EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteca

Argia

1990-02-04 Jesus, Marie eta Joxe | Josu Landa

Patxi Zubizarretaren aurreneko nobela hau erabat optimista da, gutxitan bezalakoa. Bidaia paralelo biren kronika da, baina bidaiak berak garrantzi gutxienekoa dirudi, Marokko-rainoko bidea peregrinaje ia izpiritual modura planteatuta dago, aitzaki formal bezala bi mutur nagusi agertzeko: protagonisten sustraietan dagoen iraganaldia, eta topagune gertatuko den helmuga.
Nobelako pisu haundiena Marie alemandarra eta Joxe euskaldunaren iraganaldiko pasadizuek hartzen dute, eta berorien pisuak kasik anekdota hutsa izatera mugatzen dute bidaietako istorioa. Aro berri bati ekiteko arrazoien pilaketa gertatzen dira iraganaldiko pasadizuok, punto eta aparte berria suposatuko duen Marokkoko enkontrua indar afektiboz kargatuko duen flash-back metaketa.
Patua edo kasualitatea izan daiteke Marie eta Joxe elkartuko dituen enkontrua aurreikustarazten duena. Pertsonaien izpiritu hippie dominanteak patua dela sinistera gamaramatza, baina nobelaren estiloak eta tajukerak bigarrena sujeritzenago dute. Edozein kasutan, bukaera hori gabe zentzurik ez luke nobelak. Ikuspegi horren ildotik, enkontru hori ia magikoa da, elkar hizketarik ez dago hitzek magia hori zapuztu zezaketelakoan, enkontru baino hurbilketa delako, topaketarekin batera amaitzen delako nobela (nobela bukatu baina bizimodu berri baten hasiera dela pentsa daiteke).
Patuaren marka eta aipatutako izpiritu nagusiaz aparte, bi elemendu dira nobela gorpuzten dutenak. Bata, Marie eta Joxeren historia azaltzen diguten gertaerak, bi klabetan kondatuta: poetikoa eta umoristikoa. Gertaerak tragiko aldera jotzen duenean, tonu poetikoz ematen du Zubizarretak. Gainerakoetan, pasadizo umoretsuak erreskatatzen ditu, txiste hutsak askotan. Guzti horrek gaxte izaera indartu egiten dio nobelari. Patxik hizkuntzaren erabilerari berebiziko garrantzia eman diola begibistakoa da, azkenik, baina batzutan hizkuntz jolas horiek doanezkoak dirudite (izenburuaren hitz-jokua kasu). Elemendu ugariz osatutako egitura orekatuak ematen dio nobelari oinarririk sendoena.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta