EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Aizu!

2006-11-02 "Literatura bakardadean sortu behar da" | M. Egimendi

Amaia Zabalo

Bizitza hamarkadaka antolatuta dauka Arrietak. 60ko hamarkadan jaio egin zen, Etxebarrin (Bizkaia), eta herri txikiko askatasunaz gozatu zuen. Hurrengo hamarkadan Markinara joan zen eskolara, eta herri txikia eskualdera zabaldu zitzaion. 80ko hamarkadan, berriz, unibertsitatera, Eskoriatzako irakasle eskolara. Han hasi zen literaturara hurbiltzen: Iñaki Mendiguren eta Jexux Garmendia irakasleei esker erabaki zuen hura zela gustatzen zitzaiona.

Eta hortik idazle bihurtzera?

Ikasketak amaituta, hezkuntza eta umeak gustatu arren, erabaki nuen ez nuela egun osoa horretan pasatu nahi. Euskaltegi batean ere aritu nintzen, baina hura utzi eta 90eko hamarkadan Donostiara joan nintzen antzerkia ikastera; antzerkia baino, fikzioa. Fikzioa lantzen ikasi nahi nuen, eta ez nuen beste tokirik topatu. Eszenak lotzea eta, batez ere, pertsonak eraikitzea gustatzen zitzaidan. Aldi berean, antzerki tailerretan hasi nintzen, hau da, sorkuntza kolektiboan. Orduan ekin nion antzerkia idazteari, tailerretan ateratzen ziren eszenatxoak lotzeari, forma emateari, erregistroak bilatzeari,... Gero bakarka hasi nintzen, ipuin bat idatzi, saria irabazi eta jendea deika hasi zitzaidan, “idazlea zara” esanez. Antzerki tailerrak idazketa tailer bihurtu ziren apurka-apurka, eta gaur arte.

Idazten ikasi egiten da, ala? Idazten irakasten duzu?
Ez naiz irakastera joaten, entrenatzeko trikimailuak ematera baizik. Umeei esaten diet futbolean jokatzeko entrenamenduetan ez dutela beti futbolean jokatzen. Batzuetan ariketak egiten dituzte, beste batzuetan luzaketak, hurrengoan jokoak,... Bada, idazteko eta sortzeko ere entrenatu egin daiteke, ariketak, jolasak eta jokoak eginez. Irudimena gihar bat balitz bezala irudikatu behar dugu, zenbat eta gehiago landu, orduan eta hobeto aritzen dena, eta utziz gero, txikitu, lehortu eta eskastu egiten dena. Sormen prozesuan ere zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta biziago egongo da baliabide hori. Azken batean, idatziz ikasten da idazten. Dena dela, nire ustez, literatura bakardadean idatzi behar da, norberaren ukitu errepikaezinaren bila. Hori berezkoa den ala ez, ez dakit.

Norekin konpartitzen duzu literatura sorkuntzan bakarka egiten duzun lan hori?
Badaukat dozena bat lagun-edo nire lana erakusteko, nahiz eta gero unea heltzen denean agian ez erakutsi. Guraso edo irakasleek lana amaitzen dutenean, norberaren belaunaldiko kideren bat aurkitu behar da. Hori zaila da, batez ere emakumeentzat. Orain konpontzen ari bada ere, arau bat badago, edo egon da, gizonezko sareak egon dira, eta horietan sartzeko, edo ideologikoki eurekin bat etorri behar duzu, edo eurekin lan egin, edo eurekin zerikusia duten gauzetan ibili,... Esparru hori irabazi egin behar izan dut, ez daukat argitaletxe ziur bat. Argitaletxe guztietan mugitzen dira lagun koadrilak, logikoa da, baina ni beti izan naiz zentzu horretan iheskorra, ez zait gustatu inoiz inorekin ezkontzea, eta horrek prezioa ordainarazten dizu. Bakarrik nahi duzu? Bada, bakarrik egin beharko duzu bidea ere. Hala ere, badaukat nora jo eta ez dut kupoa betetzeko idatzi nahi, ez dut bat gehiago egin nahi. Liburu bat argitaratu nahi badut, zerbait esateko benetako premia dudalako izan behar du, edo diskurtso bat eraiki nahi dudalako. Bitartean nahiago dut beste gauza batzuk egin. Niretzat garrantzitsuena eguna nire gustuko gauzekin betetzea da, berdin zait liburua egiten edo beste zerbaitetan. Adibidez, orain Galdakaon eskoletan eta etxean erabiltzeko literatur egutegi bat prestatzen ari gara.

Azkenean nahiko lan egiten duzu umeekin irakasle izan nahi ez zenuela erabakitzeko...
Bai, baina tira, tarteka ibiltzen naiz, eta gero alde egiten dut, bakarrik egoteko premia ere sentitzen dudalako. Hiru edo lau plater ezberdin edukitzen ditut dantzan, oreka dinamiko hori bilatzen dut, gauza bakar batekin ibiltzea gustatzen ez zaidalako. Gainera, beti hartzen dut denbora egiten dudan guztia neure galbahetik pasatzeko, zerk elikatzen nauen eta zerk ez ikusteko, behar ez dudana kentzeko eta nahi dudanarekin geratzeko.

Irakurzaletasuna bultzatzeko tailerrak, idazketa tailerrak, gero eta irakurle gutxiago omen... Irakurle barik geratzearen beldur zarete?
Azken urteotan asko ekoitzi dugu, baina behin liburuak kaleratuta, albo batera uzten dira. Liburu piloaz gain, begietara oso azkar sartzen diren beste kontu asko ere badaude. Irakurtzea gustatzen zaionak beti aurkituko ditu bere gustuko gauzak, baina asko ito egiten dira informazio bulimia honen aurrean eta antzeko gustu literarioak dituen jendearekin biltzeko gogoa dute, eta ugaltzen hasi diren irakurle klubek lagundu egiten dute horretan. Ni aurten hasiko naiz Markinan hilean behin jendearekin biltzen liburuez aritzeko. Ilusioa egin zidan proposatu zidatenean, nolabait etxera itzultzea delako, eta euskaraz dakien jendeak gaztelaniaz irakurtzeko ohitura duelako. Beraz, helburua euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea da. Gainera, egungo gizartean gabezia handiak daude, komunikabide ugari dauzkagu eskura, baina gustuko jendearekin gustuko gaiez hitz egiteko denbora hartu egin behar da, eta hori kostatu egiten da. Azken batean, liburuak bide bat izan daitezke zeure antzeko gustuak dituen jendearekin noizean behin egoteko.

Zer elementu behar ditu ipuin batek umeentzat egokia izateko? Egokiak dira negar eragiten dutenak?
Begira Maite Kuttuna, kritika piloa jaso du, baina hor dago, eta “kulebroi” itzela da. Nik ez dakit zein faktore dagoen hori hain erakargarri egiteko, ez dago inon kokatuta, ezta garai batean ere, ez dauka gizarte eta kultura ingururik, eta ezin duzu horrekin ezer landu. Emozio guztiek eragiten dute negar, umeak helduen pare jartzen dira, eta helduen gauzak konpontzeko bitarteko moduan erabiltzen dituzte; dena da tragedia, pozoitsua dela iruditzen zait,... baina hor dago. Hainbat eta hainbat kritika jaso ditu ETBk, baina inbertsioa eginda dago eta orain etekina atera behar. Gainera, audientzia daukanez... Nik udan debekatu egin nion alabari, baina debekatzeak kontrako eragina ekartzen duenez, ostiraletan bakarrik uzten nion ikusten. Ez dakit zer behar duen ume batentzako ipuinak, baina ni eskutitz moduan idazten eta neure baitako umea bilatzen saiatzen naiz. Umoreak, adibidez, beti laguntzen du gauzak lasaitzen, gauzak beste era batekoak izan daitezkeela azaltzea ere asko gustatzen zait,... Idazten jartzen naizenean, eskutitzak idazten dizkiet irakurleei, ahalik eta lotuen eta integratuen, ulertzeko moduan.

Nahiz eta gizartea aldatzen ari, gaur egungo neskatoek ipuinetako printzesak izan nahi dutela diote oraindik ere...
Orain beste era batera idazten da, baina nahaste handia dago. Ikusi behar da nola erabiltzen diren herri ipuinak, berrikusi egin beharko genituzke, jatorrizkoak hartuta, aztertu nola ulertzen diren gaur egun. Nik probak egin ditut gaztetxo batzuekin, eta lilura horrek indar handia dauka oraindik, zerbait sinboliko dago, itxura denez, barruan eragiten diguna. Baina hortik klasikotzat hartzen diren Disneyren bertsio mamuetara... Horiek ez dute zerikusirik ipuinekin.

Non dago gakoa orduan?
Kontua da zer egiten duen gaur egun ipuinekin merkatu edo enpresa batek, horien atzean ideologia zehatz eta indartsua dago, emakumeak zer egin behar duen erakusten duena, nahiz eta emakumea izateagatik errealitatean inork salbatzen ez zaituen. Ipuin horietatik gizartera jauzi handi bat dago. Irakurketa kritikoa egitea falta da, batez ere eskoletan. Baina ez dugu asmatu eginda ematen dizkiguten gauzak auzitan jartzeko eta eztabaidatzeko lekuak sortzen. Lanean ordu piloa sartzen dugu, eta etxera heltzen garenean edozein txorakeria ikusi eta mundua ahazteko gogoa besterik ez zaizu geratzen. Eztabaidatzen ez den bitartean, irentsi eta irentsi besterik ez dugu egiten eta irentsitako hori buruan geratzen da; ondorioz, izugarrizko nahaste-borrastea sortzen da izan nahi duzunaren eta eskatzen dizutenaren artean.

Zergatik da hain garrantzitsua umeek irakurtzea, zergatik dago irakurri beharra?
Ni “behar” hori kendu nahian nabil, baina ez da erraza, “behar” hori oso euskalduna delako eta oso sustraituta daukagulako. “Nahi” aditza sartzen ahalegintzen naiz. Logikoa da ume batentzat beste gauza batzuk askoz ere errazagoak izatea, makinatxo horiek adibidez, baina liburuek gauzak beste era batean irudikatzeko aukera eskaintzen dute, baita gauzak beste pertsona baten ikuspuntutik ikusteko eta bizitzeko aukera ere. Bizi, bizi daiteke libururik gabe, baina irakurtzen duen ume batek hizkuntza aldetik trebetasun gehiago ditu, diskurtsoaren kohesioa ere barneratuago dauka,... Baina irakurri “behar” hori pixka bat lasaitu behar dela uste dut, beste bide batzuk bilatu behar ditugu umeak liburuetara modu goxagarri eta dibertigarriagoan iristeko. Gaur egun utopia da, baina nik horretan sinesten dut, oro har gustuko gauzak gogoratzen ditugulako eta gauza onekin geratzen garelako.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta