EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Xabier Soubelet Laskibar 'Xubiltz' > Hemeroteca

Berria

2009-3-22 Hipotesi egile apetatsua | Bixente Serrano Izko

Halako arnasa oteizarra du Xabier Soubelet Xubiltz pertsona polifazetikoaren saiakera-narrazio liburu honek. Oteiza bere intuizioak, imajinazioak eta gogoak euskal izpirituaren erro historiaurrekoen bila jarri zuen, eta berdintsu dihardu Xubiltzek liburu honetan, euskararen, eta are mintzamenaren, jatorriari eta eraikuntzari buruzko hipotesi fantasiatsu bat asmatzen. Saiakera «ez da batere zientifikoa, nahiz eta fonetikan, fonologian eta antropologian elementu batzuk zurkaiztu», idazlearen beraren hitzetan. Hala, artista baten irudimen beroak eramanik, askotan elkarrekin bateraezinak diren hizkuntzalari, etnologo, folklorezale, euskararen apologistak-eta koktelera batean sartu, astindu eta apetazko zaporeko edabe berri bat asmatu du.

Bi narrazio du liburuak, egilearen hipotesia kontakizun bihurturik: Izotzetik izanera izenburukoa, liburuari titulua eman diona, eta Alizerria, Lewis Carrollen pertsonaiaren eta mintzoei buruzko haren gogoeten oroitzapenak burura ekarri dizkidan titulua duena. Bietan, gramatika unibertsal halako baten eredu natural gisa sortu izan balitz bezala ikusten du euskara, bi aro historikotan. Lehen aroa, azken glaziazioaren amaieran hasia, gizatalde batek Paleolitoko izotzetik bertze bizimodu epelago eta eskaera komunikatibo berrietako batera igaro behar izan zuenetik gaur arte; bigarren aroa, fikziozko gero batekoa, planetaren berokuntzak eta gizakion ahalmen suntsitzaileak ekarriko duen bertze kataklismo klimatologikoaren osteko balizko gero batekoa. Bietan, errotiko klima-aldakuntza banak ekarriko luke mintzamena hizkuntzetan gauzatzeko beharra. Protoeuskara bat, Würm glaziazioaren amaieratik aitzina gure euskara bilakatu dena; eta balizko etorkizuneko euskara berri bat, gainera omen datorkigun katastrofe klimatikoaren ondoren birsortuko dena.

Bi narrazio desberdin, bertzelako pertsonaia eta arkitektura narratiboetakoak, baina estu-estu loturik elkarrekin: lehen pertsonan mintzatzen den protagonista narratzaile berbera dugu bietan, eta bietan ekiten dio egitura berbera, euskararena alegia, duen hizkuntza baten sorrera eta egituratze gramatikalari. Konplexuagoa eta aberatsagoa da, ene ustez, lehen narrazioa, hiru planotan garatzen duena: historiaurrekoa, bere hipotesiak azaltzen dituen irakaslearena, eta tabernetan-eta elukubrazio jolastiak egiten dituen lagun talde parrandazalearena. Hirugarren planoko lagun talde hau idazlearen errealitateko konpainia nobleak, irakurle frankori ezagunak izanen zaizkion izenak mozorrotu gabe, eta hainbat hizkuntzalarik, etnologok, antropologok, artistak-eta, zenduak gehienak, oraindik bizirik bertze batzuk, osatzen dute. Saiakera fantasiatsua den aldetik, badu astun eta aspergarri bihurtzeko arriskua, baina egitura narratibo horrek airoso saihesten du amildegia. Bigarren eleberria linealagoa da, plano bakarrekoa, baita erromantikoagoa ere, baina, ene ustez, gutxiago landua narrazio gisa, presaka garatu nahian ibili izan balitz bezala.

Idazleak irakurleari proposatu dion jolas poetikoaren barnean, iradokitzaileak dira gehienetan hala hitzen sorrera eta etorrerari buruzko asmazioak nola adizkien sorkuntza. Bertzalde, narratzailearen hizkerak, irakurlearentzat ezezagunak diren adizki trinkoez josirik (maiz, adizki arkaiko eta galduak, baina oin-oharretan zer diren azalduak), asmaturiko hizkuntza baten aurrean gaudelako sentsazio eta giro halako bat sortzen du.

Jostailu bitxia Xubiltzena, beren neuronak eta irudimena hegan jartzeko nahiari eutsi nahi dioten irakurleentzat.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta