EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Peru Magdalena Arriaga > Hemeroteca

Argia

2008-11-16 Banbu orriak | Igor Estankona

Haiku japoniar eder eta urrunek natura izan ohi dute hizketa gai –urtaro baten hasiera, emakumea bidexkan–, eta izpirituaren hostoak mugiarazten dituzte, errimarik gabeko lerro laburretan, hitz klabe bat oinarri harturik. Ez dute titulurik, eta puntuazio zeinuak zein maiuskulak ez dira derrigor erabili behar. Soilak izan ohi dira, pausatuak eta delikatuak, gogorrak ere tarteka. Oso doiak direnez harrigarriro konplexua da diotenaz guztiz jabetzea. Pentsakor eta hunkiturik utz zaitzakete. Eternoak dira.

Haikua laguntzeko, tradizioa izan ohi zen egileak berak marrazki bat eranstea piezari. Marrazkia ez zen izaten oso perfektua, eta zirriborro bat ere izan zitekeen. Peru Magdalenak liburu honetara dakartzan gehienak haiku klasiko-klasikoak dira, jator-jatorrak, marrazki eta guzti.

Baina haikua ez da bere itxura edo metrika, astelehenetan herriko kiroldegian egiten dutena yoga ez den bezala.

Haikua ia ez da literatura, ezpada aszetismoa, edertasuna topatzeko modu bat. Bashok bezala, Oteizak bezala, Igerabidek eta Sarrik bezala, Peru Magdalenak itxuraz garrantzi gutxikoa dena espiritualizatzea lortzen du. Hutsik da liburu bat ikaragarria, Joseba Sarrionandia berak “isilaurrea” idatzi dio hitzaurrea barik, begirunez.

Lehenengoz zabaldu nuenean, pentsatu nuen erraza dela haikuan erortzea. Baina irakurtzen hasi eta pentsatu nuen erraza dela, baita, gauzak arinegi epaitzea. Poesia garbiaren esentziaren gaineko lezioa da Hutsik . Oraindik durundu egiten dute hainbat eta hainbat momentu gorenek: “lora bat jausten da/ eta hori da guztia”; “ez dago/ ilunpe guztiz ilunik// hontan indarra”; “biderik ez badago soilik bidaiatuko duzu”. Klasikoen artean dago hau, haizeari dedikatutako zatian: “Dantzan egiten du zuhaitzak/ harmonian// hosto bat”. Lainoen zatikoak ez dira haikuak zentzu hertsian, gogoeta edo poema laburrak baino, baina horiek ere gustura irakurtzen dira. Mendien inguruko zatian purutasun gaindiezina aurki dezakegu: “Ez dago mendirik”. Eta kito.

Andrei Tarkovski zinemagileak haikuaren hartzailearen zoriona definitu zuen, esanez irakurlea galdu egin behar dela konposizioaren sakontasunean kosmos batean legez, non ez dagoen ez goirik ez beherik. Azken poeman idazleak berak diosku zelan komeni den irakurtzea liburua, hau da, idatzi den modu berean: “Izan hutsa”. Be water, my friend.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta