EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ur Apalategi Idirin > Hemeroteca

Berria

2009-11-28 "Kanpoko begiradarekin soilik ari bagara, autodesbalorizaziora goaz" | Nora Arbelbide

Baionako Fakultateko ikertzaile, irakasle eta idazlea da Ur Apalategi (Paris, 1972); berriki, Ikerketak Zuzentzeko Habilitazioa eman diote, Saizarbitoriaren bigarren idazlealdia edo euskal literatur sistemaren berkonkista 1995-1996 gaiaz egin lanagatik. Bernardo Atxagaren obraz idatzi tesiari oihartzun berri bat ematen dion lana. Liburu formatuan argitaratzekoa du euskaraz.

Bernardo Atxagaren «lehiakide serio bakar» gisa aurkezten duzu Ramon Saizarbitoria; zergatik?
Adibide zientifiko bat emateko. Idurre Alonsok aurkeztu zuen doktorego tesian irakasleekin hainbat elkarrizketa egin zituen jakiteko nola hautatzen dituzten ikasleei irakurgai gisa ematen dizkieten obra literarioak. Hor, jada, sailkapena ikusten duzu. Atxaga da lehena, eta Saizarbitoria bigarrena. Horra elementu objektibo bat. Gero, sineste pertsonala dago. Bi autore horiek lehian daudela deritzot, bata bestearen parean. Obren irakurketak eramaten nau pentsatzera beraiek ere horrela bizitzen dutela.

Berkonkistaz ari zara baita, zergatik?
Saizarbitoria euskal eleberriaren modernizatzaile nagusi gisa kontsideratua izan da hainbat urtez. Gero, hemeretzi urtez isildu da. Lehen mailan egon eta Atxagaren fenomenoa agertzen denean, batbatean, baztertuta gelditzen da, eta ahantzia. Atxaga bihurtzen da euskal literaturako gunea, eta Saizarbitoria aspaldiko idazle bat. Bigarren mailakoa. Horregatik aipatzen dut berkonkista. Nire iduriko, Saizarbitoria idaztera bultzatu duen elementuetariko bat hori da, bere tokia galdu izana. Berreskuratu nahi izan du. Eta itzuli den Saizarbitoriak lehen mailako eleberriak idatzi ditu. Ni, bere obran, xede horren, anbizio horren aztarnak aurkitzen saiatzen naiz. Lehia horren aztarna alegorikoak. Bi modelo literarioen lehia badago. Euskal literaturaren kontzepzio ezberdinak dituzte, gainera, biek. Ez dira ados.

Zertan ez dira ados? Atxaga autore «triste» gisa aurkeztu zenuen zure tesian; Saizarbitoria, beraz, ez litzateke hain tristea?
Atxagak euskal literatura ikusten du begirada objektibo eta argi batekin. Kanpotiko begirada batekin. Mundu mailan kokatzen da. Eta mundu mailan euskal literatura zer da? Objektu literario periferikoa. Bera hortik abiatzen da bere literatura eraikitzeko.

Zure aurkezpenean etnodezentrismo neologismoa erabili zenuen horren izendatzeko, esplika dezakezu?
Etnozentrismoa da nire arabera mundu guztia epaitzea, nire zilborrari begira egotea. Etnodezentrismoa da ni bazter bat naizela. Eta hori onartu behar dut.

Horrek suizidio kolektibo batera garamatzala gehitu zenuen...
Niretzat, suizidio bat da kultur jardunean jarrera etnodezentrista batekin aritzea. Hau da, ongi iruditzen zait kanpoko begirada ukaitea, baina orekatuta, barne begirada sendo batekin. Kanpoko begiradarekin soilik ari baldin bagara, edo kanpoko begiradari uzten badiogu toki gehiegi hartzen, horrek autodesbalorizaziora garamatza. Iparra galtzen dugu. Une oro ari gara besteei begira, pentsatuz besteek dutela egiaren monopolioa. Besteek dutela bakarrik legitimitatea gu epaitzeko. Bien artean erdibide bat badagoela uste dut.

Saizarbitoriarena?
Ba, bai. Irakurle gisa, bere literatura irakurtzen dudanean, ematen dit neure buruaren, nire literaturaren ikuspegi askoz baikorrago bat. Atxagak pesimismoan murgiltzen nau. Euskal tradizioa erakusten digu gauza periferiko gisa. Saizarbitoriaren modeloa interesgarria da, hain zuzen, biak kontuan hartzen dituelako. Bere obran, modu alegorikoan aipatzen du zer zaila den norberaren kontzientzia positibo hori mantentzea, globalizatua dagoen mundu batean, kanpoko begirada ere etengabe hor daukagunean. Berak arazo hori bihurtzen du bere obraren gai nagusi.

Espainiako Narratiba sariak piztu zizun gogoa tesia Atxagaz idazteko; «epaitzeko legitimitateaz» ari zarela, sari hori izan daiteke adibide bat?
Nik uste dut tesian idatzi gauzak konfirmatuz joan direla. Jarraitzen dugu Narratiba sariak jasotzen Madrildik. Hirugarrena aurten erori da. Garbi dagoena da euskal literatura Atxagaren sariaz geroztik aldatu egin dela funtzionamenduan. Lehen, bere akats eta muga guztiekin, sistema buru askia zen, edo bederen autozentratua. Euskal idazleen arteko hierarkia euskal munduko idazle, irakurle eta kritikoek egiten zuten. Atxagaren sariaz geroztik non egiten da hierarkia hori? Ez Euskal Herrian. Sariak funtzio bat du Espainiako sistema kultural eta politikoan. Euskaldunak saritzen dituzte beraien interesen arabera. Beraiek duten Euskal Herriaren ulermenetik. Madrilek saria tarteka ematea badirudi halako pikura bat dela, oroitarazteko euskal literatura Espainiako sistema kulturalean integratua dela. Nik bederen hartzen diot neokolonialismo kulturalaren itxura. Hori erakusten du baita Idurre Alonsoren tesiak ere. Erakusten du nola euskal sariek ez duten eraginik, apenas, irakasleengan, obrak hautatzerakoan. Aldiz, Espainiako sariek, bai; zuzena. Hori froga ukaezina da. Noren errua den? Denona. Kolektiboa da. Hedabideek ere garrantzi izugarria ematen diote. Errudun dira baita idazle eta editoreak ere, sartzen baitira joko horretan.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta