EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

Irunero

2003-11 Vigo-Hendaia espresan espres egindako argazkia | Mikel Asurmendi

“Jeans-ak hozkailuan” da Patxi Zubizarretari irakurri nion azken nobela, orain hiru urte plazaratua. Oraindik ere nire baitan sentitzen dut —edo burmuinen sabaian— liburuak utzi zidan zirrara eta gustua. Oraindik orain “Barrikadak”ekin bizitako inpresioek oinzoletaraino jaitsi didate orduko zirrara —baita gustua ere—.

“Barrikadak” liburua literaturarako zirrara pizten duen nobela da, zinez. Zinez eta zinemarako idatzitako nobela baita, izan ere. Film baten estreinako irudiak liburuan datoz dagoeneko, Antton Olariaga ilustratzailearen eskutik.

Duela hogei urteko gizartea erretratatu digu Zubizarretak. Zeregin horretan bere gogo bizia eta begi zoliak tren baten barrena paratu ditu, Vigo-Hendaia espresak egindako ibilbidean. Euskal Herrian bizi dugun gatazka gaitzat hartu du idazleak, lan gaitza berez. Eta molde orijinala —eraikuntza aldetik— eta molde finez —funtsaren aldetik— ondu du kontakizuna. Gatazkaren argazki zirraragarria eta kontrastatua egin du nire gusturako.

Argazkia —argazkien sekuentzia edo filma— duela hogei urte egina izanagatik gaurko argazkia legez har dezakegu, Barrikadak erretratua bihurtutako argazkia da, hots, gure etxeetako paretetan instalatutako markoa. Eta nahiz markoa argazkiz argazki berritzen doan, berauek osatzen duten paisaia soziala azken hogei urtetan gurean instalatu den argazkia ia berbera dela ohartzen zara.

Idazleak osatu duen marko soziologikoa oso egokia da. Berau osatzen duten pertsonaiek —eta beren psikologia, nolabait esanda— orduko eta egungo gizartearen ezaugarriak biltzen dituzte. Nobelak begirada garbia eskaintzen dizu, taiuera bikaina, eta istorioa osatzen duten pertsonaien arteko elkarrizketak sentimenduz eta mimoz garatuta daude. Ingurumaria bertatik bertara sumatzen duzu, baita pertsonaiak ondo-ondoan sentitu ere.

Heldu iezaiozu nobela honi eta Vigotik Hendaiara doan trenari berealdiko segimendu egin diezaiokezun inpresioa hartuko duzu. Altsasu aldean, Aizkorri magaleko tunelen barrean sartu ahala, mundu bat aurkituko duzu, gurea, bere txikian lehergarria.

Barkatuko ote dit egileak nire adore eta atrebentzia. Horra: “Segi helduentzako eleberrigintzari ekiten euskal literaturaren maitaleen mesederako. Merezi duzun omena emanen baitizu. Zinez eta benetan!”.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta