EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Uxue Alberdi Estibaritz > Hemeroteca

Elkar

2009-05 "Gertaerak eurak baino inportanteagoak direla pertsonaiak eta pertsonaien izaera" |

Oraingo liburua Aulki-jokoa da eta zure aurrekoa, aldiz, Aulki bat elurretan. Jarraipena al da?
Ez alderantziz. Egia esan, aulkien bila baino gehiago, aulkietatik ihesi ibili naiz. Idatzi ahala konturatzen nintzen hiru aulki garrantzitsu zeudela liburuan, baina ez du zerikusirik aurrekoarekin, ez estiloan, ezta gaietan ere. Gainera, izenburua saihesten saiatu naiz, baina azkenean liburua biltzen duen metaforarik onena iruditu zait Aulki-jokoa. Kasualitateek horrelako indarrarekin jotzen dutenean kasu egin behar zaiela pentsatzen dut, eta horregatik halaxe gelditu da.

Eta metafora horrek biltzen duena zer da? Zer da Aulki-jokoa?
Aulki-jokoa bizitzaren metafora da. Denok gabiltza dantzan aulki batzuen inguruan, baina beti egongo da dantzan ari garenak baino aulki bat gutxiago. Aulki-jokoko protagonistak 80-95 urte artekoak dira; atzera eta aurrera dabil liburua, beraien gaztetako istorioak eta gaur egungo elkarrizketak kontatuz. Alde batetik hiltzen doaz, adinagatik, naturak horrela eskatzen duelako, eta fisikoki ere hori ikusten da nobelan: norbait hiltzen denean, bertako gozotegiko langileak aulkia hartu eta beste mahai batera eramaten du, jendea tente baldin badago. Horretaz gain, beste bi aulki garrantzitsu ere badaude nobelan, eta aulki horien jokoa ere bada.

Liburu honek Joseba Jaka beka jaso zuen eta bekara aurkezteko proiektu bat idatzi behar izango zenuen. Baina hasierako proiektu hartatik azkeneko emaitza honetara aldea dago, ezta?
Bai, nik uste dut fikziozko lan gehienetan bezala oinarria errealitatean daukala, nahiz eta emaitzak ez daukan errealitatearekin zerikusirik edo, zerikusia baldin badu, ez den egiazko historia bat kontatzen dena. Nire oinarrizko proiektu hartan zaharren koadrila bat nuen buruan, hamaika ziren koadrila hartan. Irudi horretan aitona-amonak azaltzen ziren gozotegiaren txoko batean hamaika makilarekin. Hamaika makila horiek hor gelditu zitzaizkidan oihartzun bat bezala.
Nobela idatzi ahala konturatu nintzen ez nuela lan etnografiko bat egin nahi, nahiago nuen psikologian oinarritu, pertsona batzuen arteko trama izan zedin. Orduan hamaika makila horietako batzuk traba egiten zidatela ohartu nintzen. Liburua erdibidean zegoela Iñigo Aranbarriri pasa nion eta pertsonaiak sobran zeuden susmoa zuela esan zidan; urte eta erdi pertsonaia batzuekin lan egin ondoren, gogorra egiten zitzaidan egun batetik bestera akabatzea, baina azkenean hiru-lau pertsonaiaren artean egituratu dut nobela.

Protagonistak bakantzearekin batera, hasieran aurrean zenuen errealitate hartatik askatuz joan zara eta gertakarietatik zure irudimenera pasatu zara, ezta?
Bai, azken batean, nobelako gertakariak denontzat dira ezagunak, askorentzat niretzat baino gehiago, Gerra Zibilean kokatzen direlako eta nik baino gertuago bizi izan dutelako. Orduan konturatu nintzen, batetik, ezin nuela Gerra Zibila saihestu, adin horretako pertsona batzuen oroitzapenean marka handi bat delako; baina, beste alde batetik, ez nuen nobela historiko bat idatzi nahi. Orduan fantasia edo errealismo magikoa izan da horretarako bidea. Pertsonaia nagusiak zaharrak izateak asko errazten zidan.


Zeuk esana da gertaerak eurak baino inportanteagoak direla pertsonaiak eta pertsonaien izaera. Aurkez diezazkiogun irakurleari pertsonaiak:
Teresa:
Teresa nagusiena da eta nik maiteena dudana. Teresa errebeldea, inkonformista eta neurri batean bere garairako feminista da. Adibidez Kantoietan, herrian, ilea solte eramaten duen neska bakarra da. Teresak nobelan zehar gai sozialak ateratzen ditu. Bi begi nini ditu, begiaren ondoan orban bat duelako, eta beste pertsonaiek baino gehiago ikusten du: jendearen susmo eta asmo txarrak ikusten ditu, besteen ekintzak interpretatzen ditu. Alde batetik freskoa eta askea da, eta bestetik, aldiz, gordina eta gogorra izaten ere badaki.

Martiña:
Teresa eta Martiña oso lagunak dira. Martiñak bere gurasoekin oso harreman berezia du, aitarekin beti konflikto batean dago, aitak, justu, ez duelako onartzen bera bezalakoa izatea. Ama, aldiz, ausente dauka. Ama ez da ausartzen aita eta alabaren arteko konflikto horretan sartzen. Orduan, Teresa hartzen du amatzat. Teresa askea eta errebeldea den bezala, Martiña askoz ere korrektoagoa da, ez da bidetik irteten, baina bidetik irteteak erakartzen du. Teresa oso erakargarri egiten zaio eta batzuetan Teresa izatera ere jolastu dezake, baina berak badaki sekula ez dela bidetik irtengo eta neurri batean markatutako pausoak jarraituko dituela. Teresak gai sozialak lantzen dituen bezala, Martiñak harreman pertsonalen gaia ateratzen du.

Eulali:
Oso pertsonaia dibertitua izan da niretzat idazteko orduan. Haurtzaroan pisurik gutxiena izan duen pertsonaia da. Zahartzaroan hartzen du pisua. Gorra da eta bere gorreri horretan hasten da soinuak eta ikusten duena aleatorikoki nahasten. Hortik oso egoera bitxiak sortzen dira. Eulali ere errebeldea dela esan nezake, baina Teresak eta Eulalik ez daukate errebeldia berdina. Teresarena soziala eta erraietatik datorren zerbait da, eta Eulalirena jolastiagoa da, besterik gabe bizitzako azken urteak beste era batean bizitzeko modua izan daiteke.

Liburuan aipagarria da eraikuntza lan kontziente bat: bi denbora erabili dituzu, lehena eta oraina; hainbat ahots erabili dituzu hitz egiten ari den pertsonaiaren arabera, narratzaile batetik bestera pasatuz. Nola egin duzu “mekano” lan hori?
Hanka sartuz eta berriro piezak kokatuz egin dut. Ez nuen sekula nobela bat idatzi eta ez nintzen kontziente zeukan zailtasunaz. Gaur egungo historia guztiak gozotegiaren barruan kokatzen dira eta horrek laguntzen du. Elkarrizketak dira gehienak. Tarteka-tarteka pertsonaiak aurkeztuz doaz, eta batzuetan lehenago jakiten duzu iraganaren bidez zer gertatu zen, eta beste batzuetan ez. Adibidez, lehenengo kapitulutik jakin dezakezu Eutimio eta Martiña ezkonduta daudela, baina gero, bederatzi edo hamargarren kapitulua arte ez duzu jakingo nola ezagutu zuten elkar. Orduan, nolabait, suspensearekin eta denborekin jolasteko modu bat izan da. Intuizioarekin jolastu dut, fede dexente daukat.

Liburuan pasarte batzuk oso hunkigarriak dira. Baina esango nuke ez zarela horren bila ibili edo mugak jarri dizkiozula.
Bai, iruditzen zaidalako hunkigarriak diren momentu horietan muga pasaz gero galdu egiten duela momentuak berak, bai goxoek eta baita gogorrek ere. Adibidez hamar orrialdetan kontatu daitezkeen momentu oso gogorrak daude, baina iruditzen zitzaidan elipsi nahiko bortitzekin askozaz ere gogorrago jasotzen zirela momentu horiek. Beti esaten da: goxotasuna bai, baina goxokerian erori gabe. Bortitztasuna nahi nuen, baina ez bortizkeriarik. Azken batean, gertakariak denok ezagutzen ditugu eta zertarako hasi detaile desatseginak ematen nola izan den baldin badakigu? Pertsonaia horren psikologia ezagutzen baldin baduzu, badakizu zergatik egiten ari zaion gogor edo goxo momentu hori.

Amaitzeko, nobela bat idatzi duzun lehenengo aldia izan da. Berriro nobela idazteko asmorik bai?
Egia esan nobela idazten hasi nintzenean penitentzia bat izan zen niretzat. Nik istorio bat kontatzen nuen eta ikusten nuen ipuin bat ezin zuela izan. Istorio hori kontatzeko nobela bat izan behar zuen. Baina nire buruan “idatzi egin behar dut” pentsatzen nuen, nobela idaztera zigortuta egongo banintz bezala. Aldiz, idazten hasi nintzenean konturatu nintzen nobela batek aukera asko ematen dituela ipuinak ematen ez dituenak, eta alderantziz. Adibidez, pertsonaien psikologian sakontzeko aukera ematen dizu.

Idazten pasa ditudan bi urte horietan, ipuina idaztea baino astunagoa egin zait. Aldi berean konturatu naiz pertsonaiak ez direla egoera konkretu batzuk kontatzeko aitzakia bakarrik, beraiekin batera bizi duzu nobela. Konturatzen naiz orain ipuin liburuak irakurtzen ditudanean, beste zerbait eskatzen diedala. Niretzat ipuin on bat ez da besterik gabe anekdota edo bitxikeria bat. Pertsonaiekiko lehen ez nuen lotura bat sortu zait nobela idazterakoan. Orain ipuinetako pertsonaiei ere ez diet utziko bitartekari hutsak izaten. Horretan garrantzia eman diedala iruditzen zait eta ezin ditut edozein modutara tratatu. Nahiz eta ipuinak laburrak izan, pertsonaia horiek sortu baldin badituzu, konpromiso batzuk dauzkazu berekiko.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus