EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Uxue Alberdi Estibaritz > Hemeroteca

Berria

2007-03-011 Gogoaren hotzaldiak | Iratxe Retolaza

Aulki bat elurretan liburuko narrazio gehientsuenak Suedian lekutu dira. Baina, narrazio hauetan begirada biologikoa, soziologikoa eta historikoa bazterrean utzi da, eta Suediaren paisaiari begiratu zaio, betiere pertsonaien barne-paisaiaren berri emateko aitzakian. Hau da, jendearen barne-giroaren eta kanpo-giroaren arteko harreman hori agerrarazi nahian.

Jakina, Suediako paisaia eta giro horrek zuritasuna eta hoztasuna ditu ezaugarri nagusi, eta hartara, pertsonaien nortasunak ere ezaugarri bi horien bidegurutzean sortu dira. Kolore zuriak garbitasuna, perfektutasuna edota hustasuna iradoki izan ditu, eta ondorioz, elurrez eta izotzez estaliriko narrazio hauetan, pertsonaiak ere hiru sinbolo horien inguruan dantzan garatu dira. Aulki bat elurretan eta Xake mate narrazioetako pertsonaia nagusia den Sven gaztea, esaterako, zuritasun eta hoztasunaren erdian bere burua bakardadeak jota sentitzen du, inperfektutasunak jota, hustasunak jota, eta horregatik, elurraren eta paisaiaren zuritasun horrekin bat egitea izango du helburu nagusi, perfektutasuna lortzeko bide bakar. Edo, esate baterako, Munchen koadroak lapurtzen dituzten senar-emazteek ere, haien harremanean sorturiko hustasuna baretzeko egingo dute lapurreta. Baina, zehatzago esanda, pertsonaien pasioek sorturiko eta eragindako izozteak dira kontatu nahi direnak. Pertsonaia gehienek, bada, barneak izozturik dituzte, beroari ihes egiteraino, kolore gorriari ihes egiteraino, pasio-uneak elipsira eramateraino. Edota, berotasun horiek non bilatu ez jakiteraino.

Nabarmentzekoa da narrazio hauetan paisaiaren irudiak eta pertsonaien barne-hotzaldi horiek erkatzeko egindako irudi-jokoak. Ez da harritzekoa, beraz, narrazio hauetako tonua eta fokalizatze nagusia hoztasun horretan ere pausatu izana. Begi lasai eta patxadatsuak, begirada urrun eta hotzak dira nagusi, zuritasun eta hoztasun horrek ere narratzailea bildu izan balu bezala. “Baina, zertarako busti, lakua ederra badago horrela, izoztuta” (70. or.). Beroari ihes eginez, beroari beldur, eta edertasuna-lasaitasuna-oreka hoztasunari eusteko aitzakia.

Narratzailearen hoztasun hori eta edertasuna irudi zuriz emateko gogo horrek kontatu asmo denari egoki erantzuten badio ere, zenbaitetan hotz samar utzi du irakurle hau. Izan ere, irudietan eraginkor eta iradokor diren narrazio askotxo, irudi hauen joskeran hain eraginkor eta iradokor ez ditut sentitu. Beharbada, nire gustu literarioaren ondorio baino ez dena.
Hala ere, narrazio-liburu honetan badira bi narrazio bero-bero gozatu ditudanak. Oraindik tango bat zor dio narrazioan irudi horiek guztiak ederki josi direla irudi zait, eta narrazioan zehar garaturiko bi pertsonaia horien ikuspuntuak Suediako taberna batean harrigarriro uztartu direlako sentipena izan dut.

Askoz ere berritzaileagoa da Bon Jovi narrazioa, bildumako gainerako narrazioetatik urrunxe dagoena. Narrazio honetan taxi-bidaia batean gidariaren eta bezeroaren arteko harremana eta egoera irudikatzen da, baina, bi pertsonaia hauen ikuspuntuak lerroka tartekatzen dira, lerro bakoitietan bezeroarenak, eta lerro bikoitietan taxistarenak. Narrazioaren ohiko jarraikortasun hori zalantzan jartzen duen teknika honek harritu nau, eta ikaragarri gozatu dut pertsonaia batetik bestera jauzika ibiltzeko, eta lerroetan gora eta behera nahierara ibiltzeko aukera.

Nire ustean, bi narrazio hauetan landuagoa da pertsonaien ikuspuntua, beroagoa da hoztasun horien berri emateko bidea, izan ere, hoztasunera eraman dituzten horiek gehixeago arakatzen dira eta hurbilagotik kontatzen dira.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta