoa alegia, eguzkiaren begitik gorderik datzana. Ipuin hauek aspaldiko tradiziora jotzen dute, izu-ikararen mundua ekarriz gugana. Bidaia bat egingo bagenu egileak marraztuta utzi digun paisaian barrena, sorginak, lamiak, basajaunekin batera, Barandiarani eta abarrei esker euskal irudimenean iraun duen mitologia hori aurkituko genuke. Mitologiaren aztarnak ipuin hauetan dira bereziki nabarmen: “Osin Beltza”, “Gauaren alabaren maitalea”, “Sorgingaiaren Mendekua”, “Azken Basajauna”, izenburukoetan. Guztietan, prosa landua, misteriozko istorio baten zerbitzuan jarria. Baina ez dakit gaiak berak irakurlea bete-betean harrapatzeko indarra ote duen. Izanez ere, sorginen eta horrelako pertsonaia mitikoen kontuek, umeak izutu beharrean, barrez lehertzen jartzen dituzte. Ez gara lehen ginenak. Sorginak eta basajaunak, gaur egun, zirkoko espektakulu bihurtuak ditugu.

Interesgarriagoak, ordea, gaiaren orijinaltasunari begira, gainerantzekoak iruditu zaizkit. Tartean bada bat, berebiziki gustatu zaidana, eta ipui zoragarritzat dudana: “Azken Oihua” deitzen da. Ez dut zertan denik esango, hasieratik bertatik berekin daraman intriga eta suspensea ez galtzeko, baina merezi du irakurtzea. Baita “Betiko” izenburukoak ere, nahiz eta komikiaren taju handia hartzen diodan berari. Borobilak dira biak, nire iritziz.

“Izpiritua” izenekoan, maitasuna bera nola bihurtu daitekeen ifernugai kontatzen digu egileak. Batzuetan “Ipuin Lizunak” haietako baten aurrean gaudela dirudi, zenbait deskribapenek liburu hartara eramaten baikaituzte. Maitasun gaia ez da falta ipuin hauetan; sentsibilitatea duela erakusten digu idazleak. Eta batez ere, jenero ilunen artean, egokienak aukeratzen dakiela. Horrela, zientzia-fikzioko istorioa bat dugu: “Pixka bat gorago”. Oiñati inguruko paisaia dakarkigu “Errepideko bihurgunea” izenekoan. Ipuinak huts egiten digu, hasieratik somatzen baitugu bukaeran zer gertatuko den. “Berpizkundea” izenekoan, banpiroen istorio bat kontatzen digu.

Ilunaren gama asko jorratzen ditu Aitor Aranak. Oso orijinala denik ez dut esango jeneroka idazten duen idazle gazte hau. Ipuinek, batzuetan, “deja vu” delakoaren sentipena uzten digute aho sabaian, baina, gutxienez, ez zaigu inongo mingostasunik itsasten hortz artean.

enlace

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta