EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Peru Magdalena Arriaga > Hemeroteca

Elkar

2008-10 "Gauza modernoek ez diote onik egiten gure bizitza espiritualari" |

Peru magdalenak (durango, 1980) “hutsik” kaleratu berri du, liburu guztiz berezia, poemaz eta marrazkiz osatua, denak ere berak eginak: testu guztiz labur, esentzialak, naturan topa litezkeen elementuetan oinarrituak: harriak, haizea, olatuak…

Lagun artean esan izan duzu testigantza liburua dela hau, ezta?
Umil aurkezten dut poemario hau. eta testigantza moduan sentitzen dut, bai. Irakurtzen ditut testuok beste baten batek idatzi balitu bezela. Buruak pentsatu baino, eskuak idatzi baino, nire begi hutsak ikusi ditu poemok. Eta ostantzean, umil diot aurkezten dudala, ni ez naizelako begi horrekin bizi uneoro. Peru ez dago hutsiken begi horiekin beti, egunero, eta testigantza utzi nahi nuen, hor geratu dadin, etorriko diren ni guztientzat, lagunen batzuentzat, eta bilobentzat igual. Eta betiko balizko horrentzat, noski.
Ez dira egunerokoaren testigantzak. Miresten dudan sentsibilitate tipo baten testigantzak dira. Ia geratzen ez den begiratzeko era batena. Izan eta mantendu nahiko nukeen argi eta indar batena.

Eta ia hitzik gabekoak egin dituzu, ezerezaren ertzean daudenak...
Eta baten bat ezerezaren ertzetik haratago pasatu bada, pozik.
Norbaitengan hutsa landatuz gero, hau da norberak huts horretan jarritakoa, hau da unibertsoak norbait horrengan jarritakoa, hau da hutsak unibertso horretan jarritakoa...
Norbaitengan guzti honen printza ñimiñoena landatu badu, pozik.
Eta bestela ere tristeegi ez, aizu. jaja.

Naturako elementuak dira nolabaiteko ardatza: olatuak, haizea, eguzkia, harria, mendia, loreak... Izadiaren kontenplaziotik sortu da liburua?
Bai, naturako elementuak. oinarrian, ez dago besterik. gizakion esentzia oso zaharra da. izadiarena are zaharragoa, edo jatorrikoagoa. Gaur egun inguratzen gaituzten gauza modernoek ez diote oro har onik egiten gure bizitza espiritualari. Bitarteko moduan kontsideratu behar ditugu, pisua kendu eta erraminta moduan erabili. Apur bat era amoralean. Ze, oinarrian, betikotik gatoz, eta horretan dago gure funtsa. Horiek dira gure energia iturriak. Betikoak.

Hala ere, ez da ikusten denaren deskribapen objektiborik egiten, horrek zugan sorturiko inpresio subjetiboak ere badira, ezta?
Nigan, eta gizaki bezala konektatzen gaituen geruza inkontziente amankomun batean, sinetsi nahi dut.

Nola izan da sortze-prozesua? dakigunez, kanpoan luzaroan ibili zara: bidaldian sorturikoak dira poemok?
Momentu jakin batzuk izaten dira, non eta, sentsibilitatea goratuta, pertzepzioa zabaldu eta inguru guztira barreiatzen den, nolabait esateko. Edertasunak edo bizitzaren oinarriak txundituta kontenplatibo geratzen zaren momentuak izaten dira. Eta momentu hauek, niri behintzat, geldi nagoenean gertatzen zaizkit, egonean, burua hutsik, atzera ez aurrerako pentsakizun eta ardura barik. Noski, guzti hau errazago ematen da bidaian, gure ohiko inguru ezagun eta kitzikatutik aparte. Hortik, bidaian idatzita egotea gehienak.

Eta marrazkiak zer jaio dira: testuekin batera, gero...?
Marrazkiak gerora sortu dira. antzerako estetikapean, familia edo atal bakoitzari bere gorputza eman guran edo. Irakurketa moteltzeko asmotan ere bai.

Izenburutik bertatik, bada halako kutsu oteizar bat, ezta?
Ezin ukatuko dut Oteizak eta bere proposamenek erakarri egiten nautenik. Indarra ematen didate. nigan daude bueltaka. Arketipo zaharrak pizten dizkidatela sentitzen dut.
Orain, Oteiza ez da momentu batean ere kontzienteki nire buruan egon ez liburuaren ez eta izenburuaren sorreran.

Bestalde, liburuaren arnasak, nolabait esateko, ekialdekoa dirudi; izan duzu halako inspiraziorik, edo keinurik edo...?
Kontzienteki ez behintzat. Nire eraginak izango ditut, baina inork uste baino gutxiago ziurrenik.
Ze, hori bai, begiratzeko erritmo horiek, kontenplazio estetika horiek, ekialdeko kulturetan oraindik presente daudela egia da. Gurean ez. Gaur egungo giro-azalean ez behintzat. baina, iturrira joz, kultura zaharrak, euren artean loturarik eduki barik ere, zantzu edo ondorio estetiko antzekoetara heltzen dira maiz. Eta gurean, euskaldunean, sinistu nahi nuke bestelako begiratzeko modu bat genuela gaur egungo superfizialitate honetara heldu aurretik. Orain berdin zaigu erreka bati edo deterjente pote bati begiratzea. Sentsibilitatea galdu dugu hainbeste estimulurekin.

Ipuin-liburu bat idatzi zenuen orain dela urte pare bat; orain poesia; zer izango da hurrena?
Umeentzat ere baden liburu bat kaleratuko da orain laster.
Eta ostantzean, hor jarraitzen dugu, gauzatxoak egiten, gure erritmoan.
Edozer, badakizu, begirada bizirik mantendu guran beti. planifikazio askorik barik, betiko lez.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta