EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

Diario Vasco

2003-07-06 Trenak | Felipe Juaristi

Ez da lehen aldia Patxi Zubizarretak irakurle helduarentzat idazten duenik. Bere idazle-sorreran, sorrera guztietan bezala, minez gehiago atseginez baino, heldu jendea zuen helburu. Baina gero, bizitzak bere bideak baititu adimenak edo arrazoimenak zuzen ez ditzakeenak, haur eta gazte jendea hartu zuen helburutzat, zorte eta arrakasta onez, dena esaterik badago behintzat, arrakasta txarrik ere gerta baitaiteke, eta gertatzen da, batzuetan. Barrikadak liburua, gainera, errealitateari lotutako testu-multzoa da, gure errealitateari lotutako hitz-andana, hain zuzen, eta hori ez da ohikoa Patxi Zubizarretaren baitan; ez da ohikoa, izan ere, Mila eta gau bat gehiago euskaraz txukun baino txukunago jarri duen idazleak fantasiaren lurraldean zehar ibiltzen baita gustuen. Baina ez dugu ahantzi behar Eztia eta ozpina izeneko liburuaren arrakasta ere, nolabait, errealitateari muzin ez egiteagatik etorri zitzaiola. Egia ere bada, beste errealitate bat zela, errealitate ezberdina, errealitate guztiak diren bezala, ez baitago errealitate bat beste baten antzekorik denik, edo bestela esanda, ez daude bi errealitate berdin. Errealitatea, izan ere, denik eta subjektiboena da, denik eta asmatuena.
Baina tira, errealitateaz ari garenenean, ezin albora utzi gure errealitate ziztrin eta gogor hau, gure errealitate gotor eta odol-gose hau. Patxi Zubizarretak trenak ditu maite (ordiziarra izatearen ondoriozko maitasuna, agian) eta trena da eleberri honetan pertsonaia nagusia. Eta trenaren bagoiak elkarrekin nola, halaxe lotzen dira bestelako pertsonaiak, haragi eta hezur diren gizon-emakumeak, elkarrekin. Horrela ikusiko ditugu gure begien aurretik (oso ikusgarria eta ikustekoa baita Patxi Zubizarretaren prosa, begien aurrera ekartzen digu paperean idatzita dagoena) emakume triste bat, senarra utzi duena; badaezpadako lapur bat; guardia zibil bat; gazte bat eta emakume bat, barrikada jarri ondoren gertatzen denaren lekuko aparta. Galtzaileak dira pertsonaiak, bizitzako feria honetan zorte handirik gabe ageri direnak. Eta oinarrian, indarkeria: dena kutsatzen eta bere eragina alde guztietara zabaltzen duen indarkeria.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta