EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Deia

2004-11-23 Trenari begira | Igor Estankona

Ilustraziotik hona klase sozial guztiak bat etorri izan dira: historia beti doa aurrerantz eta pausu bakoitzak euren teoria berresten du, euren etorkizuna gerturatzen. Egon dira horren kontrako erreakzioak ere, noski, baina orokorrean garapenaren zorabioa aurrerabidearekin identifikatu izan da. Garapena eta aurrerapena, baina, ez dira gauza bera. Historiaren koxketatik intelektualek beti galdetu dute: hobeto al gaude? Artez al goaz? Pako Aristik atzera begira hitz egiten du maiz patuaz, eta horregatik galdera biek bat egiten dute liburu honetan. Halako ezkerreko kontserbadurismo kirats bat darie, ezinbestean, bere protestei. Idazlearen idealizazioa, lanordu errepikakorren segurtasunean bizi denari emandako belarrondoko bat edo beste, teleikuslearen alienazioa… XIX. mendean trenbideko langileei mespretxuz begiratzen zien nekazaria dirudi batzutan Urrestillakoak, baina erakarpen izugarria sortzen du irakurlearengan.

Baikortasun tragikoa? Ezkortasun neurtua? Ze demonio da orduan “Libreta horiko poemak” eta “Gauza txikien liburua” zirraragarri bihurtzen dituen sermoi tonu hori? Aldarearen hoztasunetik barik pairamenaren berotasunetik idazteak ematen dien benetakotasunak, uste dut, zerikusi handia dauka, bai baitirudi denborek ekarritako aldaketen aurrean babesgabe sentitzen den tradizionalista baten berbak direla, eta geldiro aztertuz gero, ordea, laster konturatzen da bat inkonformistaren buruargitasuna dela, ongi ikasien azotea. Gizon amultsu baten idazkiak latzak izan ditezke, eta Pako Aristi aspaldi honetan latz dabil, idazlearen eta pertsonaren nahigabeari buruzko gogoeta ausart bezain bikainak opatu nahian. Horren aurrean makurtzen naiz, nahiz eta liburuaren aurrean ez makurtu.

“Sentimenen heziketa” lau orrialde eskaseko narrazio bat da. Organoa jotzen ikasiz perfekziora, jakituriara eta maitasun benetazkora iratzartzen denaren bizipenak deskribatzen ditu. Istorio itxuraz single horren bidez eufemismorik gabeko bizitzaren egiara hurreratzen gaitu. Bada, lerro labur horiek irakurtzearren baino ez bada ere, bene-benetan gomendatu gura genuke liburu hau. Indartsua da, kontraesankorra, eta gizartearen zutabe ustez sendoetako sitsak astintzen ditu. Bide batez, gainera, zure onetik aterako zaitu. Eta zenbat denbora da literaturak ez zaituela zure onetik ateratzen? Lar, seguruenik.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta