EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria > Hemeroteca

Berria

2010-01-24 Amaren aholkua alabari | Imanol Mercero

Ipuin moderno hau narrazio mitologiko-mitikoaren eitearekin osatutako kontakizuna da, irakasgai bat proposatzen duena, sinboloz eta iradokipenez betetako ibilbide narratiboan.

Ama batek, ama guztietatik edonor izan zitekeen ama batek, irakaspen magistrala eman nahi dio alabari, bizitzaren aurrean izan beharreko jokamoldea zehaztuz, zer gerta ere, bera han ez dagoenerako, bere burua bakarrik defenditu behar duenerako.

Gutxi-asko, hau kontatzen digu Arrietak: Izenik gabeko andre hark ezin du haurrik eduki eta laguntza eskatu dio Basoko Andereari. Honek hazi bat eman dio erein dezan. Andreak zaindu ditu jaio zaion landarea eta haren baitatik jaio den umetxoa, eta, nola ez, Lorea jarri dio izena. Ama hark, ama guztien isla den ama hark, daukan guztia eman dio Loreari, eta dakien guztia irakatsi. Eta Lorea hazi denean, ama hil egin da. Baina mezu bat utzi dio, hosto batean idatzirik: «Ekin zeure bideari». Horra. Eta loreak bere bideari ekin dio, aurrera egiten du, amak aholkatu bezala. Txitxarra zitalari aurre eginez. Sasietan erorita ere aurrera eginez. Hartz kumearekin arrosa oheetan gelditu ordez, aurrera eginez. Urpean, aurrera eginez, beti aurrera, ekinaren ekinez. Ama ere ikusiko du urpean, baina arraro, desberdin, eta honek ondo ari dela esango dio, ekiteko bere bideari. Eta uretatik aterako da, hondartzara, izaki batzuekin topatzeko, globo aerostatiko batean seiak, Lorea eta bost izakiak, hegan joateko, beste leku baterantz. Norantz?

Ilustratzaileak, Aitziber Alonsok, tonu mitologiko-sinboliko bertsua erabiltzen du kontakizunaren haria josteko, fantasiazko elementuekin orobat. Besteen artean, landare fantastikoz betetako basoan kokatzen gaitu, inoiz ikusi gabeko landarez inguratuta. Heroiak ametsezko lorategi arrosak topatzen ditu, sabaitik loreak -eta eskailerak- lanparatxoekin dilindan dariela, azpi guztia zetazkoak diruditen lorez betea, hartz kumearen magalean betiereko ametsean sartzeko gogoa ematen duten giroan. Itsaso azpia karakola erraldoiz betea agertzen zaigu, haien baitan iluntasunetik izaki ezezagun batzuek -agian izpirituak?- begi pare bana erakusten dutelarik, giro hotz eta desatsegina sortuz. Amaierako izakiak ere, globoan Lorearekin doazenak, erabat estrainioak dira, aurpegiera hutsarekin, biribil zurbil batean bildutako begi-aho arrastoak baino ez dituztelarik buru gisara.

Zalantzarik gabe apustu arriskatua egin dute egileek, bilduma honi ohikoa zaion eran. Liburu hau OKER sailaren hamabigarrena baita, eta jadanik ezaguna zaigun parametroetan kokatzen da liburu hau ere: testu labur eta iradokitzaileekin eraikitako kontaketa, kolore eta letra-tipo ugarirekin jolasean, irudiaren parte eta ia irudi bihurtu arte testua bera ere.

Nire iritziz, Agur, ama! lanak diskurtsoa sinboloetan galdu du, indar larregi jarri da mezua zabaltzen eta testuaren sintetikotasunak mesede baino kalte egin dio halako asmo sakoneko lanari. Interpretazio zaileko elementu gehiegi daude: amaren heriotza (sinbolikoa?), hartza (maskulinitatea?), bidaideak (???). Ideia xumeago batekin eta sinpleago jokatuz, esan beharrekoa errazago eta argiago esan zitekeen: ekin zure bideari maitea, ez amore eman, heldu gogor sinisten duzun horri.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta