EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Berria

2005-11-02 "Tradizioa egungo bizimoduaren galbahetik pasatu behar dugu" | Juan Luis Zabala

Euskal herri ipuinak beti izan ditu gustuko Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak (Etxebarria, Bizkaia, 1963). Baina duela zazpi urte,
antropologia ikasketak egiten ari zela, herri ipuinei buruzko galdera batzuk planteatu zizkion bere buruari, eskolarako lan baten aitzakian. Batetik, herri ipuinak zergatik zituen gustuko jakin nahi izan zuen; bestetik, ea bera bat zetorren emakumeak herri ipuinetan zuen irudiarekin. Gerora, herri ipuinen beste arlo batzuk jorratu zituen, egitura soziala esaterako. Orain azterketa horien emaitzak liburu batean bildu ditu: Gatzaren atzetik. Emakumeen irudia euskal ipuin herrikoietan: Mari-Xor. Eta berak eman du argitara liburua, azaleko irudia Rosa Etxaberi enkargatuta.

Tesi bat defenditu baino gehiago, galderak planteatu eta eztabaidarako bidea irekitzen duzu liburuan.
Nik uste dut emakumeon irudiarena hitz egin beharreko kontua dela gaur egun; ahal dela, foro txikietan. Zer irudi daukagu guk? Zer amesten dugu? Zer oztopo dauzkagu? Zer lortzen dugu bide horretan? Emakumearen zer irudi uste dugu nagusituko dela hemendik 20 urtera? Zer irudi nahi dugu gure alabentzat, eta baita gure semeentzat ere, denak nahastuta biziko baitira? Nola jokatu gizarte nahasi horretan subjektu aktibo moduan? Zertan dira lagungarri eta zertan traba tradizioa eta kultura?╔ Erantzunak baino gehiago, galderak dauzkat oraindik, nahiz eta erantzun batzuk deskubritzen ari naizen, oso txikiak, subjektiboak eta unean unekoak.

Herri ipuinetan oro har, zuk liburuan aztertu duzun Mari-Xor ipuinean adibidez, gizonezkoek zuzeneko lotura dute boterearekin, eta emakumeek zeharkakoa, zaintzari eta erreprodukzioari dagokiona.
Ez ditut ipuin tradizional guztiak aztertu, baina uste dut badagoela horrelako joera bat. Horren atzean, etenik gabeko galdera biribila dagoela uste dut, biologiak ere bere indarra baitauka: haurra beti emakumearen barruan hazten da. Mari-Xorrek aurre egiten dio aitari; emakume ausart eta indartsu gisa agertzen da. Baina ipuina xehetutakoan, jabetzen zara aitaren etxetik alde egin eta gero maiorazkoaren etxean amaitzen duela. Boterea jabearena da. Baina beharbada boterea banatu egin behar da, eta jabetzarekin bakarrik lotu beharrean erabilpenarekin ere lotu. Bata bestearen premian daude maiorazkoa eta Mari-Xor. Zeregin eta ikuspegi ezberdinak izan arren, biak dira beharrezkoak, eta gizarteak aintzat hartu behar du hori.

Egungo gizarteari begira egiten duzu planteamendu hori, Mari-Xor ipuinetik abiatuta.
Gaurko gizarteko gaiak gordin-gordin hartzen baditugu, berotuta eta eztabaida gogorrean amaitzen dugu gehienetan, unearekin kutsatuta gaudelako. Nik nahiago dut pixka bat atzerago joan eta distantzia hartu. Horretarako baliagarria zait Mari-Xor ipuina. Ipuin hori gustukoa baitu egun ere jendeak. Mari-Xor-en azpian Errauskine-ren mitoa dago, eta horrek beti funtzionatu izan du. Distantzia pixka bat hartzeko aukera ematen digute horrelako ipuinek, gaur egungo gaiei buruzko eztabaida sortzeko. Horren ordez, Irungo Alardearen gaia hartzen badut mintzagai, hiru minututan bero-bero jarriko da jendea.

Herri ipuinek hainbat gairen inguruan eskaintzen dituzten ikuspegiak ez datoz bat gaur egun gizartean, ustez behintzat, nagusi direnekin.
Guraso askoren kezka izaten da hori, batez ere indarkeriak ipuin batzuetan duen agerpenarengatik. Nik uste dut geuk sentitzen duguna transmititu behar dugula. Tradizioa oinarrizkoa da, baina ez da bere horretan eta gordin-gordinean ehuneko ehunean erabili beharrekoa. Geuregandik pasatu behar du tradizioak, geuk izan behar dugu tradizioaren galbahea. Tradizioa gaur egungo bizimoduaren eta gaur egungo nahien, emozioen, beharren eta abarren galbahetik pasatu behar dugu. Norberak ezer aurkitzen ez badio ipuin bati, ipuin horrekin ez du ezer transmitituko. Horrelakoetan, hobe umeari musua ematea, ipuinik kontatu gabe.

Baina, zuk esan duzun bezala, kasurik gehienetan funtzionatu egiten dute herri ipuinek, liluratzen jarraitzen dute, nahiz eta haietan agertzen diren ikuspegiekin bat ez etorri.
Herri ipuinak, gizarteak ematen dizkigun rolak eta gainerako jantziak kenduta, zuzen joaten dira pasioetara, oinarrizko emozioetara. Lau edo bost pasio edo emozio dira horiek, eta mundu osoko jendearentzat berberak. Pasio horiek harrapatzen dituzte herri ipuinek. Nola? Ez dakit.

Horra hor herri ipuinen misterioa
Mari-Xor ipuinarena ere misterioa da: ahoz aho transmititu da, aspaldidanik, eta Joxe Arratibelen aurretik ez zuen inork idatzi. Estibalitzen idatzi zuen, egoera bortitz batean, monasterioko zuzendaria atxilotu zutenean. Une gogor hartan, koadernoa hartu eta takada batean idatzi zituen txikitan auzoan entzundako ipuinak. Zuzenketa txiki batzuk baino ez zizkion egin gero Jose Mari San Sebastian Latxaga-k, lehen argitalpenerako. Egituraz perfektua da. Misterio bat da ipuin batek nola irauten duen leku askotan horren egitura trinkoz, ia-ia matematikoz. Arratibelen koaderno horretako eskuizkribuaren kopiak sartu ditut liburuan, Mari-Xor ipuinaren lehen argitalpenaren kopiarekin eta Arratibeli egin nion elkarrizketarekin batera.

Zergatik argitaratu duzu zeuk liburua, argitaletxe baten bitartez kaleratu beharrean?
Eraman nuen argitaletxe batera, eta interesatu ere egin zitzaien, baina esan zidaten ez zela batere komertziala. Gero Emakunderen laguntza jaso nuen, liburuaren argitalpenerako, eta orduan argitaletxea aurrera egiteko prest agertu zen. Baina laguntza hura ez zen bateragarria Eusko Jaurlaritzak euskal liburuak laguntzeko liburutegietarako egiten dituen erosketekin. Azkenean, neuk argitaratu dut liburua, Bergarako K3 inprentan, Emakunderen laguntzarekin.

Norentzat da liburua?
Lehenik eta behin, ipuin herrikoiak gustuko dituen edonorentzat. Gero, ni bezala, emakume izateaz gain gizarte honetan pertsona aktibo gisa gauzak egin nahi dituen edonorentzat. Baina nahi duten gizonezkoentzat ere izango da, egin behar ditugun gauzak elkarrekin egin beharko baititugu. Emakumearen irudi ideala berreskuratzea ez da bakarrik gure lana. Gizonena eta umeena ere bada. Eta denok batera egin beharrekoa.

Etxea denona delako, ez bakarrik aitarena, liburuaren amaieran diozuna gogoratuz
Hori da, bai, etxea denona delako.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta