EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteca

Eusko Sare

2007-12-08 "Nire liburuen bidez gaztea bere kasa pentsatzen has dadin saiatzen naiz" | Ainara Iraeta Usabiaga

Durangoko 42. edizio honetara hiru libururekin zatoz. Udan lana egiten duen gizona, Miren nunca mais eta Bassarairen eskutik gaztelerara itzulitako Tres cuadernos y un destino.
Bai lehenengoa artikulu bilduma bat da, azken hamar urteetan Egunkarian eta Berrian argitaratu ditudan artikulu sorta hain zuzen eta Miren nunca mais, gazte literaturan sailkatzen den sormen lana da.

Haurrentzat eta gazteentzat lan ugari idatzi dituzu.
Bai aldikako kontua izaten da, boladak izaten ditut eta mundu horretatik gertuago sentitzen naizenean idazten dut gaztetxoentzat. Oso mundu berezia da, izan ere, idazkera aldatu egin behar da eta sintaxi aldetik eta deskripzio aldetik beste estilo bat garatu behar du idazleak. Liburu mota hauek akzio gehiago behar dute eta mundu intelektual eta ideologikoa baino, ekintzez jositako istorioak izaten dira, pertsonaia bakoitzari bere barruan pasatzen zaiona ekintzen bidez azaltzen baita. Sintaxia sinpleagoa izaten da, errazagoa baina sinpletasuna ez da beti errazena izaten.

Eleberria, poema, haur eta gazte literatura, artikuluak... Denetatik idazteko gaitasuna erakutsi duzu.
Kontzentrazio kontua da nire kasuan. Boladak izaten dira gainera. Adibidez aste pare batez haurrentzat idazten duzu baina gero, amaitzean, mentalitatea aldatu behar duzu eta beste zeregin batean hasi. Orain, adibidez, irakurketa prozesua aztertzen ari naiz eta liburu kolektibo batetarako gai hau lantzen. Honetarako ezin duzu noski haurrarentzat idazten duzunean bezalako mentalitatea izan.

Zure poemak narratiboak bezala definituko zenituzke kritikoek dioten moduan?
Azken hamarkada honetan, hizkuntza askotan ,poema narratiboak modan jarri dira eta hainbat hizkuntzetan hauxe da lantzen ari den poesia. Mundu mailan erreferente bezala idazten ari dena poesia narratiboa da, poesia garbiagoa eta sorpresa bilatzen duena. Garai batean, poesia hermetikoagoa zen, itxia, oso sinbolista eta irakurleari lan handia eskatzen ziona. Era berean, irakurleak ez zekien irakurtzen zuenean interpretazioarekin asmatzen zuen edo ez. Orain poesia praktikoago bat egiten da, bertsolaritzaren antz gehiago duena, azken esaldian, azken puntuan sorpresa bat sortarazten duena. Sarritan ikastetxeetan poesia tailerrak ematen ditut eta kasu horietan Peio Otxotorenaren poema bat erabiltzen dut. Poema irakurtzen zoazen heinean kontatzen du gizon batek nola dantza egiten duen bere amodioarekin udan, bere besoetan ferekan nola egiten zuen, malkoez ere mintzatzen da... Badirudi bere amodioa dela baina azkenean haurra dela ohartzen da irakurlea. Sorpresa hori ematen dizu.

Zer eskaintzen die zure liburuek gazteei? Gazteek gero eta gutxiago irakurtzen dutela esaten da.
Gazteek gaur aisialdirako aukera gehiago dute. Nik gaztea hiru haritatik helduta dagoela ikuste dut. Bata, bere gurasoak dira, haiek munduaren ikuskizun bat ematen diote; gero eskola dago eta azkenik, liburuak daude. Ni saiatzen naiz liburuetan gaztearen psikologia puskatzen eta eskolan eta etxean ikasitakoaren aurrean, beste ikuspuntu bat ematen, bere kasa pentsatzen has dadin. Gauzak kuestionatzeko bidea da; nire istorioetan gauza ez zuzen asko azaltzen da, gaur egun zuzentasun politiko batean bizi baikara. Hori apurtzen saiatzen naiz eta gazteak bere kasa gauzak pentsa ditzala da nire helburua. Horrela, bakoitzak munduaz duen ikuspuntua osatuagoa gelditzen dela iruditzen zait.

Zein da zure ustez Durangoko Azokaren bertuterik egokiena?
Azoka erakusleiho handi bat da eta hori ona da, jendeak dagoena ezagutu dezan. Azken urteetan ordea argitaletxeen produkzioa polarizatu du eta sarritan aurretik prest diren liburuak ez dira aurkezten Durangoren atarira arte. Bestalde, urtean zehar desertu uneak sortzen dira eta Durangon aldiz gehiegikeria. Hori izan daiteke puntu negatibo bakarra nire ustez.

link

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta